50 konpainia batuko dira aurtengo Leioako Umore Azokan, horreetako 17 Euskal Herrikoak
2015-04-23 15:49 KultureaDanetara, berrogeita hamar konpainia batuko dira aurtengo Leioako Umore Azokan, horreetako hamazazpi, Euskal Herrikoak. Aurten, igaz baino bost konpainia gehiagok hartuko dabe parte, eta danetara 170 emonaldi eskainiko ditue. Erabateko hogeita bi estreinaldi izango dira, ganera.
Danetara, berrogeita hamar konpainia batuko dira aurtengo Leioako Umore Azokan, horreetako hamazazpi, Euskal Herrikoak. Maiatzaren 21etik 24ra bitartean egingo da jaialdia, Leioako hamalau gunetan. Urtero lez, aniztasuna da nagusi egitarauan: jantzea, antzerkia, zirkua, clownak, txotxongiloak, musikea... eta danek daukie umorea ardatz.
Bilboko Rekalde aretoan aurkeztu dabe 16. Umore Azokea Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Leioako alkateorde Iban Rodriguezek eta azokako zuzendari Ana Lopezek. Leioako Umore Azokeak bai Euskal Herrian bai nazinoartean bere tokia daukala esan dau Olabarriak, erakusleihoa da Leioarentzat. Horrezaz aparte, topaketea be badala ganeratu dau Rodriguezek, ikusleentzako eta profesionalentzako topaketea, hain zuzen be. Leku didaktikoa eta komerziala izatea nahi dogu, ikusleak eta profesionalak erakartea da gure asmoa.
Aurten, igaz baino bost konpainia gehiagok hartuko dabe parte, eta danetara 170 emonaldi eskainiko ditue. Erabateko hogeita bi estreinaldi izango dira, ganera. Hamabi euskal taldek euren lan barriak aurkeztuko ditue lehenengoz Leioan: Cielo Raso, Colectivo Hiriko, Dantza, Dikothomia, Ekoma, Ertza, Gaitzerdi, La pez, Muyuyai, Rouge elea, Twisting the balance eta Zirkozaurre taldeak. Ganerako taldeen artean Alemania, Portugal, Danimarka, Japonia, Frantzia, Italia, Herbehereak eta estadu espainiarrekoak dagoz. Umore Azokeak herri osoa eszenatoki bihurtuko dau, kaleak, plazak, errotondak eta bazter guztiak.
La Grosse B konpainia frantsesak, esaterako, Insert coin izeneko zirku ikuskizuna dakar Leioara; zuzeneko musikea, akrobaziak eta umorea. Zinema eszenetan oinarrituta Cinema Paradise dauka izena Japoniatik datorren Ti R mansion taldearen proposamenak. Kantaluniako makinatxu bat konpainia izango dira, besteak beste, Marcel Gros, Estampades eta XeviXaviXou.
Sortzaileek azokan egon nahi dabe, nabarmendu dau Lopezek. Halanda ze, eskarien kopuruak aurten be gora egin dau, 400 izan dira, igaz baino 100 gehiago. Azokeak kaleko artisten lanak erakusteaz aparte, sorkuntzea bultzatzen dau. Aurten hainbat euskal taldegaz kolaborau dabe, entseguetarako lekua itxiz, tetsua euskeratzeko laguntzea emanez eta abar, argitu dau Lopezek. Hortzmuga, Ekoma eta Dikothomia dira horreetako batzuk.
Hiru sari banatuko ditu Leiako Umore Azokeak: Euskal Herriko kale ikuskizunik onena, Kaleko ikuskizunik onena eta Artista/Ikuskizun barri onena. Azkenengo honek, ganera, hurrengo lana sortzeko Hameka gunean egotaldia egiteko aukerea izango dau.
Maiatzaren 21a baino lehen hasiko da azokea, izan be profesionalentzako ikastaro bi eskainiko ditue; bata, sare soazialei buruzkoa, maiatzaren 14an, Pepe Zapaterren eskutik, eta bestea, Frantziako Cacahuete konpianiagaz workshopa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!