Jantzearen Nazinoarteko Eguna ospatuko dabe hilaren 29an, Bilbon
2015-04-22 15:28 KultureaEuskadiko Jantza Alkarte Profesionalak, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Saila eta Azkuna Zentroa-Alondigeagaz alkarlanean, egitaraua antolatu dau nazinoarteko eguna ospatzeko, apirilaren 27an eta 29an. Sara Paniaguaren Un día / ocho horas performanceak hasiko ditu 29ko ekitaldiak.
Euskadiko Jantza Alkarte Profesionalak, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Saila eta Azkuna Zentroa-Alondigeagaz alkarlanean, egitaraua antolatu dau nazinoarteko eguna ospatzeko, apirilaren 27an eta 29an.
Apirilaren 29an, Jantzearen Nazinoarteko Egunean, sortzaile eta konpainien erakusketea izango da Bilbon, Azkuna Zentroa-Alondigan. Saioa Sara Paniaguaren Un día / ocho horas performanceak hasiko dau. Artisteak 10:00etatik 14:00etara, eta 15:00etatik 19:00etara, eszenarauko dau bere sorkuntzea jentaurrean.
Arrastian,18:00etan, nazinoarteko mezua irakurriko dabe, eta ostean, Feedback, Horman Poster edo Organik konpainien lanak ikusteko aukerea izango dabe, Azkuna Zentroa-Alondigan bertan. 19:00etatik aurrera, ikusleek artistetakaz berab egiteko aukerea izango dabe. Horrezaz gan, egun guztian, ADDE-k sortu dauen jantza arloko lanen katalogoan dagozan konpainien eta sortzaileen sorkuntzen zatiak jasoten dituan bideoa ikusgai egongo da Kulturen Atariko pantailan.
Nazinoarteko egunarean aurrerapen lez, apirilaren 27an, BilbaoEszenan Eva Guerrero eta Olatz de Andres artistekaz topaketea egingo dabe. Jantzearen sorkuntza prozesuaz berba egingo dabe. Hitzordua 19:30ean hasiko da. Sarrerea debalde da, baina izena emon behar da lehenago, info@addedantza.org helbide elektronikoaren bitartez
Urtero, 1982tik, apirilaren 29an, UNESCOren ekimenez, Jantzearen Nazinoarteko Eguna ospatzen da mundu osoan. Ekimen horrek jentearen arreta jantzearen kulturara hurreratu gura dau, ikusle barriak erakarri eta prestakuntzeari garrantzi emon.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!