Imanol Agirre: 'Udabarriaren bihotzean itsasargi bat ipini nahi dogu, geure kulturea ikusarazoteko'
2015-04-13 11:44 BarriketanLoraldia jaialdiko zuzendaria
Bilbo loratan izango da apirilaren 23tik 26ra bitartean, izan be Loraldia jaialdi barriak uriko makinatxu bat lekutara zabalduko dau euskal kulturea. Literaturea, musikea, zinemea, arte plastikoak, antzerkia, bertsoak... Dana euskeraz, eta dana Bilbon. Hamazazpi ekitaldi eskainiko ditu Loraldiak, eta 50 sortzaile baino gehiago batuko dira. Euskal kulturearen udabarriko erreferente bihurtzeko asmoz abiatu da Loraldia, eta urte askotarako ganera.
1.- Udabarria, Bilbo eta kulturea horrek dira Loraldiaren hiru zutabeak. Zergaitik udabarrian, zergaitik Bilbon?
Eta zergaitik kulturea, ez? Udabarriari jagokonez, hausnarketea aspaldikoa da euskalgintzan. Gure kulturea apur bat desorekatuta dago, gauza asko jazoten dira udagoienean Durangoko Azokeari begira, hainbat jaialdi, aurkezpen eta estreinaldi. Baina, ganerako hileetan ez da erraza euskal kulturea ikusarazotea. Oreka bat egotea nahi genduan. Udabarriaren bihotzean itsasargi bat ipini nahi izan dogu, geure kulturea ikusarazoteko.
Eta Bilbon, ganera. Ez dogu ezkutauko: bilbotarrak gara ekimen honegaz hasi garenak, Bilbon bizi gara. Bilbok badauka guretzat esanahi bat, eta erreferentzia izateko modu edo bide bat be bai. Alde batetik, Guggenheim museoa munduko kulturearen ikur bilakatu da; eta beste alde batetik, euskerearen historian Bilbo hainbat ekimen eta ekitalditan aitzindari izan da. Euskerearen historia aztertu ezkero, Bilbok leku nabarmena daukala ikusten dogu, "Bertan Bilbo liburuan agiri danez. Euskerazko lehenengo
aldizkaria Bilbon argitaratu zan, euskera batua sortu orduko Gabriel Arestik hemen idazten eban euskeraz, lehenengo euskaltegia, lehenengo kafe antzokua, lehenengo euskal antzerki talde profesionala, Atxaga eta Pott bandea... Bilbo aitzindaria izan da zentzu askotan. Historia horri jarraipena emon nahi deutsagu.
2.- Bilbon egin bai, baina Euskal Herri osoko artisten sorkuntzak izango dira Loraldian, ezta?
Jaialdia Euskal Herriari begira dago, Bilbotik Euskal Herrira, eta Euskal Herritik Bilbora. Euskal Herriko bazter guztietatik ekarri nahi dogu jentea, barritzailea, aitzindaria eta estreinaldia izango dalako. Zuberoatik, Arabatik, Gipuzkoatik... etorritako sortzaileak izango dira Loraldiko eszenatokian. Erreferente bilakatu nahi dogu Euskal Herrian.
3.- XIX. mendeko Lora Jokoekaz lotu dozue XXI. mendeko Loraldia, eta Anton Abbadia hartu dozue gidari. Ekimen desbardinak izan arren, amesa bera da?
Euskal Herriak, euskal kultureak istorioak behar ditu. Istorioen bitartez kontetan dogu zer garan, eta zer izan nahi dogun. Gure antxinako kultureak baeukazan istorio polit batzuk mitologian. Hainbat personaia asmau zituen ordukoek euren nortasuna eta ingurua azaltzeko. Guk be istorioak kontau nahi doguz, jaialdia sortzen hasi ginanean, konturatu ginan 150 lehenago, Lapurdin, Anton Abbadiak, antzeko ideagaz, Lore Jokoak ipini zituala martxan. Euskerea eta euskal kulturea munduko mailara eroan nahi zituan. Helburu horregaz hasi zan lanean, eta guk be helburu berbera daukagu. Euskal kulturea ezkutauta dago, lokartuta baino baztertuta dago oraindino.
XIX. mendean Abbadia mundu osoan zehar ibili zan. Dublinen jaio, eta han bizi izan zan bere bizitzako lehenengo hamar urteak, eta bertan ikasi eban euskerea. Ostean, hamar hizkuntzatik gora ikasi zituan, hainbat afrikar hizkuntza, adibidez. Frantzian zientifiko handitzat euken; Zientzien Akademiaren zuzendaria izan zan. Aitarengandik txikitan ikasitako euskerea beste kulturen mailan ipini nahi izan eban. Humanista bat izan zan. Lekukoa hartuko deutsagu guk orain. Berak asmau zituan Lore Jokoak, eta ez ziran beti udabarrian ospatu, baina lorak eta udabarria beti lotuta dagozanez, guk Loraldia sortu dogu. XXI. mendeko Lore Joko modernoa izango da Loraldia. Ez daukie zerikusirik Abbadiarenak eta gureak, baina asmoa eta nortasuna bera da.
4.- Jaialdiak produkzino propio bi aurkeztuko ditu, batek Anton Abbadia bera izango dau protagonista. Eta horrek emongo deutsa hasierea Loraldiari.
Abbadiak inaugurauko ditu, bai Lore Joko modernoak. Formatu txikiko ikuskizuna egin dogu, eta 23an, Arriagako Foyerrean eszenarauko da. Jantzea, musikea eta antzerkia ditu osogai. Jon Maiak sortu dau koregrafia eta Kukai jantza taldeak eta Arkaitz Miner musikariak interpretauko dabe. Eta Aitor Mazo aktore handia izango da Anton Abbadia; berak kontauko deusku nor izan zan, zelan ibili zan munduan zehar eta bere mundu-ikuskerea azalduko dau. Ikuskizuna beste bi bider errepetiduko da, leku eta modu desbardinean. Barikuan, hilaren 24an, Rekalde Aretoan, Patxo Telleriak idatzitako bakarrizketea eskainiko dau Aitor Mazok. Eta, zapatuan, Campos antzokian, Lapurdiko Etorkizuna jantza taldeak, musikariekaz batera, eskainiko dabe ikuskizuna. Koreografia hau be Maiak sortu dau.
5.- Anton Abbadia ezagutzeko hiru aukera, beraz. Ezagun-ezaguna ez da eta askorentzat...
Guztiz ezezaguna da. Guk euskaldunok gure historiagaz arazo larriak daukaguz, transmisinoa ez dogu ondo egin, eta gaur, oraindino, Abbadia ez da eskoletan ikasten. Gitxik dakie ze garrantzitsua izan zan, eta Agosti Xaho be hor dago. Abbadiaren historia berreskuratu nahi genduan, transmisinoa bermatu edo bideratzeko. Transmisinoa da gure helburuetako bat, hau da, gure euskal historia ondo ezagutzea. Abbadia gure historiako persona handi bat da, leku esanguratsua daukana. Lanean segiduteko asmoa daukagu, bagabilz Frantziako Zientzia Akademiagaz alkarlanean Abbadiaren inguruan zeozer egiteko.
6.- Danetarik egin eban Abbadiak, harrigarria da hain ezezaguna izatea, ezta?
Esploratzailea izan zan, Etiopia Euskal Herrira eta Frantziara ekarri eban. Frantzian, Abbadiaren sasoian, Afrikako kulturak gitxiagotzat eukezan, baina berak errespetu osoz tratau zituan kultura guztiak. Oso aurreratua izan zan, ikuskera oso modernoa eukan, aurrerakoia zan. Gaur egungo persona bat dala esaten dogu guk, gaurkotasun handikoa.
Mendizalea be izan zan, 4.000 metroraino igon zan lehenengo euskalduna izan zan, dokumentauta dagoan lehenengoa behintzat. Zientzilaria, astronomoa, lurrikarak neurtzeko makinea ipini eban bere etxean. Ikaragarria zan.
7.- Miguel Unamuno beste personaia historiko bat be protagonista izango da Loraldian. Harek, barriz, ez eban euskerea lar maite. 1901ean, Bilbon egindako Lore Jokoetan Unamunok botatakoei erantzungo deutsie Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusek hilaren 25an, Kafe Antzokian.
Unamuno euskalduna zan, ez dakigu zergaitik esan zituan esan zituanak euskerearen kontra. Bilbotarra zan, eta pentsalari handia. Gure euskal kulturearen partaide izan zan. Zergaitik ekarri dogun? Joko polit bat egingo dogu berak esandakoen harira. Zapatuan, ehun urte atzera egingo dogu, 1901eraino joan gara. Orduko Lore Jokoetan Resurrección Maria Azkue, Sabino Arana, Maeztu eta beste hainbat intelektual egon ziran. Bertso-bazkari bat egingo dogu zapatuan, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusegaz. Orain ehun urteko Bilbo erakutsiko dabe, Unamunok gaztelaniaz esandakoen ingurua gogoetea egingo dabe. Lutxo Egiak idatzitako gidoiaren arabera, Mikel Martinez aktoreak aurkezle lana egingo dau, eta horren ganean botako ditue bertsoak. Hori izango da gaur egungo begiradea orain ehun urteko Bilbori. Bertso-bazkaria Kafe Antzokian izango da ganera, Bilboko leku enblematiko batean.
Eta domekan, Guggenheim museoan, Harkaitz Canok idatzitako Bilbo-Boabil 2115 izeneko testuari erantzungo deutsie Uxue Alberdi eta Oihana Bartra bertsolariek. Etorkizuneko Bilbo izango da saioko protagonistea. Gorka Benitez eta David Xirgu musikariak izango ditue. Ehun urte atzera eta ehun urte aurrera egingo dogu Loraldian.
8.- Kultur adierazpide guztientzako lekua gura dozue Loraldian, ez da erraza.
Danak batzea ezinezkoa da, baina eskaintza anitza da. Arte plastikoak dagoz, berbarako, Okela kolektiboaren eskutik. Rekalde aretoan hainbat artistaren lanak batzen dituan erakusketea egongo da ikusgai, gehienak instalazinoak dira. Zinemea be egongo da, sei film labur eta dokumental bat proiektauko doguz. Metrokoadroka taldeak Su izan nahi taularatuko dau Pabilioi 6 aretoan, bertsolaritzea be badago, literaturea bere bai. Eta musikea be bai, jakina: Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez; Mixel Etxekopar eta Igelaren Bandea; Hutsa, Espaloian eta Joseba Irazoki; 22m2, Lurra eta Piztiak; Kalakan, Xabier Zeberio eta Pello Ramirez.
9.- Eta profesionalentzako Plaza! kultur industriaren eragileen topaketea egingo dozue hilaren 24an, Zabalguneko merkatuan. Nori zuzenduta dago?
Euskal kulturea Europara joteko bideak emotea da gure asmoa, zelan lortu finantzabideak Europan euskal kulturearentzat, hain zuzen be. Hori azalduko dogu. Plaza! profesionalean bilkura bat da; antzerkia, musikea, arte plastikoak, musikea eta beste arlo batzuetako profesionalentzako topaketea. Erronka bi daukaguz: bata da gure kulturea Bruselaren bitartez Europara eroatea, eta
beste bat da Euskal Herriko merkatuari begiratzea, zelan heldu gure kulturearen kontsumitzaileengana. Webgunearen bitartez emon daiteke izena. Aukera parebakoa da, hainbat profesional etorriko dira Bruselatik eta Madriletik.
10.- Aurtengoa lehenengo pasua besterik ez dala esan zenduen aurkezpenean, hazteko asmoa daukazue.
Lehenengo pausu apala da hau. Gure asmoa handiagoa da. Bilbo osoa ipini gura dogu euskal kultureagaz jantzan. Aurten hamabi lekutan izango da Loraldia, Arriaga antzokia, Euskalduna Jauregia, Zabalguneko merkatua, Kafe Antzokia, Campos antzokia, Rekalde aretoa, Ibaizabal itsasadarra, Guggenheim museoa, EiTBko Multibox gunea, Euskerearen Etxea, Elkar dendak, La Fundicion eta Pabilioi 6 aretoan. Bilbo erdigunea hartu nahi dogu, hor ikusarazotea gure kulturea. Hainbat proiektu daukaguz, hau ondo urten ezkero, pausu handiagoak emongo doguz aurrerantzean. Loraldi handi bat nahi dogu, gauza barritzailea, Bilbon sorkuntza asko plazaratzeko. Datorren urtean pentsetan hasita gagoz, badaukagu akordio bat Arriagagaz... baina lehenago lehenengo Loraldia egin behar dogu. Bilbo osoa inplikau nahi dogu, gero eta erakunde eta leku gehiago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!