Ulan Bator, herri nomada baten bihotz sedentarioa

Zigor Aldama 2015-04-13 11:27   Bidaide

Horren erakusgarri, nomada zahar horreetako 900.000 mila inguru Ulan Batorren bizi dira mobiduteko ezelako asmo barik. Ganera, urtetik urtera 30.000 - 40.000 gehiago dira erabagi hori hartzen dabenak eta kopuru handia da hori Frantziaren eremuaren hirukotxa dauen herrialdeko biztanleak oraintsu hiru miloera heldu dirala kontuan hartuta. 

Segurutik munduko uririk arraroena da Ulan Bator. Izan be, kontraesanez betetako uria da, milurtekoetan atzera eta aurrera ibili dan herrialde nomadearen urigune nagusia. Eta horrezaz lurra hartu baino lehen jaubetzen zara. Sano deigarria da Mongoliaren uriburuaren inguruetako mendietan puntu zuri ugari ikustea. Yurta tradizionalak dira, ger izenagaz ezagutzen diranak, larre onenen bila hara eta hona ibilteko abeltzainek beti erabili izan dituen etxebizitzak; leku batetik bestera eroateko diseinatutako bizilekuak dira baina azken jokeren arabera, zimenduak edo sustraiak sakon ditue honezkero. Horren erakusgarri, nomada zahar horreetako 900.000 mila inguru Ulan Batorren bizi dira mobiduteko ezelako asmo barik. Ganera, urtetik urtera 30.000 - 40.000 gehiago dira erabagi hori hartzen dabenak eta kopuru handia da hori Frantziaren eremuaren hirukotxa dauen herrialdeko biztanleak oraintsu hiru miloera heldu dirala kontuan hartuta. Hori bai, gehienek ez deutsie uko egiten telazko etxebizitza tradizionalari, besteak beste, urian bizitea karuegia dalako.

Latinoamerikako fabelen antza hartu dauen bazter auzoen ugalketearen aurrean, uria zabaltzea izan daiteke erabagi zuhurrena baina kasu honetan gauzak ez dira zentzunez egin. Meatzaritzearen susperraldiak eragindako hazkunde ekonomikoari esker, uriaren erdialdean egozan molde sobietarreko eraikin zaharrak desagertzen eta ispilu-estalkiz jositako etxe orratzak eregiten dabiz eta bien bitartean herrialdea bidegurutzean dago: modernidadera egin gura dabe salto baina tradizinoa baztertu barik. Giro horretan, modako lokaletan, gazteak saltsa erritmoan jantzan ikasten edota techno musikeagaz eta laser izpien artean vodkea edaten daben bitartean, nagusiak, barriz, kazarako arranoak erabilten dituenen trebeziakaz edota estepa amaibakoan filmautako bideoklipetako kantu sakonak entzunez gozetan dabe.

Mundu paraleloak emoten daben arren, urtean behin bat egiten dabe Naadam jai ospetsuan, hain zuzen be. Mongoliako ospakizun handiena da, upealako ikuskizuna. Teorian, kirol tradizionalen urteko txapelketea izan arren, parebako ospakizuna da, abuztuko hiru egunetan zehar lau puntu kardinaletatik joandako kaletarren zein nomaden topaleku, kultura hitzordu berezia, kolorez, saborez eta, batez be, kirolez ganezka datorren ekitaldia, Ulan Batorreko Estadio Nazionalaren inguruetara mongoliar ugari erakarten ditu eta Gengis Kanen sasoietako gerlarien sua berreskuratzeko balio izaten dau. Begirada zorrotzeko arkulariek, arrano dotoreak erakusten dituen kazeruek, bildurrik bako zaldunek eta 200 bat kiloko burrukalariek lehenaldira bueltan eroaten ditue bisitariak, Mongolia Erdi Aroko inperio nagusietako bat zaneko sasoira.

Orain, ostera, uriak ez dau holako handitasun eta espiriturik islatzen baina badira eraikin batzuk herritarren harrotasuna gordeten dabenak. Ikusgarrienetakoa Gengis Kan plazan dagoan parlamentuarena da, Pekineko Tiananmeneko plazearen irudi eta antzera eregia. Hamarkadea oraindino bete ez badau be, multzo arkitektonikoaren soiltasunak lehenaldia eta etorkizuna buztartzen ditu: egunez Gengis Kanen figura erraldoiak historiako inperio nagusiena gogorarazoten dau; gauez, barriz, argiztapen futuristeak oraindino gauzatu bako baina herritarrei asko gustetan jaken abangoardia ilusinoa dakar. Beste leku batzuetan errepetiduten dan dikotomia da, berbarako, Gandantegchinleneko monastegian. Hor nabarmenagoa da lehenaldiaren eta etorkizunaren arteko aldea. Uriburuko zentro erlijioso handienean bizi diran 150 monjeak errezitaldi budista monotonoari eusten deutsien bitartean, moda-modan jantzitako gazteak telefono adimendunak 'isiltzen' ahalegintzen dira argazkiak egiten dituenean zaratarik egin ez deien. Baina ez dabe lortzen eta monjeen 'ohm' eten bakoa behin eta barriro urratzen dabe kameren klik hotsek eta Viberreko jakikarazpenek. Ez dau ardura, monjeek eurenagaz jarraitzen dabe eta turistak zur eta lur geratzen dira eraikinaren apaingarriakaz. Mongolian komunismoa nagusi zan sasoian, 1990. urtera arte errezetako baimena eukan monastegi bakarra izan zan baina gehienek ahaztu egin gura ditue joandako sasoi horreek.

Duda barik, apurka-apurka kapitalismoa indarra hartzen dago. Erdi mailako klasea eten barik hazten doa Ulan Batorren, lujo handiko gero eta marka gehiago ezarri dira planetako uribururik hotzenean eta negu gorrian be negozioa egiten dabe. Esangura horretan, Pizza Hut edo KFC lako frankiziak zaldi okelea edota artxo egosia eskaintzen daben jatetxeen ondoan kokatu dira. Burrukea berezia da, izan be, errotutako ohitura eta tradizinoen herrialdeak barrikuntzea eta modernidadea be ez ditu baztertu gura. Ulan Bator kontsaesanez betetako 1,3 miloe lagunez osotutako uria da, herri nomada baten bihotz sedentarioa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu