Goi Mailako Joskintza Eskolea zabaldu dau Bilbon Barroeta joskile lemoaztarrak
2015-03-31 11:06 KultureaGoi Mailako Joskintza Eskolea aurkeztu barri dau Javier Barroeta joskile lemoaztarrak Bilbon. Eskola horren bitartez trebakuntza espezializatua eta kualifikatua eskaini gura deutse modearen inguruan dabilzan eta euren gaitasunak garatu gura dituen diseinatzaile eta profesionalei.
Goi Mailako Joskintza Eskolea aurkeztu barri dau Javier Barroeta joskile lemoaztarrak Bilbon. Eskola horren bitartez trebakuntza espezializatua eta kualifikatua eskaini gura deutse modearen inguruan dabilzan eta euren gaitasunak garatu gura dituen diseinatzaile eta profesionalei. Barroetak berak aurkezpen ekitaldian adierazo eban lez, Eskola honen bidez nire esperientzia eta joskintzearen munduan ipinten dodan pasinoa transmitidu gura deutset modearen munduan dabilzan gazteei.
Eskoleak hiru ikastaro eskaintzen ditu: bi urte osokoak eta bat hiruhilebetekoa. Hiruhilebetekoa, Goi Mailako Joskintzara Sarrerea izenburukoa, 72 ordukoa da, eta 2015eko maiatzean, bagilean eta garagarrilean emongo da; ikastaroaren helburua gorpuzkera desbardinetako erropak sortzen eta manikian doitzen ikastea da.
Beste bi ikastaroak urte osokoak dira, 236 ordukoak, eta 2015eko urri bigarrenetik 2016ko bagilera luzatuko dira. Bata, Emakumeen Joskintza Tradizionala da, eta bere helburua honako hau: betiko teknika tradizionalak erabiliz andrazkoen jakeak eta berokiak lantzen ikastea. Bestea, Modelajea, Fantasia eta Emaztegaiak da eta bere helburua: Goi Joskintzearen arlo desbardinetan lan egiteko trebakuntza espezializatua emotea; ikastaro honetan modako etxe handietan behar egiteko bideratu leike trebakuntzea ikasleak.
Ikastaroak Barroetaren estudioan emongo dira, Bilboko General Concha kaleko 6. zenbakian, 1. ezkerrean.
Goi mailako joskintzara lotutako bizitza
Javier Barroeta Lemoan jaio zan. Lau urtez Pedro Rodriguezen ikaslea izan zan, honek Madrilen eukan tailerrean. Bilbora itzultzerakoan, hamar urtez Kamouraska izeneko larru-dendan egin eban behar arte- eta sortze-zuzendari moduan.
1989. urtean, Goi Mailako Joskintza etxea sortu eban Bilbon. Bertan bere jantzi-bildumak egin eta aurkeztu ez eze, bezeroak be ondo-ondo jagoten ditu. Holan, lehenengo puntadatik azkenengoraino, emakumeak desbardin sentidutea lortzen dau, bere diseinuak eurentzako pentsautako modelo esklusiboak dira eta.
Barroeta munduko moda etxe garrantzitsuenetako estaduko bezerorik onenetarikoa da, hori dala-eta Parisen eta Milanen egiten diran urtez urteko Goi Mailako Joskintza aurkezpenetara konbidadu joaten da. Dior, Valentino eta Chanel, besteak beste, dira bisitetan dituan pasareletako batzuk.
Beste gauza batzuen artean zeremonia soinekoetan espezializau da: emaztegai-, amabitxi- eta konbidadu-jantzietan, besteak beste. Era berean, pret-a-porter erropa diseinu propioa egin eta goi mailako larrugintzan be lan egiten dau, hau, sentimenduz beterik, egiten dodan joste-lan zehatz eta emozionala da dino Barroetak.
Beste arlo batzuetan be hartzen dau parte joskin lemoaztarrak: Euskal Moda Alkartearen sortzaileetako bat da, Euskalerriaren Adiskideen Alkartearen bazkidea, hizlaria, UNEDeko laguntzailea, AMAVIko kolaboratzailea eta Bilbao International Art & Fashioneko hainbat erakusketaren epaimahaikidea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!