Etxe adimenduna txinatarra da
2015-03-30 17:37 BidaideEtxetresna elektriko ganorabakoaren eta adimendunaren arteko aldea 10 bat yuanekoa baino ez da, hau da, 1,5 euro ingurukoa. Txinako marka handienetakoa dan Mideako I+D saileko zuzendari Mao Hongjianen esanetan, batez beste horixe da etxetresnetan Interneterako konekzinoa eta urrutiko kontrolerako programak jarteak dakarren kostua.
Etxetresna elektriko ganorabakoaren eta adimendunaren arteko aldea 10 bat yuanekoa baino ez da, hau da, 1,5 euro ingurukoa. Txinako marka handienetakoa dan Mideako I+D saileko zuzendari Mao Hongjianen esanetan, batez beste horixe da etxetresnetan Interneterako konekzinoa eta urrutiko kontrolerako programak jarteak dakarren kostua. Eta horregaitik erabagi dau enpreseak datorren urtearen amaierarako bere produktu guztiek Smart etiketea eroatea. Etxe adimendunaren kontzeptua ez da zientzia fikzinoa, errealidade hutsa da, izan be, telefono adimendunen ugalketeari esker, herritar gehienen eskura dago; eta etxebizitza automatizatuaren idea sortu zanean pentsetan zanaren kontra, ez da gehiegizko gasturik egin behar adierazo dau. Are gehiago, kontrol sistema barriekaz lortzen dan baliabideen arrazionalizazinoa eta etxetresna barriek energia gitxiago gastetan dabela kontuan hartuta, merkeagoa da etxe adimenduna mantentzea tradizionala baino.
Ez da holan pentsetan dauen bakarra. Izan be, etxetresna elektrikoen fabrikatzaile guztiek egin dabe 'smart' teknologiaren alde: jatekorik ez dagoala iragarten daben hozkailuak, airean dagozan partikula kutsakorrak gehitzen diranean leihoak zarratzen dituen aire garbitzaileak, etxean jauberik ez dagoanean, etxea garbi-garbi ixten daben robot xurgatzaileak, eskuko telefonoaren bitartez etxeko irudiak jasoteko aukerea edota etxean gas metaketa arriskutsuak igarten dituanean, poliziari abisua emoten deutsien gailuak. Eskuko telefonoetatik aplikazinoen bitartez kontroletako moduko produktuen katalogoa gero eta potoloagoa da. Etorkizuneko etxe adimendunaren hiru oinarriak izango dira: adimenduna izatea, ekologikoa eta eragingarria adierazo dau Zhang Rongzhong jn.ak, Whirpooleko presidente ordeak. Aitatu kontzeptuak Txinan dabe indar gehien, munduan etxetresna elektriko gehien produziduten dan herrialdean, hain zuzen be.
Fabrikazino kostuak gehitzearen eta yuanaren balio-igoerearen eraginez, bizirauteko marka txinatarrek nahitaez jorratu behar dabe barrikuntzearenarloa. Kalidadea hobetzea ez da nahikoa, iraultza industriala behar da eta horretan Txina izatea aurrea hartzen dauena. Eta adimendun etxebizitzen jendarteratzea erabagiorra izan daiteke zeozer barria eskainiz gero eta handiagoa dan eskaria suspertzeko adierazo dau Xu Dongshengek, Etxetresna Elektrikogileen Txinako Alkarteko idazkari nagusiak. Ganera, Internetek indar handia dauka sektorean, izan be, fabrikatzaileen eta kontsumitzaileen arteko zein kontsumitzaileen eta informazinoaren arteko distantzia asko murriztu dau. Orain da momentua pausu bat gehiago emon eta teknologia behar eta merezidu dauen lekuan jarteko ohartarazo dau Wang Ye jn.ak, munduan etxetresna elektrikoak egiten liderra dan Haier markako presidenteordeak.
Duda barik, etxeko erabateko interkonekzinoaren kontzeptua gustagarria da edozeinentzat. Baina prozesua ez da erraza izan. Zailtasun handiena ez da teknikoa izan, enpresa munduaren borondate faltea baino. Gaur egun makinatxu bat etxetresna elektriko dagoz aplikazinoen bitartez kontroletan diranak eta badakigu etxetresna horreek gero eta ohikoagoak izango dirala gure etxeetan. Erronkea izango da fabrikatzaileok akordioak lortzea estandar unibersalak ezarriz eta ekosistema barriak zabalduz, etxetresnen arteko alkarreragina lortzeko, markea edota sistema operatiboa edozein izanda bere azaldu dau Wang Ye jn.ak. Atzerriko multinazionalen ardurea ikusita, marka txinatarrek aurrea hartu dabe. Izan be, Haier etxea lehenengoa izan da U+ plataforma edegiagaz lan egin dauena; era berean, sistemen garapena elektronikearen erregea dan Xiaomiren esku ixten dauen Midea etxeak M-Smart aurkeztu barri dau.
Fabrikatzaileen eta arauak emoten dituen gobernuen arteko adostasuna balego, eskuko telefonoetako aplikazino baten bitartez munduko edozein lekutan etxetresna elektrikoak eta osasun eta segutasun sistemak be kontrolauko geunkez. Horrezaz ganera, etxeko wifi sarearen bitartez prozesuak automatizatzea sano erraza da, berbarako, leihoak edota ateak zabaltzen diranean segurtasun kamerak aktibetea edota hozkailuak mezu bat bialtzea jaubearen eskuko telefonora gadget bereziren bategaz bihotzaren erritmoa, kolesterola edota beste aldagarri batzuk zehaztu ostean ezarritako dietako jatekoak falta dirala ohartarazoteko. Bazkaldu ondoren, ontzi-garbigailuak 'erabagiko' dau garbitzeko ziklo egokiena kozinautakoaren eta ontzi-plateretean geratu dan koipe kopuruaren arabera adierazo dau Ye jn.ak. Bihar-etziko eszenea emoten dauen arren, errealidadea da gaur egun. Honezkero 300 enpresak bat egin dabe U+ plataformeagaz eta horri esker aireagaz, uragaz, aisaldiagaz, osasunagaz eta jatekoagaz lotutako guztia konektetan dogu zehaztu dau Haiereko zuzendariak.
Hori bai, apurka-apurka egiten gagozan gure etxeen eraldaketa horrek baditu arriskuak be. Gai hau lantzeko ikuspegi bi lantzen doguz. Batetik,etxebizitzaren beraren eta hor bizi diranen seguridadea, lapurreten aurreikuspena zein umeen lokalizazinoa gps bidez. Bestetik, sistemearen beraren seguridadea jagoten dogu dino Shen Haiyinek, Txinan online bidez segurtasun zerbitzuen hornitzaile nagusia dan 360 enpresako presidenteordeak.
Jakina, zibergaizkileak kapaz badira ordenagailu personaletan sartzeko eta Apple etxearen icloud horretako gordailu zerbitzua babesten dauen hesia apurtzeko, arduratzeko motiboak badagoz egon. Esangura horretan, 360 lako enpresek besoko bereziak eskaintzen ditue umeak denpora guztian non dagozan jakiteko, izan be, informazino hori oso baliogarria izan daiteke bahitzaileentzat, pasa dan astean Shanghain egindako Etxetresna Elektrikoen Munduko Azokan parte-hartzaileetako batek jakinarazo ebanez.
Etxe adimendunaren betekizun nagusia urratuezineko segurtasun protokoloak izatea da, oinarrizkoa da hori bezeroak lasai egon daitezan; bai wifi router bidez kontrolautako etxeko sareari eta bai kanpoko zerbidoreetan gordetako informazino guztiari jagokonez autortu dau Shen Haiyinek.
Edozelan be, miloe erdi segurtasun dispositibo inguru merkaturatu doguz dagoeneko eta oraingoz hackerrak ez dira kapaz izan aitatu informazinoa ostuteko. Ganera, badagoz sistemak, berbarako, pausu biko sistemea, mezuen benetakotasuna egiaztatzeko eskuko telefonora oharrak bialtzen dituana, indarbakotzeko oso gatxak diranak. Beraz, sinistuta gagoz etxe adimenduna erosoagoa eta eragingarriagoa izateaz gan, etxe tradizionalak baino seguruagoa be badala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!