Gatazken inguruan idatzi dau Katixa Agirrek 'Atertu arte itxaron' bere lehenengo nobelan
2015-03-25 14:10 KultureaEuskal Herrian zehar kotxez egindako bidaia baten kontakizuna da Atertu arte itxaron (Elkar), Katixa Agirre gasteiztarrak idatzitako lehenengo eleberria. Uliak jaioterriko txokorik politenak erakutsi gura deutsoz Gustavo bikoteari, baina halako batean egoerea okertu egingo da, emakumearen sekretu bategaz topo egitean.
Euskal Herrian zehar kotxez egindako bidaia baten kontakizuna da Atertu arte itxaron (Elkar), Katixa Agirre gasteiztarrak idatzitako lehenengo eleberria. Uliak jaioterriko txokorik politenak erakutsi gura deutsoz Gustavo bikoteari, baina halako batean egoerea okertu egingo da, emakumearen sekretu bategaz topo egitean.
Orain dala bost bat urte hasi zan Katixa Agirre nobelea idazten, baina doktore tesiak eta amatasunak atzeratu egin dabe proiektua orain arte. Hainbat gai eta hari ditu istorioak Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak aurkezpenean adierazo dauenez: Hari nagusia bidaia da, eta tartean hamaika gai agiri dira, bikotea, lehenaldia, bakea eta gerrea, bizitzea, gatazkea.
Istorioko protagonista dan bikoteak gatazkearen aurrean jokaera zehatza erakusten dabe, gatazkea bera ahaztea. Bikote bat, gatazka modurik oinarrizkoena, Agirreren esanetan. Bidaia egin ezean sekretu hori, gatazka hori, ez zan azaleratuko. Baina horren aurrean isiltzea, ezer ez egitea, aurrera egitea erabagiten dabe, liburuaren izenburuak dinoen lez, atertu arte itxarotea.
Hari nagusi horregaz batera, beste istorio bi lotzen dira, biak lehenaldikoak. Harietako baten protagonistea Benjamin Britten konpositore ingelesa da, II. Mundu Gerran bakezale eta kontzientzia-eragozlea izatearren kritika ugari jaso zituan gizona. Gaztakearen aurrean jokatzeko beste modu bat, ganeratu dau Agirrek. Eta hirugarren harian, Ulia protagonistearen gurasoak dagoz. 1976ko martiaren 3an alkar ezgautu eban, Gasteizen, orduko jazoera gogorren testuinguruan. Gatazka politikoak euren bizitzea baldintzatu eban, azaldu dau egileak.
Nobelea bidaia sentimentala be bada, Euskal Herriko hainbat lekutatik zehar: Gasteiz, Arabako bailarak, Bilbo, Lekeitio, Baztango baserriak eta abar. Idea asko kanpotik etorritako lagunengandik jaso dituala autortu dau, eurek esandakoak erabili dodaz, niretzat normala dana, eurek beste modu batera ikusten dabe eta.
Katixa Agirre Miguelez (Gasteiz, 1981) EHUko irakaslea da, eta Ikus-entzunezkoetan doktorea. Umeentzako lanak eta helduentzako ipuin liburu bi ditu argitaratuta, Sua falta zaigu (2007) eta Habitat (2009).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!