OPN Studio taldearen 'Límbica' erakusketea zabaldu dabe BilbaoArte gunean
2015-03-23 12:11 KultureaEskultura teknologikoek osotzen dabe Susana Ballesteros eta Jano Montañés kide dituan OPN Studio taldearen Límbica erakusketeak. Hauxe da BilbaoArte espazioak aurten produziduten dauen lehenengo erakusketea. Apirilaren 24ra arte egongo da zabalik.
Eskultura teknologikoek osotzen dabe Susana Ballesteros eta Jano Montañés kide dituan OPN Studio taldearen Límbica erakusketeak. Hauxe da BilbaoArte espazioak aurten produziduten dauen lehenengo erakusketea. Apirilaren 24ra arte egongo da zabalik.
Ballesteros eta Montañés BilbaoArteko artista egoiliarrak izan ziran 2014an. Igaz bekea jaso eben 36 artisten artetik, banakako erakustetea antolatzeko aukeratutako zazpi proiektuetako bat da Límbica.
Límbica eskultura mekaniko eta robotikoez osotutako zirkuitu emozionala da. Eskulturak esperientzia subjektiboei buruzkoak dira, eta indibidualismoa, isolamendua eta gizabanakoa izaki sozialtzat jotea lako gaiak jorratzen ditue. Artistek teknologia darabile gizakiak berba egiteko, eta publikoari emozinoak sortu eragiteko. Bisitariak behar-beharrezkoak dira erakusketan, hain zuzen be eskulturak ez dira aktibetan sensoreek gizakiaren presentzia igarri arte.
Erakusketak hiru atal ditu, eta beste hainbeste eskultura, danak Diacrónica proiektukoak. Lehenengo lana Sincrónica II eskultura robotikoa da, 21 serbomotorrez funzionetan dauen 21 pieza pare dituan eskulturea; bigarrena, Sincrónica I da, hau be eskegitako eskulturea, baina mekanikoa; eta, hirugarrena, Sincrónica III, handiena, eskultura elektromekaniko erraldoia.
OPN Studiok hainbat erakusketa izan ditu urteotan, banakakoak edo taldekoak, berbarako, Finlandia, Frantzia, Mexiko eta Dominikar Errepublikan.
Límbica erakusketearen ostean, BilbaoArteko aretoan ondokoak izango dira ikusgai: This is the end of the world as you know it, Kepa Garrazarena (maiatzaren 8tik 29ra); Foodândia, Rut Briones eta Raquel Durán artistena (bagilaren 5etik 26ra); Work spaces, Iñigo Garaturena (garagarrilaren 3tik 24ra); Surfaces, Marie Sommer artistarena (irailaren 4tik 25era); Matriz, Iago Rey de la Fuenterena (urriaren 2tik 23ra); eta Proprioception Alessandra Torresena (urriaren 30etik zemendiaren 20ra).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!