Antonio Soler eta Jon Bilbao protagonista 'Eztabaidak literatureagaz' ekimenean

Bizkaie! 2015-03-16 13:54   Kulturea

Eztabaidak literatureagaz ekimenak, bere eleberriakaitik ezaguna dan Antonio Soler eta ipuinakaitik ezaguna dan Jon Bilbao idazleak batuko ditu. Bertan, genero bien arteko distantzia finkatzen daben ezaugarrien ganean berba egingo dabe: kontakizunaren luzerea, egituraketea, erritmoa, gaia…

Eztabaidak literatureagaz, jentaurreko barriketaldien bitartez literatureagaz alkartzeko topakekua dan Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, Antonio Soler eta Jon Bilbao idazleen arteko barriketaldia aurkeztuko dau datorren martitzenean, martiaren  17an. Bertan, eleberriaren eta kontakizunaren artean dagoan distantziaren ganean berba egingo dabe.

Eztabaidak hilero egiten dira, martitzenetan, oraingo honetan arratsaldeko 19:45ean, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializautako kazetari batek ekitaldiaren aurkezle eta gidari lanak egiten ditu eta oraingo honetan Idoia Jauregi izango da ekitaldiaren moderatzailea.

Hile honetan, Eztabaidak literatureagaz ekimenak, bere eleberriakaitik ezaguna dan Antonio Soler eta ipuinakaitik ezaguna dan Jon Bilbao idazleak batuko ditu. Bertan, genero bien arteko distantzia finkatzen daben ezaugarrien ganean berba egingo dabe: kontakizunaren luzerea, egituraketea, erritmoa, gaia…

Antonio Soler (Malaga, 1956) idazle, telebistako gidoilari eta prentsa kolaboratzaileak Extranjeros en la noche lanagaz hasi eban ibilbidea kontakizunaren alorrean. Lan horretan jasotako ipuin luze batek, La noche izenekoak (ondoren eleberri labur lez argitaratua), kritikearen arretea erakarri eban. Kontakizunetik igaro ondoren, bere literatur lana eleberrian oinarritu zan eta genero horretan sari ugari eta garrantzitsuak jaso ditu. Haren lanak bederatzi hizkuntzatara itzuli dira.

1983an, Muerte canina lanari esker kontakizunen Jauja Saria irabazi ondoren, Herralde Saria eta Kritikaren Saria jaso zituan, Las bailarinas muertas lanagaz; 1993an, Andalucía Eleberri Saria Modelo de Pasión liburuari esker; 1995eko Kritikaren Andalucía Saria Los héroes de la Frontera lanagaz, eta Nadal Saria 2004an, El camino de los ingleses lanagaitik. Gerra zibileko espezialista batzuen eretxiz, El nombre que ahora digo eleberria Espainiak jasan eban gatazkearen ganeko narrazino zuzenetakoa da, eta lan horregaz Primavera Saria irabazi eban 1999an.

Beste alde batetik, kontakizun laburren egile ezaguna dan Jon Bilbaori jagokonez (Ribadesella, Asturias, 1972), Meategi-injinerua da Oviedoko Unibersidadean, eta Ingeles filologian lizentziauta dago. 2005ean, hainbat egileren kontakizunak batzen zituan Ficciones liburuan hartu eban parte, eta urte horretan bertan Asturias Joven Saria irabazi eban, narrazio alorrean, 3 relatos lanari esker.

Como una historia de terror (Narratibako Ojo Crítico Saria, 2008), Bajo el influjo del cometa (Tigre Juan Saria eta Euskadi Literatur Saria, 2010) eta Física familiar (2014) ipuin liburuak idatzi ditu, eta baita El hermano de las moscas (2008), Padres, hijos y primates (Otras Voces IV. Saria, Beste Alor Batzuk) eta Shakespeare y la ballena blanca eleberriak be. Bere ipuinak hainbat antologiatan agertzen dira, horreen artean Perturbaciones. Antología del relato fantástico español actual, Siglo XXI. Los nuevos nombres del cuento español actual, Pequeñas resistencias V edo Cuento español actual lanetan. Gaur egun telebistako gidoilari, itzultzaile eta testu erredaktore lez egiten dau lan.


Bederatzigarren edizinoa

2007ko urtarrilean, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, 240 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 8.000 persona baino gehiago bertaratu dira. Denpora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko alkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko modu barria da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proponidutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu