Kimsooja artista korearraren 'Hariaren ibilbideak' bideoinstalazinoa, Guggenheim museoan
2015-03-13 11:52 KultureaGaragarrilaren 5era arte, Kimsoojaren Hariaren ibilbideak (Thread Routes) lana ikusgai egongo da Bilboko Guggenheim museoan, Film & Video aretoan. 16 mm formatuan egindako hainbat filmek osotzen dabe bideoinstalazinoa, munduan zehar ehungintzearen jarduerea erakusten dabe.
Garagarrilaren 5era arte, Kimsoojaren Hariaren ibilbideak (Thread Routes) lana ikusgai egongo da Bilboko Guggenheim museoan, Film & Video aretoan. 16 mm formatuan egindako hainbat filmek osotzen dabe bideoinstalazinoa, munduan zehar ehungintzearen jarduerea erakusten dabe.
Instalazinoa artisteak berak atondu dau Guggenheim museorako, hiruki formako antolaketea osotuz. 2010ean grabau eban lehenengo bideoa, Perun. Peruko Andeetako inken Haran Sakratuan hasi eta Taquile ugarteko herritxuetaraino, hainbat lekutan izan zan, ehungintzearen tradizinoa batzen. Hurrengo urtean, bigarren kapitulua egin eban, Belgika, Kroazia, Italia eta Frantzian. Parpailak egiteko Europako tradizinoa jaso eban, eta arkitektura egiturekaz batera erakusten ditu instalazinoan, tartean dagoz, besteak beste, Parisko Eiffel torrea, Milango katedrala edo Granadako Alhambra.
Hirugarren atala Indian grabau eban, 2012an. Tintatze tradizinoa, estanpazinoa, tatuajeak eta bordatuak grabau zituan. Gujarat estaduko herri nomaden etxeen irudiek osotzen dabe kapitulua.
Erakusketeak artisteak munduaren inguruan daukan ikuspegia azaltzen dau. Ehungintzearenkulturearen eta herrien artean dagoan loturea jorratu dau egileak. Proiektuak sei atal ditu, ganerako hirurak Txinan, Ipar Ameriketan eta Afrikan grabauko dira.
Diziplina asko jorratzen landu ditu Kimsooja artista kontzeptualak. Taegun (Hego Korea) jaio zan, 1957an, baina gaur egun New Yorken bizi da. Seulen artea eta Parisen litografia ikasi ostean, New Yorkeko P.S.1 Contemporary Art Center-en eta Parisko École Nationale Supérieure de Beaux-arts eskolan artista egoiliarra izan zan.
Seulen zabaldu eban bakarkako lehenengo erakusketea, 1988an, eta ordutik bere beharrak munduko makina bat espaziotan egon dira ikusgai, New Yorkeko MOMAn, Dusseldorfeko Museum Kunstpalasten, Madrilgop Sogia Erregina museoan eta Washington D.C.ko Hirshhorn Museumean, eta abar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!