'Gure Xabiertxo' erakusketea martiaren 12tik bagilaren 23ra ikusgai Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan
2015-03-12 14:37 KultureaGure Xabiertxo erakusketea Eusko Legebiltzarrak eta Sancho el Sabio Fundazinoak antolatu dabe, Ixaka Lopez Mendizabalek Xabiertxo izenburuko liburua argitaratu zala 90 urte beteten baitira 2015ean.
Gure Xabiertxo erakusketea Eusko Legebiltzarrak eta Sancho el Sabio Fundazinoak antolatu dabe, Ixaka Lopez Mendizabalek Xabiertxo izenburuko liburua argitaratu zala 90 urte beteten baitira 2015ean.
Xabiertxo da erakustaldiaren ildo nagusia, Euskal Herriaren historia entziklopedia horretako gorabeheren bidez aurkezten deuskulako. Nazino Batuek Umeen Nazinoarteko Urtearen ume-liburuen ohorezko zerrendan txertatu eben, gainera. Pedagogia barritzaileko lana da eta lxaka Lopez Mendizabalen liburuaren eta Txiki Zabaloren irudi grafikoaren bidez mundua ikusten ikasi eben ondoz ondoko hainbat belaunaldik XX. mende osoan zehar. Liburuaren argitaraldi bakotxa euskerazko irakaskuntzearen historiaren eta gorabeheren denporazko lekukoa da, bai eta XX. mende osoko euskal kulturearen eta gizartearena be, batez be, 1925 eta 1980 bitarteko aldian.
Xabiertxoren eta bere argitaraldiakaz lotutako gizataldearen bideak kurutzatu egiten dira XX. mende korapilatsu horretan. bata bestearen ondoan datoz datoz sustapena, arrakastea, jazarpena, suntsipena, erbestea, klandestinidadea, permisibidadea eta, azkenean, bibliografia ondare lez izan dauen autorpena, Xabiertxo Umeen Nazinoarteko Urtearen ohorezko zerrendan txertatu ebenean.
Xabiertxo umezaroko lagun izan daben milaka personaren maitasuna ikusten, entzuten eta sentiduten da erakusketan, eta bertaratzen dan edozeinek be bat egin leike talde horregaz.
Erakusketan ikusgai jarri dira Xabiertxoren 11 edizinoetako aleak, eta audio, bideo eta panel informatiboak ipini dira osogarri modura. Bertan, alde batetik, liburuaren historia kontetan jaku, eta bestetik, pasadizo historikoei buruz eta Xabiertxo liburua pasadizo horreen lekuko bihurtu eben personen barri emoten jaku.
Horrezaz gan, 1932tik 1980ra bitartean egindako euskerazko irratsaioetatik ateratako audio batzuk be jaso dira. Adibidez, Arrate Irratiak umeentzat egindako programetatik, edo Karmele Esnalek zinemeari eta emakumeei buruz atondu zituan programetatik. Ez dogu ahaztu behar euskerazko lehenengo irrati emisinoak sortu zirala Xabiertxo liburuak argia ikusi eban urte berean, 1925ean, eta euskerazko programazino egonkorra (Euskal Irratsaioa) 1932an.
Eusko Legebiltzarrean, 2014ko abenduaren 3an edegi zan erakusketa honetan oinarrituta www.gurexabiertxo.eus webgunea be abian da. Webgunearen helburua da eskueran jartea erakusketako materialak, bai eta herritarren parte-hartzea sustatzea be blog baten bidez; hor jasoko da erakusketearen bisitarien eta webgunean sartzen diran personen ikuspegia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!