Pier Paul Berzaitzek sustatu dauen 'Egunsentiaren Kantak' ikuskizuna, Bilboko Arriaga antzokian

Bizkaie! 2015-03-05 11:47   Musikea

Bederatzi euskal musikari batuko dira Bilboko Arriaga antzokiko oholtzan datorren domekan, martiaren 8an, Pier Paul Berzaitz abeslari zuberotarrak bultzatutako Egunsentiaren Kantak ikuskizunean. Berzaitzegaz batera, nortasun handiko beste hiru kantari agertuko dira: Erramun Martikorena, Magali Zubillaga eta Estitxu Pinatxo.

Bederatzi euskal musikari batuko dira Bilboko Arriaga antzokiko oholtzan datorren domekan, martiaren 8an, Pier Paul Berzaitz abeslari zuberotarrak bultzatutako Egunsentiaren Kantak ikuskizunean. Berzaitzegaz batera, nortasun handiko beste hiru kantari agertuko dira: Erramun Martikorena, Magali Zubillaga eta Estitxu Pinatxo. Lauren artean testu ederrak abestuko ditue, lehen mailako bost musikari lagun izanda: Iosune Marin (gitarra), Michel Longaron (bateria), Txema Garcés (kontrabaxua), Alan Griffin (flauta) eta Joxan Goikoetxea (pianoa, akordeoia eta teklatuak).

Ikuskizuna aurkezteko Arriaga antzokian izandako prentsaurrekoan azaldu dabe Pier Paul Berzaitz eta Xabier Lete lagun izatetik sortu zala proiektu hau. Egunsentiaren esku izoztuak izeneko Leteren azken poema liburuko hainbat poesia musikatzearen enkargua emon eutson egileak Berzaitzi, bere azken borondatea autortzerakoan, eta Berzaitzek lan horri ekin eutson, horretan bost urte emon ditualarik.

Egunsentiaren Kantak ikuskizunean ezagutzera emongo diran kantu eta abesti gehienak (bederatzi danetara) Egunsentiaren esku izoztuak haretatik aukeratutako testuetan oinarritutakoak dira. Sentiberetasunez eta sakontasunez beteriko sorta ederra gauzatu dau Pier Paul Berzaitzek konposatu dituan kantuakaz: Hiri maiteak, Esku hutsik hiltzen gara, Imanol Larzabal laguna zenari, Nire aita zenari, Eternitatea eta abar.

Xabier Leteren liburuan oinarritutako kantuez gan, abesti tradizionalak be izango dira, berbarako dagoeneko euskal kantutegiaren klasikoak diran Berzaitzen Baratze bat edo Herria zain abestiak, eta Erramun Martikorena edo Imanolen doinuak. Laster, errepertoriotik hautatutako 13 kantuz osotutako CD bat argitaratzea da helburua.

Sarrerak -8,50 eta 25 euro artean- salgai dagoz www.teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefonoaren bidez edota antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu