Los Coronas, Freedonia eta The Weapons, MAZ Basauriko aurkezpen jaian

Bizkaie! 2015-02-26 14:18   Musikea

Los Coronas, Freedonia eta The Weapons taldeak MAZ Basauri 2015 jaialdiko aurkezpen jaian izango dira martiaren 27an, Basauriko Social antzokian. Dino Velvet Pinchadiscos izango da gaua zarratzeko arduraduna. Sarrerak bariku honetan, zezeilaren 27an, jarriko dira salgai.

Los Coronas, Freedonia eta The Weapons taldeak MAZ Basauri 2015 jaialdiko aurkezpen jaian izango dira martiaren 27an, Basauriko Social antzokian. Dino Velvet Pinchadiscos izango da gaua zarratzeko arduraduna. Sarrerak bariku honetan, zezeilaren 27an, jarriko dira salgai, arratsaldeko 18:00etan, 8 euro (gehi banaketa gastuak) prezioagaz; egunean bertan 10 euro balioko dabe, MAZ Basauriko antolakuntzeak jakinarazo dauenez.

Antolatzaileek egun gitxi barru jakinarazoko dabe jaialdiaren laugarren edizinoko programazino osoa, baina aurretik aurkezpen jaiaren barri emon dau. Esan bezela, hitzordua martiaren 27an izango da, Social Antzokian, korronte desbardinak ordezkatzen dituen hiru taldegaz: Los Coronas, Freedonia eta The Weapons.

Los Coronas madrildarrak surf eta rock instrumentalean erreferentzia eta aitzindari dira Espainian. Duane Eddy, Link Wray, Dick Dale edo The Shadows lako talde eta artisten eraginagaz, denporea pasa ahala euren abestiei gero eta elementu hispaniarragoak gehitzen joan dira. Edozein modutan, spaghetti western, zinema baltza eta Tarantinoren unibersoak oso bizirik dagoz euren musikan.

Bestalde, Freedonia Espainiako soul eta rhythm & blues talde onenetarikoa da. Hamar musikarik, ahots sutsu batek eta sekzino erritmiko sendo batek osotzen dabe. Abenduan bigarren diskoa kaleratu eben: Dignity and Freedom. Lan barriko 11 abesti berriak talde lanean sortu zituen, eta modu analogikoan grabau, kantak ebagi eta nahastau barik.

Era berean, Los Temblores eta Jukebox Racket taldeen errautsetatik sortutako Bilboko rockabilly laukotea da The Weapons. Rockein! talde lehiaketearen bigarren edizinoan irabazle, martian euren bigarren lana aurkeztuko dabe: hiru abesti barri izango dituan maxi single bat, 12 hazbeteko binilo formatoan kaleratuko dana.

Spanish style surf instrumentalaz eta soul eta rockabilly musikaz ganezka izango dan gau berezia zarratzeko, Dino Velvet Pinchadiscos izango da taula gainean, Bilboko rock gauetako klasiko bat.

Prezioei jagokenez, laugarren edizino honetan be, MAZ Basauri jaialdiak prezio merkeen aldeko apustua egingo dau, bai Social antzokiko kontzertuen sarreretan, bai eta antzokiko barrako edarien salneurrian be. Holan, aurkezpen jairako sarreren prezioak dira 8 euro (gehi banaketa gastuak) aurretiaz erosi ezkero, eta 10 euro egunean bertan erosita.

MAZ Basauri Basauriko Udalak eta Social antzokiak sustatutako jaialdia da. Aurreko hiru edizinoetan 8.500 lagun batu zituan, antzokiko sarrerak behin baino gehiagotan agortuz. Gainera, jaialdiak Basauri musika erreferente moduan kokatu dau eta herriko ostalaritza eta bizitza kulturala eta komertziala bultzatu ditu.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu