Bilboko II. Artisau Garagardaoaren Azokea barikuan eta zapatuan izango da

Bizkaie! 2015-02-26 09:39   Kulturea

Helburua artisau garagardaoaren sorrerearen artea alkarbanatzea eta zabaltzea da, eta horretarako 11 garagardao marka izango dira, gehienak Euskal Herrikoak.

The Art of Beer Bilboko Artisau Garagardao Azokearen bigarren edizinoa barikuan eta zapatuan, zezeilaren 27an eta 28an izango da, Garabia Zawp gunean. Hurreratzen diranek 11 etxe desbardinen garagardaoaz gozetako aukerea izango dabe eta, 15 garagardao desbardin egoteaz gan, bestelako ekitaldiak be egingo dira bi egunetan, besteak beste, zuzeneko musikea, live painting eta garagardaoaren artea hurretik ezagutzeko modua.

Lucas Rincón eta Demetrios Brinkmann AEBetatik helduriko The Art of Living topaketearen antolatzaileek sortu dabee The Art of Beer azokea, AEBek artisau garagardaoaren inguruan daben kulturearen ondorioz. Helburua artisau garagardaoaren sorrerearen artea alkarbanatzea eta zabaltzea da, eta horretarako 11 garagardao marka izango dira, gehienak Euskal Herrikoak.

Sarrerearen prezioa 5 euro da, eta horregaz, sartu eta urtetako eskumuturreko bat, edalontzi bat eta lehen tragorako txartel bat emongo dira. Hartutako hurrengo trago bakotxak euro bateko prezioa izango dau. Ekitaldiaren ordutegia 19:00etatik 00:00etara izango da barikuan, eta 18:00etatik 00:00etara zapatuan. Hurreratzen diranek bazkaltzeko eta lasaitzeko gunea izango dabe Garabia Zawp Aretoaren estalitako gunean eta Zawpeko Terrazan.

Parte hartuko daben garagardao markak ondokoak dira: DouGall's, Falken Brewing Co., LauGar, La Salve Bilbao, Marbi, Drunken Bros Brewery, ZerB, The Angry Brewery, Boga, Olañeta Garagardaoa, Irbe Cerveza eta Garagart.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu