Geraud Portal Quintet boskoteak hasiko dau barikuan Bilbao Distrito Jazz egitaraua

Bizkaie! 2015-02-10 10:34   Musikea

Geraud Portal kontrabaxu jotzaile frantsesaren boskoteak hasiko dau Bilbao Distrito Jazz egitarauaren hamaseigarren edizinoa datorren barikuan, zezeilaren 13an, Errekaldeko Udaltegian. Bilbao Distrito Jazz Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen dau, Bilbaína Jazz Club alkarteagaz alkarlanean.

Geraud Portal kontrabaxu jotzaile frantsesaren boskoteak hasiko dau Bilbao Distrito Jazz egitarauaren hamaseigarren edizinoa datorren barikuan, zezeilaren 13an, Errekaldeko Udaltegian. Bilbao Distrito Jazz Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen dau, Bilbaína Jazz Club alkarteagaz alkarlanean.

Ohikoa danez, Bilbao Distrito Jazz zezeileko eta martiko bata bestearen osteko bost barikutan ospatuko da, arratsaldeko 19:30etik aurrera, hainbat estilotako nazinoarteko lau bandagaz eta Euskadin egiten dan jazzaren ordezkaritza bikainagaz.

Kontuak kontu, Bilbotik igaroko diran artisten artean, Felix Rossy tronpeta jotzaile gaztea, Geraud Portal kontrabaxu jotzaile frantsesa, Kike Perdomo saxofoi jotzaile kanariarra edo New Yorkeko eszenan oso garrantzitsua dan David Ambrosio baxu jotzailea nabarmendu ditu antolakuntzeak.

Bertoko musikariei jagokenez, Kontxi Lorente piano jotzaile nafarra buru dauen eta Luisa Brito kontrabaxu jotzaile portugesak eta Naima Acuña bateria jotzaile galiziarrak osotzen daben Three One emakumeen taldea izango da ordezkaria. Programaren aurtengo edizioa itxiko duen hirukoteak jazzaren maisu handiak omenduko ditu, jazzaren kontzeptu garaikidea daben euren lanak aurkeztuz.

Holan, datorren barikuan, zezeilaren 13an, Geraud Portal Quintet boskoteak hasiko dau egitaraua. New Yorketik datorren boskote iraultzaileak maisu gazteak batzen ditu. Energia, erabateko musikaltasuna, modernotasuna eta klasea erakusten daben jatorri anitzeko -AEB, Israel, Frantzia, Katalunia- musikariak batu ditu taldeak. Zehatz, Geraud Portal kontrabaxu jotzaile frantsesagaz batera, Ben Solomon saxofoi jotzailea, Davis Whitfield piano jotzaile estadubatuarra, Ofri Nehemya bateria jotzaile israeldarra eta Felix Rossy tronpeta jotzaile katalana dagoz boskotean.

Zezeilaren 20an, Kike Perdomo saxofoi jotzaile kanariarrak Juan Crisóstomo Arriaga Musika Konserbatorioan joko dau, Roots proiektu barriagaz, eta hilaren 27an, Bidebarrieta liburutegian joko dau Joan Díezek (pianoa), David Mengualek (kontrabaxua) eta Oriol Rocak (bateria) osotutako hirukoteak.

David Ambrosio Trioren txandea martiaren 6an izango da Otxarkoagako Udaltegian, eta Bilbao Distrito Jazz amaitzeko, martiaren 13an, Kontxi Lorente pianista nafarra buru dan taldeak joko dau Begoñako Udaltegian.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu