Jon Barberena eta Julio Soto nagusi astegoienean jokatutako Nafarroako lehen eta bigarren final-laurenetan

Bizkaie! 2015-02-09 10:20   Bertsolaritzea

Txapelketako lehen finalaurrekoan, Jon Barberenak lortu zituan puntu gehien eta Berriozarko finalaurrekorako sailkatzea.

Bestetik, Irurtzunen, Julio Sotok irabazi dau Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurenan; Julen Zelaieta gelditu zan bigarren eta Miel Mari Elosegi 'Luze' hirugarren. Sarrerak agortu egin ziran Irurtzunen.

Iruñeko Katakrak aretoa goraino beteta, 170 bertsozalek lehen final-laurena bertatik bertara jarraitu eben. Iruñeko alde zaharreko gazteen bertso-eskolako kideek agurra dotore eskaini ondoren, entzuleen arteko giro beroak lagunduta, oholtza gaineko sei bertsolariek Txapelketeari hasiera polita emon eutsien. Seikotearen artean bertsolari beterano bat, Bittor Elizagoien, hainbat urtez Txapelketatik kanpo egon ondoren lehiara barriro bueltau dana.

Azkenean Jon Barberenak lortu zituan puntu gehien eta Berriozarko finalaurrekorako sailkatzea. Barberenaren atzetik puntuen arabera hurranez hurran, Oier Lakuntza iruindarra, Aritz Saragueta beteluarra, Joxema Leitza arbizuarra, Bittor Elizagoien baztandarra eta Unai Uberetagoena tolosarra izan ziran. Bost bertsolari honeek ganerako final-laurenetako puntuazinoen zain egon beharko dabe hurrengo fasera sailkatzen diran jakiteko.

Puntuazinoa holan gelditu zan: Jon Barberena 253 puntu; Oier Lakuntza 246,5 puntu; Aritz Saragueta 234,5 puntu; Joxema Leitza 232,5 puntu; Bittor Elizagoien 229 puntu; eta Unai Uberetagoena 211,5 puntu.


Irurtzun

Julio Sotok irabazi dau astegoienean jokatu dan Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurena, Irurtzunen; Julen Zelaieta gelditu zan bigarren eta Miel Mari Elosegi 'Luze' hirugarren. Sarrerak agortu egin ziran Irurtzunen.

Julio Soto Ezkurdiak 262,50 puntu eskuratu zituan; Julen Zelaieta Iriartek 240,00; Miel Mari Elosegi Irurtia Luze 239,00; Alazne Untxalo Erregerena 236,00; Kotte Plaza Etxenike 235,00; Iban Garro Alzuri 226,00.

Aitagarria Kotte Plaza iruritarrak lehen parte-hartzea izan dauela Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Fernando Anbustegi izan da aurkezlea.


Zubirin hirugarren final-laurena

Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurena Zubirin jokatuko da zezeilaren 15ean, 17:30ean, Gautxori jatetxean. Bertsotan: Aimar Karrika, Amaia Elizagoien, Joseba Beltza, Oskar Estanga, Saioa Alkaiza eta Sarai Robles.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu