Hemen da Bertso Eguna 2015

Bizkaie! 2015-01-27 17:25   Bertsolaritzea

Berrogeita seigarren edizinoa izango dau Bertso Egunak datorren zapatuan. Ohikoa danez, egun osoko ekitaldia izango da alkarlanean Donostiako Udalak eta Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak antolatuta, Kutxa eta EITBren laguntzinoagaz.

Berrogeita seigarren edizinoa izango dau Bertso Egunak datorren zapatuan. Ohikoa danez, egun osoko ekitaldia izango da alkarlanean Donostiako Udalak eta Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak antolatuta, Kutxa eta EITBren laguntzinoagaz. 1968tik urtero-urtero Donostian egin izan da, 1970 eta 1980 urteetan izan ezik. Bertsolari Eguna zan lehen urteetan eta bertsolariak omentzen ziran. 1995. urtean, helburua aldatzea erabagi eban Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak eta ordutik mimoz atondutako saiakerea egiten da Kursaaleko oholtzan.


Jolastu nahi?

Hamabi aulki ikusten dira. Jolaserako jarrita dagoz aulkiak, bakotxa postura eta kolore batean. Bertsolariei jolaserako proposamena egingo jake, jolastea nahiko geunke, baina serio jolastea. Bertsotan egin deiela. Ez espero bestelako espektakulorik, bertso saio bat izango da.

Ainhoa Aranburu, Arnaitz Lasarte, Eñaut Agirre eta Josu Goikoetxea ibili dira idea landu eta gaiak sortzen. Urritik martxan dagoan gai-jartzaile eskolearen bueltan batu dira laurak.


Egitaraua

Hiru ekitaldi edo atal izango ditu Bertso Egunak:

12:00 Donostiako kaleetan: Bretxan, Konstituzio plazan eta Ikatz kalean.

18:00 Ekitaldi nagusia Kursaaleko Areto Nagusian.

21:00 Afaria eta jaia Manteo kiroldegian.

Goizean bertsolari piloa izango da kantuan, bederatzi danetara: Amaia Agirre, Iñaki Zelaia, Eneko Fernandez, Arrate Illaro, Xabi Igoa, Nahikari Gabilondo, Ander Elortegi, Unai Gaztelumendi eta Maddalen Arzallus. Saio bana egingo dabe Bretxako merkatu kanpoan, Konstituzino plazan eta Ikatz kalean. Eskarmentu handiko jentea eta bertsotan hasibarria dana alkarregaz kantuan jarri nahi izan ditue goizeko ekitaldian. Eguraldiak laguntzen badau goizetik hasiko da bertso jaia Donostian.

Arratsaldeko ekitaldian, hamabi bertsolari izango dira: Unai Iturriaga, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Nerea Elustondo, Eneko Lazkoz, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Andoni Egaña eta Amets Arzallus.

Gauean afaria eta jaia izango da Manteo Kiroldegian. Bat-bateko saioetan ibiliko dira kantuan Jone Uria, Beñat Gaztelumendi, Xebastian Lizaso, Irati Anda eta FrediPaia. Ondoren, Bat-batean ikuskizuna eskainiko dau Oskar Estangak.


Sarrerak

Afaritarako bada nahikoa sarrera oraindino eta ekitaldirako 500 sarrera gelditzen dira; barikura bitartean, www.bertsosarrerak.eus helbidean erosi daitekez. Sarrerarik gelditzen bada egunean bertan arratsaldeko lauretan zabalduko da Kursaaleko leihatila.


Sarreren prezioak ondokoak izango dira: 

- Ekitaldia + afaria: 40 euro (Sarrera arrunta), 33 euro (Bazkideentzako sarrerea) eta 30 euro (Gazteen sarrerea).
- Ekitaldia: 18 euro (Sarrera arrunta),  13 euro (Bazkideentzako sarrerea) eta 8 euro (Gazteen sarrerea).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu