Arriagaren 'Sinfonia para pequeña orquesta en fa mayor' lanaren edizino faksimila argitaratu dabe
2015-01-27 10:34 Musikea1806ko urtarrilaren 27an, Juan Crisóstomo de Arriaga Bilbon jaio zanetik 209. urteurrena beteten dan honetan, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak konpositoreak eskuz idatzitako Sinfonía para pequeña orquesta en fa mayor lanaren edizino faksimila argitaratu dau. Lan horren jatorrizko eskuizkribua British Library izenekoan dago.
1806ko urtarrilaren 27an, Juan Crisóstomo de Arriaga Bilbon jaio zanetik 209. urteurrena beteten dan honetan, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak konpositoreak eskuz idatzitako Sinfonía para pequeña orquesta en fa mayor lanaren edizino faksimila argitaratu dau. Lan horren jatorrizko eskuizkribua British Library izenekoan dago. Argitalpenak, lanari sarrerea emoten deutsien eta lana bera azaltzen daben testuak ditu, familiaren ondorengo zuzena izateaz gan musikariaren legatuan espezialista handienetakoa be badan Joaquín Pérez de Arriaga ikerlariak idatzitakoak.
Proiektu hau, haren jaiotzearen bigarren mendeurreneko ospakizunakaz bat etorriz 2006an hasi zan Arriagaren lan ezagunen faksimilak –15 liburuki– argitaratzeko lanaren jarraipena da. Oraingo honetan, eskuz idatzitako baina sinatu bako lana da, seguruenez Emiliano de Arriagak eskatutakoa. Ingalaterran dago gordeta, José de Arriaga e Ygartua haren semeak 1921ean British Museumari laga eutsolako. Bertako fondoak British Libraryra eroan zituen ondoren.
Orain arte egin dan legez, argitalpen faksimil honen 500 ale inprimiduko dira, baina ez dira salgai jarriko, doban banatuko dira Euskadiko Autonomia Erkidegoko, estadu espainiarreko eta atzerriko hainbat liburutegitan, erakunde publikotan eta musika erakundetan, oso gazte zala, 20 urte bete barik, hil zan musikari bilbotarraren lana ezagutzen eta zabaltzen laguntzeko.
Joaquín Pérez de Arriaga ikerlariaren hitzaurrean adierazoten danez, lana Bilbon estreinau zan, Sociedad Filarmónican –bertako lehenengo Presidentea Emiliano de Arriaga izan zan– 1924ko urtarrilaren 23an. Partiturak 22 orri ditu, azalean obrearen izenburua dago, eta ganerako 21 orrietan, Juan Crisóstomo de Arriagak 12 urte zituala (1818an), bi biolinerako, biolarako, baxurako, txirularako, bi klarineterako eta bi tronparako idatzitako sinfoniaren 41 orrialdeak dagoz.
Sarbide librea eta unibersala
Idatzi zituan lan gehienek, haren partituren esku-izkribu sinatuek, ondoren eskuz egindako kopiakaz batera, haren lanaren edizinoek, kontzertuen programek, gutunek eta bestelako dokumentuek, gehienak familiak Bilboko Udalari emondakoek, ondarearen eta ikerketearen ikuspegietatik balio handia dauen dokumentu multzoa osotzen dabe.
Fondo hori guztia izan zan 2006an ospatutako musikariaren jaiotzearen bigarren mendeurreneko ospakizunen ardatza. Momentu haretan hasi zan, baita be, jatorrizko lanak eta kopia zaharrenak digitalizetako lana, musikarien eta ikerlarien esku jarteko. Gaur egun 34 dira Bilboko Udal Liburutegi Sarearen artxibo digitalean, www.bilbao.net/bld helbidean, konsultau daitekezan lanak. Horrezaz gan, Liburutegian bertan, ikerlariek, aurretik hitzordua eskatuta, digitalizauta ez dagoan fondo historikoa be konsultau ahal izango dabe.
Digitalizazinoa egin ondoren, hurrengo pausua faksimilen argitalpena izan da. Lan hori egiteko ezinbestekoa izan da konposatzailearen ondorengoa dan Joaquín Pérez de Arriagaren laguntzinoa. Bera izan da argitalpen honetan zein aurrekoetan testuak atontzeaz eta partiturak antolatzeaz arduratu dana, liburukietan aurkeztu ahal izateko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!