Mongolia honezkero ez da nomaden herrialdea (eta II)
2015-01-22 14:41 BidaideNomada batentzat sano gatxa da bertakotzea eta horren adibide argia da Ankhtsetseg Bardal. Orain urtebete alde egin eban Ulan Batorretik 400 bat kilometrora dagoan Orkhon probintziatik eta yurta kanpo auzoetan ezarri eban bizitokia.
Nomada batentzat sano gatxa da bertakotzea eta horren adibide argia da Ankhtsetseg Bardal. Orain urtebete alde egin eban Ulan Batorretik 400 bat kilometrora dagoan Orkhon probintziatik eta yurta kanpo auzoetan ezarri eban bizitokia. Senararren familian hamar anai-arreba dira eta guk hamar behi eta 30 bat ardi eta ahuntz geunkazan bizirauteko. Ez zan nahikoa eta, beraz, hona etortea erabagi neban. Ger etxea desmuntau, kamioian kargau eta Bardalek hile batzuk lehenago izandako umeagaz eta haren senarraren amumagaz, gaur 89 urte eta osasun arazoak dituan Yunrenegaz ekin eutson bideari. Abereak saldu genduzan hemen lurra erosteko eta ahal dauenean eraikuntzan lan egiten dau. Arazoa, barriz, negua izaten da, izan be, laupabost hile izaten dira eta ez da egoten ezer egiteko eta diru-sarrerarik be ez da egoten.
Aitatu senar-emazteen erabagia, beste askorena legez, ezinbestean hartutakoa izan zan. Abererik ez badaukazu lur zabalean bizitea ezinezkoa da. Nomada bizimoduari eutsi gura geuntsan, natureagazko kontaktuaren hutsunea asko igarten dogu baina gure seme-alabei jaten emon behar geuntsen eta hori ezinezkoa iznago zan. Bardal umedun dago orain barriro eta sinistuta dago bizi baldintzak sano gogorrak izan arren, Ulan Batorren aukera eta bizimodu hobea izango dituela euren seme-alabek. Egia da oraintsura arte ez geunkala argindarrik ger bizilekuan eta dagozan leku apurretan, uri-kanalizazinoak be txarrak dirala. Pobrezia gorria dago hemen eta delinkuentzia larregi be bai. Baina hemen ogibide bat baino gehiago topau daiteke eta lur zabalean abeltzaintzeari esker baino ezin daiteke biziraun. Arazoa da nomaden portzentaje txiki batek gero eta abelburu gehiago kontroletan dituala eta ganerakoek, barriz, estu eta larri dabilz bizirauteko.
Bardalen eta txabola auzo bitxi horreetan bizi diran guztien helburua yurta baztertu eta hormigoizko apartamentu bat erostea da. Baina ez da bape erraza. Ger bi eregiteko lurra lau miloe tugrug, 1.800 euroan erosi eben (senarraren familia be eurekaz biziko da) eta diru horregaz bazter auzoetan metro koadro bi erosteko baino ez dau emoten. Ganera, etxebizitzen prezioa gora doa eten barik herrialdeak bizi dauen zabalkunde ekonomikoaren eraginez eta meatzaritzan edota administrazinoan lan egin ezean, holako etxebizitza bat erostea ezinezkoa da. Txarrena da aldi baterako bizimodua behin betiko bihurtzen dala kasurik gehienetan.
Sukhtogoo jn.ak ondo baino hobeto dakiz kontu horreek guztiak. 1965ean alde egin eban lur zabaletik eta gaur egun yurtan biziten jarraitzen dau. Damututa nago hartutako erabagiaz baina ganadua saltzen dozunean ez dago atzera bueltarik. Itxaropena galtzen zoaz apurka-apurka eta azkenean bizirautea besterik ez daukazu buruan. Jentea ilusino handiagaz etorten da baina errealidadea oso gogorra da, errukibakoa. Beraz, ez da harritzekoa jentea mozkortzea, gizonezkoek euren emazteak jotea eta umeak drogak konsumiduten hastea. Mongoliarrak beti izan gara libreak, horma-barruetan ez dakigu biziten. Espero dot belaunaldi barriek gure hanka-sartzeak ikusi eta ikastea.
Gobernuak badaki yurtaz jositako bazter auzoetan arazo larriak dagozala eta horreei konponbidea emon guran, igaz plangintza berezia onartu eban aitatu auzoak goitik behera aldatzeko. Lehenengo eta behin beharrezko azpiegiturak eregiko ditue egun basaz eta zuloz betetako kaleak uri barriztuaren ikur izan daitezan eta, era berean, eskolak eta osasu-zerbitzuak abiarazotea aurreikusten da. Horretarako, Garapenerako Asiako Banketxeak 2013. urtera bitartean inbertiduteko 246 miloe euroko kreditua emon dau. Beste alde batetik, Udalak gitxienez 70.000 familientzako babes ofizialeko etxebizitzak eregi nahi ditu eta dagoeneko hartu-emonak hasi ditu eraikuntza enpresakaz. Etxebizitza horreek guztiak eregiko balira, edifizioetan bizi diran herritarren portzentajea egungo % 40tik %58ra pasauko litzateke 2020. urtean eta % 70,1era 2030ean. Hil ala bizikoa da aitatu plangintzea gauzatzea, ez bakarrik yurtatan bizi diranentzako baita ganerakoentzat be. Gaur egun uriburuak ezin lei jente gehiago hartu. Izan be, Nazino Batuen txosten baten arabera, gaur egun uri barruan 375.000 ibilgailu inguru dabilz eta pilaketak erta arazoak upealakoak izaten dira; edozelan be, 2020. urtean 900.000 izan daitekez. Garraio publikoa aitatu portzentajearen % 1 baino ez da eta normalean bazter auzoetara ez da heltzen, apartheid sentsazinoa areagotuz. Eskolara joatea edo erosketak egitea sano gatxa da ze dana geratzen da oso urrun eta ger eremutik kilometro batzuetara ordu erdirik behin pasetan da autobusa, adierazo dau Bardalek.
Edozelan be, Ulan Batorreko urigintza prozesuari ekin aurretik, horrenbeste jente lekualdatu eta birkokatzeko planakaz hasi baino lehen, uriguneetan lur-kontzesinoak araupetzen dituan legeria aldatu edo zorroztu beharko leuke Gobernuak, ze herritar guztiek daben lur-arloa izateko eskubidea nahikoa polemikoa da eta tirabirak eragiten ditu (Lur gehiena Estaduarena da, 1990ean, Mongoliak komunismoa baztertu eban arren). Askok edonon, gura daben lekuan, eregiten dabe ger etxea legez agindutako administrazino prozedureari jaramonik egin barik, oraindino estepan egongo balira legez kritikau dau Batar Boldek, aspaldi seme-alabak unibersidadera bialtzeko amesagaz Ulan Batorrera etorritako 65 urteko gizonak. Bien bitartean, familia bat kanporatu egin dabe yurta legez kanpo ezartzeagaitik eta gauzak maletak sartzen dagoz.
Horrezaz gan, Mongoliako politikoek nahikoa lan izango dabe gizarte mailan diran gorabeherak jagoten ze ger auzoetan giroa bero-bero dago. Aberatsek lur-arlo handiak pilotzen ditue eta lur-jaube handien antzera jokatzen dabe politikari ustelen babesagaz, salatu dau Boldek. Giro horretan, Txinan ohikoagoak diran gorabeherak gero eta sarriago ikusten dira Mongolian be eta gaur egun Ulan Batorren ohikoak dira Louis Vuitton dendak eta sobietar kotxe zaharren ondoan azken belaunaldiko kotxeak. Pena handia daukat ze nomadok milaka urteko bizimodua galdu dogu onartu dau Boldek. Gaur egungo egoereari bueltea emotea gatx ikusten dot.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!