Verneren 'Mikel Strogoff' eta Conraden 'Ilunpeen bihotzean' lanak, Urrezko Bibliotekan
2015-01-08 10:37 KultureaKarlos Zabalak itzuli dau Jules Vernek 1876an kaleratutako Mikel Strogoff eta, Iñaki Ibañezek, Joseph Conradek 1902an argitaratutako Ilunpeen bihotzean. Elkar etxeak plazaratu ditu, Urrezko Biblioteka izeneko bilduman, 11. eta 12. aleak dira, hain zuzen be.
Karlos Zabalak itzuli dau Jules Vernek 1876an kaleratutako Mikel Strogoff eta, Iñaki Ibañezek, Joseph Conradek 1902an argitaratutako Ilunpeen bihotzean. Elkar etxeak plazaratu ditu, Urrezko Biblioteka izeneko bilduman, 11. eta 12. aleak dira, hain zuzen be.
Literatura Unibersala bildumako lehenengo 100 izenburuak eskuraezinak dirala ikusita, obra horreek papelezko liburu forman berreskuratzeko plangintzea diseinatu eban EIZIEk 2010. urtean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailagaz daukan lankidetza-hitzarmenaren bitartez. Urrezko Biblioteka ipini jakon lan berrargitaratuen bildumeari, eta Elkar argitaletxeari esleitu eutsien liburuok argitaratzeko lana. Aspaldi itzulitako lanak diranez, orraztu eta zuzendu egin dira berrargitalpenak.
Ilunpeen bihotzean eleberri laburra 1898-1899an idatzi zan, eta, atalka argitaratu ostean, 1902an plazaratu zan liburu itxuran. Joseph Conradek gaztetan Belgikaren mendeko Kongon egindako bidaian hartzen dau inspirazinoa, Leopoldo erregeak ustiaturiko kolonia haretako krudelkeria salatzeko. Marlow marinelak egindako ibilbidearen kontakizunaren azpian, barriz, gizakien emozinoei buruzko azterketa konplejua garatzen da, eta Conraden gai obsesiboetako batzuk agiri dira, esaterako, gizakiaren bakardadea eta haren burrokea izadiaren indar kontrolaezinen kontra.
Mikel Strogoff tsarraren mezularia da. Tatariarrek Siberiako bidea eta telegrafo haria ebagi ditue eta uri nagusiak setiatu. Tsarraren anaia Irkutsken dago, Moskutik 5.200 verstara, eta ez daki zein arrisku handitan dagoan. Tsarrak mezua bialdu deutso mandatari baten bidez. Eta Mikel Strogoff Moskutik abiatu da Irkutskera bidean. Baina Ivan Ogareff traidorea be harantz doa. Baita Nadia be, aita erbesteratuagaz alkartzeko asmoz. Kazetari ingeles bat eta frantses bat bere bai, danaren barri emotera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!