Kabiak, Hika Teatroak eta Pabilioi 6k 'Gau arabiarra' testuagaz sortutako obrea estreinauko dabe

Bizkaie! 2015-01-07 17:14   Kulturea

Danetara bederatzi aktorek eta Beatboxer batek osotzen dabe lana, bai euskerazkoan eta baita gaztelerazkoan be. Hiru zuzendarien alkarlanaren bitartez sortu dabe, eta gaztelerazko produkzinoa 2015eko urtarrilaren 23an estreinauko dabe Bilboko Pabilioi 6 aretoan, eta euskerazkoa, barriz, martian, Donostian

Danetara bederatzi aktorek eta Beatboxer batek osotzen dabe lana, bai euskerazkoan eta baita gaztelerazkoan be. Hiru zuzendarien alkarlanaren bitartez sortu dabe, eta gaztelerazko produkzinoa 2015eko urtarrilaren 23an estreinauko dabe Bilboko Pabilioi 6 aretoan, eta euskerazkoa, barriz, martian, Donostian.

Gau Arabiarra Euskadiko hiru erakunderen alkarlana batzen dauen produkzino artistikoa da: Kabia, Bilbon 2006an sortutako ikerketa talde gaztea, Hika Teatroa, 25 urte baino gehiagoko ibilbidea dauen antzerki talde donostiarra eta Pabilioi 6, sormen eta aurkezpenerako espazio bilbotarra. Horrezaz gan, Euskal Herriko zein Kataluniako freelance profesionalak be proiektuan parte hartzen dagoz.

Lan honegaz, hiru hilebete baino gehiago daroez entseguetan, eta abenduaren hirugarren astean, Bilboko Harrobian -Produkzino eszenikoen barrikuntza gunea-, lehen entsegu teknikoa egin eben. Orain, Pabilioi 6ko gaztelerazko agerraldirako azken muntaia artistiko eta teknikoa landuko dabe. Aldi berean, euskerazko taldea be lanean dabil Gau Arabiarraren estreinaldirako; testua Arantxa Iturbek itzuli dau, eta Donostian estreinauko dabe martian.

Produkzino bi horreetan honako aktore honeek parte hartuko dabe: Ramon Bareak eta Kandido Urangak Lomeier personaia antzeztuko dabe, batak gazteleraz eta besteak euskeraz, Oskar Garciak eta Ramon Agirrek be gauza bera egingo dabe Kalilegaz, Maria Goiricelayak eta Ainhoa Aierbek Fatimagaz, eta beste horrenbeste Gabriel Ocinak eta Martxelo Rubiok Karpatigaz. Aldiz, Ane Pikazak, Frantziska interpretauko dau bi bersinoetan, eta baita, Iker Vergara (Mufasah) Beatboxerrak be. Azken honek obrearen soinua sortuko dau zuzenean.


Alkarlanari esker gauzatutako proposamena

Borja Ruiz, Kabiako zuzendaria, eta Laia Ricart, aktore eta zuzendari freelancea, dira La noche Arabeko, gaztelaniazko bersinoaren lehen entseguak zuzenduko dituenak. Ondoren, Hika Teatroko Agurtzane Intxaurragagaz jarriko dira harremanetan, bi erakundeen kolaborazino artistikoa proposatuz. Zuzendaritza artistiko hirukotxa dauka proiektu honek eta ustez arriskutsua zein erakargarria dan ideia hau aurrera eroateko asmo bateratua. Horreekaz batera, Pabilioi 6, eurek sortutako produkzinoak edo koprodukzinoak sustatzen ditue, eta horren adibide da Pabilioi 6 Antzerki Laborategia deiturikoa. Obrak eszenatokian denporaldi batez egoteko aukerea eskaintzen dabe, eta modu horretan, publikoaren erantzuna indartzen laguntzen dau, eta baita, proiektuen garapen artistikoa sendotzen be.

Hiru proiektuon hurrekotasuna (fisikoa eta artistikoa) kontuan hartuta, jatorri desbardineko profesionalen, euren ezinegonaren eta lengoaien fusinoaren alde apustu egiteko aukerea sortu da, eta obrea gazteleraz nahiz euskeraz aurkezteko proposamena aurrera eroango dabe. Testua bikaina da. Erritmoa, personaia liluragarriak eta amaierara arte tensinoari eusten deutson istorioa. Gainera, kontetako modua be berezia da, zitala eta zuzena. Testuak ikuskizunaren produkzino hutsetik harago joateko aukerea eskaintzen dau: lengoaia berezi baten bila, istorioak esan nahi dauenaren eta aktoreek kontauko dabenaren arteko alkartasun baten bila, antzerkiaren eta bere ikusleen arteko hurreraketearen bila, hain zuzen.

Gau arabiarra eguna gau bihurtzen dan momentu magiko horretan hasiko da. Iragana, bizitakoak, arbasoak, personaiek bizitzan zehar izaten dituen gorabeherak, gomuta primitiboak zein gizakiaren sinismenak jorratuko ditu.

Gau Arabiarra, edukian eta forman magiaz betetako istorioa da: bost personaia, egiten dabena esanez eta esaten dabena eginez, ziztu bizian bizitako ekintzatik narrazinora salto eginez. Pentsetan dabena biziz eta biziten dabena pentsauta. Personaiaren bizipenetatik istorioen kontalari izateraino doan joko eszenikoa miatzea izan da, beraz, testu hau aukeratzerako orduan gakoa.

Istorioa errealismotik abiatzen da. Udako gau bero baten eraikin horretan topo egiten dabe pertsonaiek. Laster, ostera, oroimena lanbrotzen daben ames, amesgaizto edota bien arteko nahasmenetik sor daitekezan espazio eta istorio onirikoetara salto egingo dabe.

Bestalde, Iker Vergara Beatboxerrak zuzenean antzezten dauen giroa erabagiorra izango da kontakizun guztiak alkar josi eta elikatzeko.

Gau Arabiarrak erakutsiko deusku alkarlana dala artea biziten dagoan bolada gogor honetan aurrera egin ahal izateko dagoan bide eta aukera bakarra, lan talde osoaren arteko konplizidadeagaz eta hartu-emonakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu