50 urte Arratiako tranbia barik

Jon Urutxurtu 2014-12-01 14:02

Ehun urtetik gora igaro dira, gehienbat Arratiako tranbia izenagaz ezagutzan dan Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa jaio zanetik, eta 20014ko zemendiaren 30ean haren heriotzearen 50. urteurrena bete da.

Ehun urtetik gora igaro dira, gehienbat Arratiako tranbia izenagaz ezagutzan dan Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa jaio zanetik, eta 20014ko zemendiaren 30ean haren heriotzearen 50. urteurrena bete da. Tranbia ekologikoa eta isila zan, baina batez be ezinbesteko erreferentea erabili behar izaten eben lagunentzat. Urteak aurrera joan ahala eztanda-motorea, gasolinearen eta petrolioaren sasoia heldu zan. Eta orduan, 1964ko zemendiaren 29an, Arratiako tranbiaren heriotzea gertatu zan.

Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren —TBDA— historia arakatzeak XIX. gizaldiaren amaierara salto egitea dakar, 1898an Sustapen Ministerioak lurrun-tranbiaren kontzesinoa Angel Iturralderi emon eutson momentura hain zuzen be. Dana dala, tranbia hareek inoiz be ez ziran ibili lurrun-makinak mobiduta, eta 1899ko urri lehenengoaren 2an, Lemoa-Artea tartearen behin-behineko inaugurazinoa egin zanean, lehen tranbiak animalia-trakzinoaren bidez ebilzan. Inaugurazinoagaz batera, Automóvil Vitoriana konpainiak, Barazar mendatetik igaroz, Areatza eta Gasteiz lotzen zituan autobus-zerbitzua jarri eban martxan.

1902ko garagarrilaren 5ean, probak egiteko lehenengo tranbia elektrikoa Durangora heldu zan; aste batzuk beranduago Lemoa-Zeanuri tartean trakzino elektrikoa eukan zerbitzua hasi zanez, animalia-trakzinodun tranbiak kendu egin ziran. Azkenik, egun handia heldu zan, eta 1902ko abenduaren 7an, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren behin betiko inaugurazinoa izan zan. Amorebieta-Etxano, Durango eta Arratiako herriak euren artean eta Bilbogaz lotzen zituan garraiabideak Arriaga Antzokiko plazatik urteten eban Lemoara zuzentzeko, eta hemen linea bitan banatzan zan: Durangorantza edo Zeanurirantza. Tranbiabidearen luzerea, guztira 49,21 kilometrokoa zan; horreetatik 20 Bilbo (Arriaga) eta Lemoako tarteari egokozan; Lemoatik Durangorako lineak 14,6 kilometro eukazan, eta antzerako luzerea eukan Lemoatik Zeanurirako tarteak.


Bidaiaren eta merkantzien garraioa

Tranbiaren lehenengo urteetan lehia zorrotza izan eban Bilbotik Durangorako trenbide estua ustiatzen eban Konpainia Zantralagaz, baina 1911ko bagilaren 12an, Ferrocarriles Vascongadosek Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren akzino guztiak erosi zituanean, amaierea emon jakon bi enpresen arteko burrukeari. Hurrengo urteetan zerbitzuaren hobetzeari ekin eutsien jaube barriek: azpiegiturak barriztau eta bidaiarientzako bagoien kanpoko itxurea —ordura arte egur barnizatutakoa zan— aldatu eta beilegiz pintau zituen.

Urte horreetan bidaiarien eta merkantzien trafikoak gora egin eban, adibidez 1929an, 4.196.460 persona eta 89.287 tona merkantzia garraitu zituen. Kontuan izan behar da linean hainbat lantegira sartzeko bazterbideak egozala: Barbierera, Abusun; Santa Anara, Boluetan; Basconiara, Basaurin; Firestonera, Urbin; Elpidio Bartolomera, Cementos Lemonara, eta La Flechara, Lemoan, eta abar.


Ebaketak tranbiabidean

60 urtetik gorako historian tranbiabidearen errailak tarte baten baino gehiagotan ebaketak jasan zituen. Holan, gerra zibilagaz Amorebieta-Durango tarteko zerbitzua eten egin zan, eta gerrea amaitu ostean, kalteak ez ziran konpondu; alde batetik, konponketen gastuak handiak ziralako eta bestetik, Ferrocarriles Vascongados Konpainiak zati hori eusteko interesik ez eukalako, trenbidearen zerbitzuagaz nahikoa zala uste eben eta. Gainera, aldi berean Bilboko terminala Arriagako plazatik, antzokiaren atzeko aldera lekualdatu zan. Sasoi honetan, trafikoa, batez be bidaiariena, etenbarik hazi zan; hazkunde horren zergaitien artean, estraperloa eta Ariz-Urbi-Galdako aldean gero eta handiagoa zan industrializazinoa azpimarratu behar dira.

1950eko martiaren 27an, Lemoa eta Amorebieta lotzen zituan tartea zarratu bazan be, 1952an Arratiako tranbiak diru-sarrerei zein bidaiarien trafikoari jagokenez, gorengo emoitzak izan zituan, izan be, danetara 6.749.914 persona garraiatu zituan. Merkantziek, ostera, errepidetik garraiatzeko zerbitzuak ugaritzen ziran neurrian, beherantzako joera atzemon zan. Hasieran, 1953ko zanbakiek aurreko urteko jokerea azaltzen baeben be, urri bigarrenaren 15eko uriolak Urbin, Nerbioi ibaiaren gaineko zubi metalikoa aurretik eroan eben eta 1954ko zezeilaren 24ra arte zerbitzua ez zan berrezarri. Gainera, Bilboko Barandiaran eta Urazurrutiako kaietan ibaiertzeko hormearen zati handia hondatu egin zan eta, egoera hau aprobetxatuz, uriburuko udalak Arriagako plazarako sarbidea kendu egin eban; aurrerantzean tranbiak Barandiarango kaietan hasi behar izan eban zerbitzua.


Iragarritako heriotzea

Hemendik aurrera, Arratiako tranbia hilzorian sartu zan. Alde batetik, bidaiariak etenbarik galtzen joian eta bestetik, bere egoera ekonomikoa gero eta larriago zan. Horrezaz gan, linearen pareko errepideetan zirkulazinoa apurka-apurka gehitu egin zan, eta tranbia eta automobilen arteko bizikidetzeak txarrera egin eban, tranbia oztopotzat joten hasi ziran eta. Testuinguru horretan, 1956ko abuztuaren 1ean Galdakao (Plazakoetxe)-Lemoa kentzeagaz, ibilbideak anputazino larria jasan eban; ondorioz, linea euren artean lotura bako bi tartetan zatituta geratu zan: Bilbao (Barandiaran)-Galdakao, 10 kilometrokoa, eta Lemoa-Zeanuri, 15 kilometrokoa. Urte bi beranduago, 1958ko urri bigarrenaren 1ean Urbi (Firestone)-Galdakoa (Plazakoetxe) tartea eta Zeanuriko erdigunerako sarbidea kendu zituen. Itxiera horreek merkantzien garraioa ia guztiz desagertzea eta bidaiariena etenbarik murriztea ekarri eben.

Argi egoan, 1962ko abenduaren 5ean, Arratiako tranbiarako administrazinoaren kontzesinoak balioa galdu eban egunean, zerbitzua bertan behera itxiko ebela. Ha eta guztiz be, ordezko autobus-lineak ezartzeko administrazinoaren baimenak ez ziran heldu, eta tranbia zaharrek 1964ko zemendira arte beharrean jarraitu eben. Azken hilebeteetan Zeanuriko geltokia be lekuz aldatu behar izan eben: 1964ko udabarrian, 240-N errepideko obrak zirala eta herrigunean egoan geltokia kendu eta 500 metro aurreragora, Olabarrira, eroan eben.


Azken biajea

1964ko zemediaren 29an, domekan, egin eban bere azken biajea Arratiako tranbiak. Egun euritsua izan zan, baina ospakizun eta jai giroan agur esan jakon tranbiari, batez be mendizaleen aldetik. Honeek, Arratiako garraiobide omendu guran, tranbia bi alokatu zituen; goizeko bederatzietan Lemoatik abiatuz, Igorre eta Areatzan gelditu ostean, hamabi eta erdiak inguruan Zeanurira heldu ziran. Hemen bazkaldu eta txistu eta tanbolinaren soinuaz jantzan egin eta gero, barriro Bilborantz itzuli ziran, Lemoan trena hartuz.

Zemendiaren 30ean, tranbiaren bidaiak amaitu ziran. Aurrerantzean, Bilbotik joan-etorria egiteko arratiarrek izan eben garraio publiko bakarra autobusa izan zan.

José Félix Garairen —Arratiako tranbiaren zale amorratua— arabera Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa enpresea itxi zanean, 74 langilek egiten eben behar bertan, eta euren etorkizuna holan geratu zan: 9 langilek enpresa berean jarraitu eben; 34ri krisi espedientea zabaldu eutsen; 21 Ferrocarriles Vascongadosera, beste 9 Autobuses de Arratiara igaro ziran, eta batek dimisino boluntarioa aurkeztu eban.
   

Azken errastua

1965ean, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa enpresan geratzen zan materialaren enkantea agindu eben. Dana dala, 1964ko abenduaren 1ean, El Correo egunkarian Juan Buxens kazetariak idatzi ebanaren arabera, bi tranbia ataltzetik libratzeko asmoak egozan: Sí. Algunos irán al desguace. Pero no todos. Es casi seguro que dos de ellos continuarán viviendo (...). Si se llega a un acuerdo, y esto parece que será fácil de conseguir, dos de los tranvías podrán ser admirados durante muchos años. (...) Si ese acuerdo del que hablábamos se lleva a efecto, uno se instalará en el Bolinchu (La Peña). Va a ser adquirido por el conocido Elicio para instalar sobre él un merendero público (...). El otro tranvía será comprado, probablemente, por don José Aguilar para instalarlo en su jardín de Vildósola.

Kontuak kontu, azkenean ataltzetik salbau zan tranbia bakarra Migel Atutxak erosi eban, eta Igorren, Garbe auzunean eukan Hostal Aranzazu ostatuaren ondoan jarri eban. Hamar zenbakidun tranbia zan, alde batean Ceanuri eta bestean Bilbao karteltxuak eukazana. Gomazko gurpilen gainean eta lau mandok tiratuta egin eban Lemoatik Garberainoko bidea, txistulari, trikitilari eta albokarien doinu eta jentearen txalo eta oihuen artean. Garberainoko bidaia hori garai haretan hain ospetsua zan Nodo albistegirako filmau eben, eta irudiak Estadu osoko zinema-aretoetan ikusi ziran.

Zoritxarrez, laster, 1965ean bertan, uriolek Arratiako tranbiaren azken errastu hau aurretik eroan eben.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu