Kepa Junkerak 'Trikitixaren historia txiki bat' disko-liburua aurkeztu dau Errekalden

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-11-25 14:52   Musikea

Rekalde auzunean, gurasoen etxe-aurrean, hortxe aurkeztu dau Kepa Junkerak, Sorginak taldeagaz batera, Trikitixaren historia txiki bat liburu-diskoa. Musika munduan daroazan 35 urteak behar barri honegaz ospatu gura dituela esan dau aurkezpenean, lagun, ezagun eta auzokoez inguratuta. Bihar kontzertu akustikoa eskainiko dau Bilboko Elkar dendan, 18:30ean.

Rekalde auzunean, gurasoen etxe-aurrean, hortxe aurkeztu dau Kepa Junkerak, Sorginak taldeagaz batera, Trikitixaren historia txiki bat liburu-diskoa. Musika munduan daroazan 35 urteak behar barri honegaz ospatu gura dituela esan dau aurkezpenean, lagun, ezagun eta auzokoez inguratuta. Bihar kontzertu akustikoa eskainiko dau Bilboko Elkar dendan, 18:30ean.

Hamazazpi pieza batu ditu trikitilari bilbotarrak, batzuk berak sortutakoak, eta beste batzuk, aspaldikoak. Aititak eta gurasoek zabaldu eutsien musikearen mundua, eta disko honen bitartez bere esker ona adierazo nahi izan dau. Hemen, auzo honetan, kale honetan, hasi nintzan joten. Hemen entzun nituan lehenengoz panderoa eta trikitixea. Horregaitik, eskerrak emon gura deutsiet. Roman Urraza aititeren pandero zaharra mahai ganean euki dau, eta Kontxa Urraza ama lehenengo ilaran egon da.

Porrusaldea, arin-arina, fandangoa... ditu osogai nagusi diskoak, eta trikitixea, panderoa eta ahotsa ditu ardatz, baina beste zeozer gehitzeko ahalegina egin dau Junkerak, nire ekarpena egin dot. Beste sonoridade bat emon deutsie panderoei konponketen bitartez, esaterako. Mikel F. Krutzaga izan da teknikaria, soinu oso berezia emon deutso, nabarmendu dau.

Makina bat trikitilari ditu gogoan Errekaldeko musikariak Trikitixaren historia txiki bat beharrean, miresten dodazen musikariak dira. Lehengo eta gaur egungoak batu ditu, Maurizia Aldeiturriaga, Iñaki Garmendia Laja, Jose Ramon Zubizarreta Landakanda, Luis Alberdi Zubizarreta Zabale eta Manuel Arrizabalaga Izer, Joseba Tapia eta Xabier Berasaluze Leturia, besteak beste. Baina, danen artean baten bat aukeratu beharko baleu, Laja eta Landakanda aukeratuko ei zituan. Trikitixearen urrezko sasoia ondoen erakusten dabenak dira, azaldu dau.

Abestien izenburuetan bere agirian dago lehengo trikitilari eta pandero-joleei egin gura izan deutsien omenaldia: Primi, Romualda, Andresa, Leona, Mikaela, Pantxika eta Martzelina, Laja eta bere txapelak, Epelderen irribarrea, Sakabi Fasiorekin hizketan eta Landakanda, Iturbide eta Motriko.

Sorginak taldeko zazpi kideak be aurkezpenean izan dira, Amets Ormaetxea, Eneritz Aulestia, Leire Etxezarreta, Irati Gutierrez, Garazi Otaegi, Maria Lasa eta Alaitz Eskudero. Pozarren dagoz proiektuagaz. Oso pozik gagoz. Esperientzia oso interesgarria da guretzat, eta asko gabilz ikasten Kepagaz, esan dabe.

Liburuko testuak Joxean Agirrek idatzi ditu, eta erretratuak, Igotz Ziarretak egin ditu.

Egunotan zuzeneko akustikoak emongo ditue: zemendiaren 26an, Bilboko Elkar liburu-dendan, eta abenduaren 4an, Gasteizkoan; abenduaren 5ean, Donostiako Fnac dendan. Galdakaoko Torrezabal kultur etxean eskainiko dabe lehenengo emonaldia, abenduaren 13an, 21:00etan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu