Seulen, ura osasunbide

Zigor Aldama 2014-11-13 17:33   Bidaide

Zeozer arraroa igarten da Cheonggye plazan. Sorginkeria kontua izango balitz lez, harrizko horma batetik ur-jauzi ikaragarri batek urteten dau Hego Koreako uriburuko, Seuleko, erdigunean. Kandelearen Iturria da, urigintza-erabarritze proiektu interesgarri baten abiapuntua. Chenggyecheonek onura ekonomiko handia ekarri deutso uriburuari.

Zeozer arraroa igarten da Cheonggye plazan. Sorginkeria kontua izango balitz lez, harrizko horma batetik ur-jauzi ikaragarri batek urteten dau Hego Koreako uriburuko, Seuleko, erdigunean. Kandelearen Iturria da, urigintza-erabarritze proiektu interesgarri baten abiapuntua: Chenggyecheoen errekatxua, 2005ean berreskuratu zan antxinako ubidea, uritzarraren garapen ekonomikoa katalizetako kapaz dan elementu naturala lehengoratzea, hain zuzen be. Modu berean, zuztar historikoak berreskuratu gura ditue, eta urigintza jasangarriagoaren oinarria ipini.

Eta zelako arrakastea izan dauen. Chenggyecheonek uri barruan dituan 10,8 kilometroak bake-oasi bat dira Seuleko astrapalaren erdian. Bai bertokoek bai turistek asko eskertzen dabe, baina beste arlo batzutan be eragina dauka: uriolak izateko arriskua eragozteko balio dau; biodibersidadea % 639 hazi da leku horretan -lehen 62 landara mueta eta 4 arrain mueta egozan, orain 308 eta 25, huranez hurran- ; bero-ugarte efektua gitxitu egin da -alboko kaleetan tenperaturea 3,3 eta 5,9 gradu bajatu da-, kutsadurea be gitxitu da -74 mikrogramo partikula kaltegarri egozan metro kubiko bakotxeko, gaur egun, 48-.

Errekeak euri-sasoian besterik ez dauka urik, horregaitik ganerako hileetan 120.000 tona ur sartzen ditue, 40 zentimetroko sakonerea euki daian. Chenggyecheon adibide bikaina da erakusteko gizakia kapaz dala bere ingurua naturearen onerako aldatzeko, eta osasungarriagoa egiteko. Izan be, errekearen alboetan 29 habitat eregi dira, beste hainbat ekosistema batzen dituenak, berbarako, padureraren ekosistemea. Bertan babesa topau dabe hainbat hegazti eta anfibio migratzailek; orain, uritzarraren erdi-erdian, asfaltozko oihanean, etxea daukie. Hori danori gitxi balitz, erreka inguru horreek kultur jarduerak egiteko erabilten dira, lehen, barriz, kotxez ganezka egozan. Ubidea, beraz, Joseon (1392-1910) dinastiakoaren bersino hobetua bihurtu da.

Proiektuak 200 miloeko inbersinoa ekarri eban, eta Koreako Gerrearen (1950-53) ostean, errekatxua tapauz, eregi zan autobidea desegitea bere bai. Garapen industriala bideratzea zan orduko asmoa. Seuleko Udalak kritika ugari jaso zituan diru asko gastau ebalako. Orduan Lee Myung-bak zan alkatea, ostean herrialdeko peresidentea izan dana. Baina estadistikek argi erakutsi dabe oinarri bako kritikak izan zirala. Chenggyecheonek onura ekonomiko handia ekarri deutso uriburuari; ubidean zehar sortutako negozioak % 3,5 hazi ziran, uriko ganerako lekuen aldean bikotxa, eta inguruan behar egiten dauen jentearen kopurua % 0,8 gehitu zan, uriko beste zonaldeetan barriz behera egin eban, % 2,6. Ganera, lurzoruaren prezioak gora egin dau han, % 30 eta % 50 artean, eta proiketuak 64.000 bisitari erakarten ditu egunean.

Alde handia bada be, Chenggyecheoneko proiektuak Bilbon errioagaz gauzatutakoa gogoratzen deust. Gaur egun, ingurua guztiz aldatuta dago Bizkaiko uriburuan. Umetan gogoratzen dot ez genduala errekara hurreratu be egin gura, han egoan hatsa ikaragarria zan eta. Gaur egun, garbitze-prozesu luze baten ostean, eta hondakin-urak kanalizeta, uger egiteko probak egiten dira eta salto-lehiaketak. Bai Seul bai Bilbo industria-jarduerak hondatutako uriak izan dira, eta biek topau dabe uragaz terapia egokia euren aldaketarako XXI. mendean. Nerbioi eta Chenggyecheon errekek erakusten deuskue garapena eta natureari errespetua alkarregaz lotuta egon daitekezala, eta ganera kide ezin hobeak izan daitekezala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu