Muse talde ingelesak 2015eko Bilbao BBK Live jaialdian joko dau

Bizkaie! 2014-11-12 09:50   Musikea

Joan dan urriaren 3tik, barriz, Muse taldea buru belarri lanean dago estudioko zazpigarren diskoa grabetan, AC/DCren 1980ko Back In Black lan ospetsuko produktore izandako Robert John 'Mutt' Langeregaz batera.

Muse talde ingelesak 2015ko garagarrilaren 9, 10 eta 11n Kobetamendin egingo dan Bilbao BBK Live jaialdiaren hamargarren edizinoan joko dau, eta holan, datorren urteko lehenengo kartel burua izango da. Ganera, datorren urtean estadu espainiarrean eskainiko dauen emonaldi bakarra izango da, Last Tour enpreseak jakinarazo dauenez.

Matthew Bellamy (ahotsa, gitarra, pianoa, teklatuak), Christopher Wolstenholme (baxua, koruak, teklatuak) eta Dominic Howard (bateria, perkusioa, sintetizadoreak) dira taldekideak, hirurak be umetako lagunak.

Energiaz betetako zuzenekoak eskaini eta generoak nahasteagaitik da ospetsu Devon konterriko taldea, tartean space rock, rock progresiboa, sinfonikoa, alternatiboa eta elektronikoa lako generoak buztartzeagatik, hain zuzen.

Taldea 1994an sortu zanetik, 20 miloe disko baino gehiago saldu ditu, eta lortutako sarien zerrendea amaiezina da: bost MTV Europe Music Awards sari, sei Q Awards, sei NME Awards, bi Brit Awards, lau Kerrang! Awards, American Music Award bat eta Grammy sari bat rock disko onenari, The Resistance (2009) lanagaitik, besteak beste.

Muse taldearen aurreko birea 2012ko urrian hasi zan, eta hirukoteak bi miloe zale baino gehiagoren aurrean jo eban mundu osoan zehar. Joan dan urriaren 3tik, barriz, taldea buru belarri lanean dago estudioko zazpigarren diskoa grabetan, AC/DCren 1980ko Back In Black lan ospetsuko produktore izandako Robert John 'Mutt' Langeregaz batera.

Bilbao BBK Live 2015eko garagarrilaren 9tik 11ra bitartean egingo da, eta, dagoeneko, eskuragarri dago hiru eguneko bonuaren eskaintzea, 90 euroko (gehi 6 euroko gastuak) prezioan, datorren barikuko goizeko 09:00ak arte indarrean egongo dana. Kobetamendiko kanpin-denden eremura sartu gura dabenek 8 euro gehiago pagau beharko dabe.

Kutxabank txartelen titularrak diran bezeroek 15 euroko deskontua izango dabe Kutxabank sarearen bitartez saldutako lehenengo 500 bonuen gainean (txartel bakotxeko bonu bakarra erosi ahal izango da).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu