Gustavo de Maezturen 'Euskal lurra, Lirikea eta Erlijinoa' lana Bilboko Arte Eder Museora ekarri dabe

Bizkaie! 2014-10-16 14:30   Kulturea

Eusko Ikaskuntzaren hirugarren Kongresua zala-eta, egin eban Gustavo de Maeztuk Euskal lurra izeneko lana. 1922ko irailean, Gernikan, erakutsi zan lehenengoz. Euskal jardueren eta bizitzearen alegoria egin gura izan eban artista gasteiztarrak. Bilboko Arte Eder Museoan ikusgai izango da urtarrilaren 12ra arte, Obra Konbidaua programeari esker.

Eusko Ikaskuntzaren hirugarren Kongresua zala-eta, egin eban Gustavo de Maeztuk Euskal lurra izeneko lana. 1922ko irailean, Gernikan, erakutsi zan lehenengoz. Euskal jardueren eta bizitzearen alegoria egin gura izan eban artista gasteiztarrak. Bilboko Arte Eder Museoan ikusgai izango da urtarrilaren 12ra arte, Obra Konbidaua programeari esker.

Parisko Devambez galerietan egindako erakusketa amaitu ostean, Gustavo de Maezturi sinbolismoz betetako proiektu artistikoa egitea otu jakon. Gernikan ipintekoa zan lana. Hiru hile behar izan zituan tripitiko-erretaulea egiteko. Hasiera zirriborroak hogei bat egunetan egin zituan, Paristik hur dagoan Plaisir-Grignon herrian, Île-de-France eskualdean. Bilbon egoala landu zituan beharra osotzen daben hiru mihiseak, Orueta kalean eukan estudioan.

Lanaren gaia itsasoko mundua da. 1878ko apirilaren 20an Bermeo eta inguruko herrietako berrehun arrantzale baino gehiago hil zituan galarrena agiri da. Hasierako izenburua osotu guran, azpititulu bi ditu margoak, Lirikea eta Erlijinoa, hain zuzen be.

Alboko panel bien izenburua Erlijinoa da. Ezkerrekoak prozesino alai bat erakusten dau, eleizara doan bide batean gora, eta behean itsasoa bare dago. Koloreak argiz beteta dago. Giro alaia da, ludikoa; eleiza ondoan, frontoian jokoan dabilz pelotari bi. Eskumako panalean, barriz, itsasoa haserre dago; lehengo bidetxua ikusten da, baina oraingoan eleizarantz doazenak hilkutxearen atzetik doaz. Kolorea bizirik ez dago honetan, heriotzea eta errenkurea dira nagusi. Erdiko eszenan, Lirikea deitutakoan, bizitza eta heriotza agiri dira. Bertan, eskumako paneleraino heltzen dan itsaso basati batez inguratuta, Maeztuk txalupaz lurrera ailegau barri diran marinelak erakusten ditu. Arraunak zerurantz ditue altxatuta.

Gernikako erakusketea amaitu zanean, triptikoa Bilboko Alkarte Filarmonikoaren ekitaldi aretoan ipini eben ikusgai. 1923ko bagilaren 25ean, triptikoa Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregira eroan eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu