Hiperrealismoaren mende erdiko historia 68 margolanetan, Bilboko Arte Eder Museoan

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-10-07 15:34   Kulturea

Hirurogeiko hamarkadatik gaur egunera bitartean sortutako lanen atzera begirakoa aurkeztu dau Bilboko Arte Eder Museoak, Hiperrealismoa, 1967-2013. Erakusketea 34 egileren 68 lanek osotzen dabe, tartean, Jonh Baeder, Chuck Close, Richard Estes, Ben Johnson eta Raphaela Spenceren obrek. Urtarrilaren 19ra arte egongo da ikusgai.

Hirurogeiko hamarkadatik gaur egunera bitartean sortutako lanen atzera begirakoa aurkeztu dau Bilboko Arte Eder Museoak, Hiperrealismoa, 1967-2013. Erakusketea 34 egileren 68 lanek osotzen dabe. Urtarrilaren 19ra arte egongo da ikusgai.

Tubingako Kultur Trukerako Institutuak (Alemania) antolatu dau erakusketea, eta bertako zuzendaria da komisarioa, Otto Letze. Aurkezpenean, komisarioaz aparte, Javier Viar Arte Eder Museoko zuzendaria eta Gorka Martinez BBK Fundazinoko arduraduna izan dira.

Kronologiaren arabera antolatu da erakusketea, hiperrialismoko hiru belaunaldiak kontuan hartuz. Hasierako sasoiak 60. eta 70.eko hamarkadak hartzen ditu, eta fotoerrealismo estadubatuarraren sortzaileak ditu abiapuntu: Jonh Baeder, Robert Bechtle, Charles Bell, Richard Estes, Ron Kleemann, John Salt eta Audrey Plack, besteak beste. Espresionismo abstraktuari aurre egiteko sortu zan AEBetan. Artista hareek ez ziran gustura sentiduten ikusten ebenagaz, azaldu dau Otto Letze komisarioak.

Eguneroko bizitzako elementuak hartu zituen gaitzat hiperrealistek, american way of life dalakoaren ikono kulturalak ziran, janari bizkorreko jatetxeak, autoak, telefono kabinak, ketchup potoak eta abar. Gaiei jagokienez be, hiperrealismoa iraultza bat izan zala nabarmendu dau komisarioak, bizitzearen inguruko sentimendu barria da.

Argazkilaritzearen garapenak eragin zuzena izan dau hiperrialisten lanetan, horregaitik gero eta koadru zehatzagoak egiten dira, ganeratu dau Letzek. Margolan fotoerrealistak dira, eta orain, irudi digitalekaz, nabarmendu egin da hiperrealismoa.

Hurrengo belaunaldi biek gai eta irudiak sortzeko metodo desbardinak gehitu zituen, eta nazinoartekotzea bere bai, mobimentua AEBetatik beste leku batzuetara zabaldu zan eta. Sasoi honeetakoak dira Anthony Brunelli, Davis Cone, Gus Heinze, Betrand Meniel, Rod Penner, Peter Maier, Raplaella Spence, eta erakusketearen aurkezpenean izan diran Bernardo Torrens eta Ben Johnson. Euren beharretan, errealidade barri bat sortzen ahalegintzen dira, existiduten ez dan errealidade bat. Johnsonen esanetan, euren lanak manipulautako errealidadea sortzen dau.

Hamar urte emon ditu Letzek erakustea atontzen. Obrak sortzeko lan asko egin behar da. Urtean behar bat edo bi egiten ditue, denpora asko behar izaten dabe. Horregaitik da hain garrantzitsua hau erakusketa hau, adierazo dau.

Erakusketaren katalogoa argitaratu dau Arte Eder Museoak, erakusketako irudi guztiak batzen dituana, gaztelaniaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu