'Bilbao - Bartzelona: kulturak alkartuta'
2014-09-29 14:43 MusikeaProgramazinoa eguen honetan, urriaren 2an, abiatuko da, Bilboko Berreginen Museoan. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera, bi Hip — Hop bandaren emonaldia jasoko dau: Bunpada Sound taldea eta Bartzelonako Malputo Dest rap-kantari ezaguna.
Hiru urtez hainbat alorretan (folklorea, zinemea…) lankidetza puntualak izan ondoren, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, 2012an Bartzelonako uriagaz sinatutako alkarlanerako hitzarmenaren barruan, Bilbao – Barcelona kulturak alkartuta programea jarriko dau martxan. Programea urrian egingo da, leku bietako musika tradizinoak gure garaietara eguneratuta balioan jartea bilatzen daben lau kontzertu eskainiz (kontzertu guztietarako sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte).
Programazinoa eguen honetan, urriaren 2an, abiatuko da, Bilboko Berreginen Museoan. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera, bi Hip – Hop bandaren emonaldia jasoko dau: Bunpada Sound taldea eta Bartzelonako Malputo Dest rap-kantari ezaguna. Lehenengoek zenbait elementu musikal batzen ditue euren ikuskizunean: triki baten melodiagaz jantzan egindako breakdance-a, MC baten bat-batekotasuna, eskuagaz eta ahoagaz (Beatbox) egindako musikea… Hori guztia, zuzenean bideo DJ baten bitartez pintxautako irudiek lagunduta.
Hurrengo kontzertua urriaren 18an (19:30ean) izango da, Joan Colomo kantautore katalanaren emonaldiagaz, Bidebarrietako liburutegian. Sustraiak Nafarroan dituan artista horrek hainbat itzuli iraultzaile emoten deutsoz gaztelaniazko eta katalanezko abestiari. La filia y la fobia izeneko bere azken lanean, protesta abestiaren maisu lez agertzen da, nihilismo politikoagaz burualdean eta gizakien arteko hartu-emonen aurreko maitasunagaz alternatiba moduan.
Bilborock izango da La Troba Kung-Fú taldearen kontzertuaren eszenatokia, urriaren 24an (21:00etan). Kontzertuak, orain denpora gitxi hil dan errunba katalanaren aitari, Pereti, eskainitako omenaldia be izan nahi dau. Talde horrek hiru aldarrikapen ditu oinarri: abestiak aspaldiko trobadoreen moduan egitea, kung-fu-aren perfekzinorako diziplinea, eta errunba katalana. Taldeak lehen mailan jarten ditu barrea, adiskideen arteko giroa, lotsea galtzea eta, batez be, jaia eta erromeria.
Azken jarduerea bertsolarien eta glosadoreen arteko topaketea izango da. Hitzordua urriaren 25ean izango da, Bilborocken (20:00etan), eta Arkaitz Estiballes, Fredi Paia eta Oihana Bartra bertsolariak Carles Belda eta Mireia Mena trobadoreakaz batera ikusiko doguz, Joan Garriga musikariak lagunduta. Talde bakotxak bere jatorria irudikatuko dau, eta ariketa erabat bat-batekoa izango da, bakotxak bere hizkuntzan antzeztuz eta bat-bateko bertso eta poema horreek egiten laguntzen daben aritmetika, neurri eta soinu guztiak aurkeztuz.
Azken topaketa hori Bartzelonan errepetiduko da abenduan, bertsolarien eta glosadoreen arteko bigarren topaketeagaz. Bertan, goizez prestakuntza saio bat eskainiko da eta glosadoreen arteari buruzko filma emongo da.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!