'Costa Calma – el Festín', unibersidadeko talentu gazteen beste erakusketa bat Batzar Nagusietan

Bizkaie! 2014-09-11 14:47   Kulturea

UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko ikasleen lana plazaratzeko, erakunde horren eta Bizkaiko Batzar Nagusien arteko lankidetzearen eskutik, beste erakusketa bat atondu da Matxalen Oñate eta Mikel Ruiz lizentziatuen lanagaz.

UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko ikasleen lana plazaratzeko, erakunde horren eta Bizkaiko Batzar Nagusien arteko lankidetzearen eskutik, beste erakusketa bat atondu da Matxalen Oñate eta Mikel Ruiz lizentziatuen lanagaz. Euren ibilbidean bat egin dabe alkarregaz atondutako erakusketa-proiektu baten, Unibersidadean egiten dagozan doktoradutza ikasketen osogarri. Estilo oso desbardineko artista biren erakusketea, Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa-Aretoan ikusgai egongo da irailaren 30era arte.

Praktika artistiko heterogeneotatik abiatuta —Oñate Pintura masterrean dago eta Ruiz Ikerketa eta Sormenekoan— 25 lanez osotutako proiektu hau atondu dabe, bakotxaren nortasuna azaltzen daben banakako artelanetan eta alkarregaz egindako beste batzuetan.

Matxalen Oñatek dino: Costa Calma espazio aldagarria da, piezak kokatu, batu eta hartu-emonetan jarteko. Piezak tartekatzea eta topaketa barriak subertatzea helburu nagusia dauen prozesu ludikoa. Jira-birak bilatzen ditu, gai berari buruzko ikuspuntu zabalagoa topetako, eta ikuslea piezak ikutzera konbidatzen dau.

Banderak, estandarteak, horman zintzilikatutako oihalak, Pop Up hedatuak, papelezko pieza txikiak, mosaikoak eta bideoak. Bidai baten gomutak, merkatu bat, kanpindenda arrosa eta berdea dino berak; Costa Calma izena jarri deutso.

Mikel Ruizek, bestalde, umezarorik urrunenera jo dau familiaren argazki bildumearen bitartez, piktorikoki eraldaturik desagertutako hainbat gomuta berreskuratu guran. Modu inkontzientzean ahaztutako bizipenen birplanteaketea erakusten dau lanotan.

El Festin izeneko horren bitartez, azken urtean zehar egindako ikerketa eta sormen lana batzen dau Mikel Ruizek, eta bertan festaren kontzeptuaren eta bere prozesu artistikoaren artean egon leitekezan parekotasunak planteetan ditu. Bere ikuspegitik, festa eta prozesu artistikoa intentzionalak diran bi ekintza izateaz gan, ospatze edo burutze konpromezu zehatz batzuk eskatzen daben bi jarduera dira. Zeozelako alkartopaketea bultzatzen daben bi mundu horreek, eskaintzen daben askatasunaren bidez egunerokotasuneko mugak apurtzeko edo horreetatik urruntzeko aukerea opa jaku.

Jesús Meléndez irakaslearen eta erakusketearen komisarioaren koordinazinopean, artista biok hiru zatitan banatu dabe erakusketa-aretoa. Espazio bi bardinak, bat bakotxarentzat, eta aretoaren beste zati baten alkarpuntu txiki bat, batera egindako lanak erakusteko, lan bateratua, uniformea eta egituratua, Louis Bougeois eta Tracey Emin artisten Do not abandon me proiektuaren moduan, baina euren lengoaia bereziagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu