27.000 lagun Folk Getxo BBK jaialdian
2014-09-08 15:54 MusikeaAtzo amaitu zan Getxoko 30. Nazinoarteko Folk Jaialdiak lau egunez hamaika kontzertu, desfileak eta zenbait jarduera solidario hartu ditu. Danetara, 27.000 lagun batu aurtengo ekitaldian.
Atzo amaitu zan Getxoko 30. Nazinoarteko Folk Jaialdiak lau egunez hamaika kontzertu, desfileak eta zenbait jarduera solidario hartu ditu. Danetara, 27.000 lagun batu aurtengo ekitaldian.
Ohi danez, saio nagusiak Areetako Geltokia plazako karpan izan dira. Aurten, bertan jardun dira Osibisa, Chambao eta Capercaillie taldea, Sustraiak proiektua ahaztu barik. Azken horrek Ara Malikian biolin-jotzailea bultzatu dau eta Fernando Egozcue eta José Luis Montón gitarra-jotzaileakaz eta Oreka TX eta Kalakan taldeakaz ibili da alkarlanean. Publikoaren aldetik emoitza ezin hobea izan dau saio nagusien eskaintzeak eta egueneko eta barikuko saioetarako (Sustraiak eta Chambao) sarrerak agortu egin ziran.
Egitarau anitza izan da agertoki nagusiaren ondoko aparkalekuko agertokian be. Aurten Gaztela eta Leongo musikak izan dira protagonista La Bazanca eta Hexacorde taldeen eskutik, azken hori Vanesa Muela abeslariagaz agertu dalarik taula gainean. Horrezaz gan, Garikoitz Mendizabal txistularia be izan da arratsaldeko kontzertuetan eta Fernando Valsegak eta Exilio New Tango taldeak Sur, la luna al revés tango ikuskizuna aurkeztu eben.
Munduko Terrazako kontzertuei jagokenez, La Niña del Cabo abeslariaren flamenko jop izeneko doinuez eta Mallorcako BOC taldearen (Ermuako Folkez Blai jaialdiaren talde lehiaketako irabazlea fusino erritmoez gozetako aukerea izan eben zaleek barikuan eta zapatuan.
Musika eskaintzea borobildu dabe Ene Kantak taldearen Liburu magikoa umeentzako ikuskizunak eta kale-banden desfileek. Aurten, honako talde honeek parte hartu dabe azken horreetan: Brincadeira (Katalunia), Ringwood Pipe Band (Britainia Handia), La Reina del Truébano (Asturias), Os Galaicos (Eibarko Galiziako Etxeko banda) eta Agurra Dantza Taldea. Desfileetan milaka lagun batu dira eta aitatzekoa da zapatuan Bizkaia Zubitik abiatu zana.
Bestelakoak
Urtero legez, kontzertuak ez eze, Folk Getxo BBK jaialdian beste jarduera batzuekaz gozetako aukerea izan dau publikoak. Holan, Gune Solidarioan, GKEek zein beste alkarte batzuek beren lana eta proiektuak emon ditue ezagutzera. Bertan egon da Bidezko Merkataritzako produktuen salmentea be. Hainbat herritako eskulanak hurreratu dituan Munduko Eskulangintza azokea be sano arrakastatsua izan da Getxon. Azkenik, Munduko Terrazan, jatorri anitzeko jatekoak probetako aukerea izan da, besteak beste, Filipinakoak, Boliviakoak, Senegalekoak, Argentinakoak, Marokokoak eta Mexikokoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!