UPV/EHU sendo Shangaiko rankingean
2014-08-19 10:49Sailkapen honek dauen garrantzia zenbatekoa dan konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago erregistrauta dagozala. UPV/EHU ex aequo kokatzen da 401 eta 500 postuen artean.
Sailkapena Shangaiko Jiao Tong Unibersidadeak osotzen dau urtero, eta ebaluazino-erispide guztiz errespetatua eta enblematikoa da gaur egun, unibersidadeen munduan. Rankingak unibersidadeen ikerketen eragina neurtzen dau; baita euren nazinoarteko prestigioa be. Danetara, hamabi dira lehen 500 erakundeen artean agertzen diran espainiar estaduko unibersidadeak. Euskal Herriko Unibersidadea izan da azken urteetan izen handiko ranking honetan sartu dan estaduko hezkuntza erakunde bakarra. Hain zuzen be, 2012an egindako ebaluazinoan agertu zan lehen aldiz.
Harvard, Stanford eta Massachusetts Institute of Technology dira, orden honetan, rankingeko lehen hiru postuak beteten dituen unibersidadeak. Lehen hamar postuetatik zortzi Estadu Batuetako unibersidadeek beteten ditue eta bi (Oxford eta Cambridge) Britainiar Handiko unibersidadeek.
UPV/EHU ex aequo kokatzen da 401 eta 500 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emoitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar da. Holan, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dabe, puntuazinoaren arabera. Ondoren, bloke bat osotzen da 50 unibersidadegaz; beste bloke bat beste 50 unibersidadegaz; eta hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibersidadeko hiru multzo bereizten dira. Bloke bakotxaren barruan unibersidadeak orden alfabetikoaren arabera agertzen dira.
Sailkapen honek dauen garrantzia zenbatekoa dan konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago erregistrauta dagozala. Unibersidadeen bikaintasuna neurtzeko nazinoarteko erreferentzia dan zerrenda hau osotu ahal izateko, kontuan izan dira Nobel saridunak eta irakasle eta ikasleek eskuratutako Matematiketako Fields dominak, eta aldizkari zientifikoetako argitalpenak eta aitamenak be kontuan izan dira.
Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorearen eretxiz, Euskal Herriko Unibersidadea munduko 500 unibersidade onenen artean finkatu dala albiste bikaina da: Bere testuinguru egokian aztertu behar da zein garrantzitsua dan ranking horretan mantentzea azken hiru urteetan aurrekontuetan murrizketak izan ondoren. Eta hori lortu dogu, unibersidade osoak egin dauen esfortzuari eta lanari esker. Baina argi daukagu ez dala erraza izango etorkizunean horri eustea.
Errektoreak gaineratu dau baita be lorpen hau garrantzitsua dala ikuspuntu sozial batetik: UPV/EHUk bere eginkizunaren barri emoten deutso euskal gizarteari era desbardinetan. Ba,
hauxe da horreetako bat: garrantzi handiko datu bat da munduko 500 unibersidade onenen artean izatea, kanpoko erakunde batek egindako ebaluazino baten arabera eta nazinoarte mailan onartutako erispide objektiboak erabilten dituana. Shangaiko rankingean postu hori mantentzeak argi eta garbi erakusten dau Euskal Herriko Unibersidadeak egiten dauen lana ona dala, baina horri eusteko ezinbestekoa izango da euskal erakundeen konpromisoa eta inplikazinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!