Bermeoko XXIX. Nazinoarteko Musika Asteak bost kontzertu eskainiko ditu, abuztuaren 4tik 8ra bitartean

Bizkaie! 2014-07-30 11:32   Musikea

Hainbat estilotako musikea entzuteko aukerea izango da Bermeoko XXIX. Nazinoarteko Musika Astean, ganbara musikea, zarzuelea eta organu kontzertua, tartean. Abuztuaren 4tik 8ra bitartean egingo dabe Musika Astea, eta emonaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Hainbat estilotako musikea entzuteko aukerea izango da Bermeoko XXIX. Nazinoarteko Musika Astean, ganbara musikea, zarzuelea eta organu kontzertua, tartean. Abuztuaren 4tik 8ra bitartean egingo dabe Musika Astea, eta emonaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Egitarauaren eszenatoki nagusia Andra Mari eleizea izango bada be, antolatzaileek argitu dabenez, aurten Bermeoko Kafe Antzokian eta San Frantzisko eleizan saio bana egingo da. Sarrerak debalde izango dira, The Funamviolistas ganbara taldearen saioarena izan ezik, horretarako 4 euro pagau beharko dira.

Aingeru Astui Kultura zinegotziak, Susana Regidor Kultura teknikariak eta Juan Aristi frantziskotarra eta San Frantzisko eleizako organo-joleak aurkeztu dabe Nazinoarteko Musika Astea. Emonaldien kalidadea nabarmendu dau Astuik.

Lehenengo kontzertua The Funamviolistasek eskainiko dau, Bermeoko Kafe Antzokian, abuztuaren 4an. Antzerkia eta musikea buztartzen ditu Mayte Olmedilla biola-jotzaileak, Ana Hernandez biolin-jotzaileak eta Lila Horovitzek kontrabaju-jotzaileak osotutako hirukoteak. Vivaldi, Grieg, Massenet, Bizet, Piazzolla, Rita Pavone, jazza, tangoa eta filmetako abestiak joko ditue.

Bigarren emonaldia abuztuaren 5ean izango da, martitzenean, Andra Mari eleizan. Pablo Sarasate soka laukoteak Bethoveen, Arriaga eta Mozarten lanak interpretauko ditue.

Abuztuaren 6an, Urval Ensemble taldeak joko dau Andra Mari eleizan. Zumaian antolatzen dan Klarinete Maratoian sortu zan, Aita Donostiaren kantak atxaki, euskal kulturea sustatzeko eta hedatzeko asmoz. AEBetako Nebraskan Clarinet Fest 2012 jaialdian artista konbidaua izan ziran. Zati bitan banatuko dabe saioa, lehenengoan, XVIII. eta XIX. mendeetako musikea (Bizet, Schubert, Verdi, Ponchieli...), eta bigarrenean, musika garaikidea.

Zarzuela emonaldia abuztuaren 7an egingo dabe. Camerata Lirica taldeak Zarzuelako bikote handiak aurkeztuko ditu, halanda ze, Luisa Fernanda, Marina, El Barberillo de Lavapiés eta El Huésped del Sevillano beharretako soprano eta tenoreentzako abesti ezagunenak abestuko ditue.

Eta amaitzeko, San Frantzisko eleizako organuaren 100. urteurrena ospatzeko, omenaldi modura, kontzertu berezia atondu dabe. Hain zuzen be, Joxe Benantzi Bilbao Mundakako organu-joleak eta Alberto Urretxu tronboi-joleak Galliard, Satie, Krebs, Mozart, Guilmant, Gorosarri eta Piazzolaren lanak interpretauko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu