'Chicago blues: a living history' proiektua izango da protagonista nagusia Getxoko Blues Jaialdian

Bizkaie! 2014-07-10 11:33   Musikea

Garagarrilaren 19an, zapatuan, Chicago Blues: A Living History proiektuaren txandea izango da. Taldeak Chicagoko bluesa omentzen dau, eta haizearen uriko musikari adierazgarrienetako batzuk ditu kide: Billy Boy Arnold eta Billy Branch harmonika-joleak eta John Primer, Lurrie Bell eta Carlos Johnson gitarristak.

Garagarrilaren 17tik 19ra XXVI. Nazinoarteko Blues Jaialdiak bluesaren doinuak ekarriko ditu Getxora. Aurtengo egitarauan Chicago Blues: A Living History proiektua izango da protagonista nagusia. Billy Boy Arnold, John Primer, Lurrie Bell eta beste sei musikari batu dira horretan Chicagoko erritmoak omentzeko. Smokin' Joe Kubek & Bnois Kingek eta Víctor Aneiros eskarmentu handiko bluesman galiziarraren bandak osotzen dabe musika eskaintzea. Azken talde horretan musikariak estadu mailako musikari ospetsuenetako batzuk badu ditu Aneirosek. Saioak Algortako Biotz Alai plazan izango dira 21:00etatik aurrera eta sarrerak Algortako Kultur Etxean eta Kutxabanken salmenta sarean dagoz salgai.

Hasteko, hilaren 17an, eguenean, blues iberikoaren irudi garrantzitsuenetako bat izango da getxon: Ferrolgo Victor Aneiros, hain zuzen be. Bluesaren agertokian 80ko hamarkadan egin eban debuta eta orain bakarkako bidea hasi dau. Ordutik lokal eta jaialdi ugaritan parte hartu dau, Espainian zein Espainiatik kanpo, artista handiakaz, gainera: Big Bill Morganfield, Coco Montoya, Raimundo Amador eta BB Kingekin, besteak beste. Getxora Julie Guravich kantari kanadarragaz eta lujuzko hainbat laguntzailegaz etorriko da: Big Mama Montse abeslaria, Tonky de la Peña gitarristea, Mingo Balaguer harmonika-jolea eta Roberto Somoza saxofonistea.

Barikuan, hilak 18, Smokin' Joe Kubek & Bnois King bikoari egingo deutsagu harrerea. Musika-panoramako biko interesgarrienetako bat da, erritmo elektrikoak eta jazzaren eta soularen moduko soinuak bateratzen baititue. Kubek soinu elektriko texastarraren adierazgarri nagusietako bat da. Irvingen hazi zan eta nerabe zala Dallasko kluben zirkuituan joten eban dagoeneko, gitarra-jole trebea baitzan. Bnois King (1943, Delhi) 1989an ezagutu eban jam saio batean; gitarrea joten ebanean jazzaren eragina atzemoten jakon, eta abesten ebanean soularena. Hortik aurrera, bikoteak egiten dauen bluesaren ardatza euren gitarren bat-egitearen oreka biribila da. Dagoeneko 25 urte egin ditue alkarregaz eta mundu osoko areto eta jaialdietan ibili dira; Getxo&Blues jaialdian egon izan dira lehenago, 1999an, hain zuzen be, eta entzuleek harrera oso ona egin eutsen.

Jaialdiko kontzertu nagusian, Chicagoko bluesa izango da protagonista. Hilaren 19an, zapatuan, Chicago Blues: A Living History proiektuaren txandea izango da. Taldeak Chicagoko bluesa omentzen dau, eta haizearen uriko musikari adierazgarrienetako batzuk ditu kide: Billy Boy Arnold eta Billy Branch harmonika-joleak eta John Primer, Lurrie Bell eta Carlos Johnson gitarristak. Musikari horreek behin baino gehiagotan jo dabe alkarregaz eta, ondorioz, ezin hobeto buztartu dira chicagotar soinuaren eredu diran hainbat musikari-belaunaldiren lana ezagutzera emoten dauen proiektu honetan. Jaialdia amaitzeko, Medicine Blues euskal taldearen blues-rock erritmoak izango doguz Algortako The Piper's Irish Pubean, zapatuan, hilak 19.


Living Blues Sariak

Aurtengo jaialdiak Living Blues Awards sari ospetsuenetarako izentautako zenbait artista batuko ditu. John Primer gitarra-jotzailea (Chicago Blues: A Living History) artista onenaren mailan izentau dabe eta Smokin’ Joe Kubek & Bnois King, disko onenarenean Road Dog’s Live lana tarteko dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu