Florentziako Errenazimenduari buruzko erakusketea domekara arte ikusgai Berreginen Museoan

Bizkaie! 2014-06-16 14:27   Kulturea

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoan Bilboko Arte Berreginen Museoak datorren domekan, bagilaren 22, zarratuko dau arte europarreko sasoi emonkorrenetakoa, Florentziako Errenazimendua, jorratzen dauen aldi baterako Vía Renacimiento/Florentzia. Eskultura erakusketea.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoan Bilboko Arte Berreginen Museoak datorren domekan, bagilaren 22, zarratuko dau arte europarreko sasoi emonkorrenetakoa, Florentziako Errenazimendua, jorratzen dauen aldi baterako Vía Renacimiento/Florentzia. Eskultura erakusketea.

XV. eta XVI. mendeetako Florentziako eskulturagile handien lanean oinarrituz, erakusketeak, Errenazimenduak ekarri zituan eta ondoren Europan egin zan artearen alderdi askoren oinarriak ezarri zituen arte aldaketen ikuspegia eskaintzen dau.

Donatelloren San Jorge, Ghibertiren Paradisuko Ateen erliebeak, Verrocchioren Dabid, Donatelloren eta Luca della Robbiaren Kantoriak edo Michelangeloren Moises berreginak dira ikusgai dagozan lanetako batzuk. Paradisuko Ateen erliebeak, Donatelloren Kantoria, Niccolò da Uzzanoren erretratua eta Lore-sortadun Damea, aldi baterako erakusketa honetarako Eskultura Museo Nazionalak lagatako lanak dira.

Erakusketak, Duomoko Operaren Museoa, Bargelloko Museo Nazionala, Kapera Medizeoak edo Louvreko Museoa lako erakundeetan banatuta dagozan artelanen 21 berregin bildu ditu.

Berreginen Museoko erakusketa barriak, lehen errenazimenduko arte babesaren inguruan batu ditu bere artelanak. XV. mendeko Florentzian patroiak, babesleak, ziran arte sorkuntzearen oinarria. Artelan guztiak enkarguz egiten ziran, helburu jakin bategaz. Arteak, gizartea zuzentzen eben balioen, lurreko balioen zein balio espiritualen, erreferentziak emoten eutsezan ikusleei.

Komitenteak, aginduen arduradunak, buru belarri sartzen ziran proiektu guztietan, garrantzitsuenetan batez be. Eurek erabagiten zituen gaiak, formatuak, materialak eta, kasu batzuetan, baita estiloa eta forma be. Esan daiteke horreetako askok artista handiek egindako lanaren pareko garrantzia izan ebela Errenazimenduko artea sortzeko orduan.

XV. mendean, Florentziako familia gitxi batzuk euren eskuetan batu eben artea sortzeko aukerea emoten eben nagusitasun politikoa eta ekonomikoa. Aberatsenak puntako gremioen buru izaten ziran. Horri esker, kargu politiko nagusiak eurek eskuratzen zituen, eta, ondorioz, uriko boteretsuenak ziran. Gitxi horreek izan ziran Florentziako Errenazimenduko arte panoramearen protagonistak.

Artearen babesak edo patroitzeak alde bi zituan, publikoa eta pribatua, baina biak be persona berberen esku egozan. Babes publikoa uriko erakunde nagusien bitartez egiten zan: gobernua, hau da, Signoria, eta gremioak, Arte izena hartzen ebank. Babes pribatua, Florentziako familia garrantzitsuenetako liderren esku geratu zan zuzenean, Medici, Strozzi edo Rucellai familien esku, hau da, gobernuko postu garrantzitsuenak beteten zituen personen esku.


Berreginen Museoa
Mariaren Bihotzaren eleizea
San Frantzisko, 14 Bilbo
www.museoreproduccionesbilbao.org

Museoaren ordutegia:
• Martitzenetik zapatura: goizeko 10:00etatik 13:30etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.
• Domekak: goizeko 10:00etatik 14:00etara.
• Zarratuta: Astelehenak eta jaiegunak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu