Aiko taldeak Dantzazale Eguna jantza-maratoia egingo dau zapatuan Durangon

Bizkaie! 2014-06-11 14:54   Kulturea

Hauxe da, orain sei urtetik jantzan egiteko berezko era tradizionala zabaltzeko irakaskuntza-metodo propioa garatu eta ikastaro eta tailerretan urtero ehunka persona batzen dituan Aiko taldeak, musikari eta jantza-maisuen kolektiboak, ikasturtea amaitzeko antolatzen dauen ohiko ospakizuna.

Datorren zapatuan, bagilak 14, Dantzazale Eguna izeneko jantza-maratoia izango da Durangoko kaleetan zehar, Plateruena Kafe Antzokiraino, eta areto horretara heldu ondoren, ospakizuna gaueko 22:00ak arte luzatuko da. Hauxe da, orain sei urtetik jantzan egiteko berezko era tradizionala zabaltzeko irakaskuntza-metodo propioa garatu —ikasteko modu dibertigarri, argi eta erraza, egungo mundura egokitutakoa— eta ikastaro eta tailerretan urtero ehunka persona batzen dituan Aiko taldeak, musikari eta jantza-maisuen kolektiboak, ikasturtea amaitzeko antolatzen dauen ohiko ospakizuna.

Ospakizuna sokadantza bategaz hasiko da 13:00ean, Durangoko Andra Mari eleizako arkupean. Jarraian, bertaratutakoek kalejira bat egingo dabe, musikearen doinuen arabera jantzan egiteko aukera eta guzti, Dantzazale Egunak egoitzatzat erabilten dauen Plateruena Kafe Antzokiraino. 14:30ean, txakolina probetako aukerea egongo da, eta 15:00etan bazkari herrikoia egingo da. Bazkalostean, Aiko taldeak 17:00etatik aurrera egingo dan erromeria alaituko dau, eta 20:00etan, Bizkaiko Gaiteroen txandea izango da. Eguna amaitzeko, Aiko taldea arduratuko da barriro be musikea jarteaz, guateke tradizional bat alaitzeko asmoz. Ospakizuna 22:00etarako amaitzea aurreikusi da.

Graduazinoko ospakizun handien antzera, Dantzazale Egunak amaierea emongo deutso Aiko taldeak orain sei urte abian jarri eta ordutik bi mila persona baino gehiago batu dituan jantza tradizionala sustatu eta bizibarritzeko Dantzaldi Ibiltaria programearen aurtengo edizinoari. Ospakizuna garrantzi handiko topaketa bilakatu da euskal jantza herrikoien zaleentzat, bertan alkartzen baitira ikasitako trebetasunak erakusteko asmoz, herrietako erromeria tradizionalak gogorarazoten dituan jardunaldi dibertigarri honen bitartez. Aiko taldeak BBK Fundazinoaren lankidetzaz eratutako Dantzaldi Ibiltaria izeneko ekimen bitxi eta berezi honen aurtengo edizinoa Euskal Herrian zehar antolatutako tailer ibiltariakaz hasi zan, eta han-hemenka lortutako harrera ezin hobeari esker, ikastaro egonkorrak izan dira Bilbon, Donostian, Iruñean, Azkainen, Zarautzen, Galdakaon, Sopelan, Gernikan, Markinan eta Durangon; horrezaz gan, mintegi, tailer eta erromeriak be ugari izan dira.


Erromeria Urbiako landetan

Ikasturte amaierako ospakizunagaz batera, Aiko taldeak urteko beste ekitaldi baterako deialdia be iragarri dau: Urbiako landetan antolatzen dauen Mendierromeria, oraingo honetan Gipuzkoako Club Vasco de Camping Alkartearen (CVCE) laguntzaz aurrera atera ahal izan dana. Aizkorri-Aratzeko Parkeko natur ingurunean egingo dan erromeriaz gan (15:30etik 17:00etara), programeak jantzari hasibarriei zuzendutako hastapen-ikastaro bat be eskainiko dau (12:00etatik 14:00etara). Deialdia hurrengo domekarako da, bagilak 22, eta hilaren 29ra atzeratuko litzateke eguraldi txarra egingo baleu. CVCEk autobus zerbitzua antolatu dau, 09:00etan Donostiako Artzain Ona Plazatik urten eta 19:00etan itzuliz.


Dantzazale Eguna - Egitaraua

13:00 Sokadantza Andra Mari eleizpean (Durangoko eleiza nagusia, arkupe handia dauena) eta jarraian kalejira-poteo-jantzaldia.

14:30 Txakolin konbita Plateruenan.

15:00 Bazkaria.

17:00 Jantzaldi-erromeria Aiko taldeagaz.

20:00 Bizkaiko Gaiteroak eta ondoren guateke tradizionala.

22:00 Akaberea.


Aiko

Aiko taldea musikari, koreografo eta jantza maisuz osotutako alkarte kulturala da, guztiak bokazino berdintsuagaz: modu natural, erlaxatu eta dibertigarrian jo eta jantzan egitea eta pasino hori ahalik eta persona gehienei helarazotea da bere helburua. Aiko Edizioaken bitartez eta euskal musika eta jantza tradizionala ezagutaraozteko helburuagaz, ikus-entzunezko materialak eta musika tresna tradizionalen inguruko lan monografikoak produziduten ditue: besteak beste, Aurrez Aurre -Claude Iruretagoyenaren Maritzuli ikuskizunerako musikea-; Fasioren Mendea -Bonifacio Arandiaren mendeurrenaren omenez produzidutako liburua, CDa, DVDa-; Kobreik! –dultzainaz Bizkaiko estilo tradizionalean oinarritutako grabaketea-; edo Miguel Angel Sagasetak batutako jantza salto tradizional guztiak jasoten dituan Urraska -liburua, CDa, DVDa. Soken Dantza lan barriak Aiko Edizioaken bildumea sendotu egiten dau.

Aiko taldea, gure plazak erromeria bereziakaz girotzeaz gan, Euskal ondare tradizionala transmitiduteaz eta zabaltzeaz be arduratzen da, zaletuei edo eta profesionalei zuzendutako ikastaro, mintegi nahiz master class saioak antolatuz. Aikok bere metodologia propioa landu dau eta urritik bagilera bitartean herririk herri antolatzen dauen Dantzaldi Ibiltaria ekimenagaz, Euskal Herri osoko txokoetara heltzen da.

Aiko taldea gaur egun Sabin Bikandi (txistularia eta konposatzailea), Asier García (perkusino-jolea), Ainara Artetxe (biolin-jolea), Elur Arrieta (perkusino-jolea), Álvaro García (gitarrista eta konposatzailea), Aitor Furundarena (soinu-jole eta konposatzailea) , Juan Ortiz (teklatua) musikariz eta Larraitz Artetxe, Patxi Laborda, Jon Maya, eta Vanesa Castaño jantza maisuz osotzen da, beste hainbat kolaboratzaileen artean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu