Ara Malikian biolinisteak Unamunoren omenezko kontzertua eskainiko dau Bilbon

Bizkaie! 2014-06-10 17:58   Musikea

Ara Malikian biolin jotzaile libanoarrak Miguel de Unamunoren omenezko kontzertua eskainiko dau bagilaren 20an, Bidebarrieta Kulturguneak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak idazle bilbotarraren jaiotzearen 150. urteurrena gogoratzeko antolatutako ekitaldien barruan.

Ara Malikian biolin jotzaile libanoarrak Miguel de Unamunoren omenezko kontzertua eskainiko dau bagilaren 20an, Bidebarrieta Kulturguneak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak idazle bilbotarraren jaiotzearen 150. urteurrena gogoratzeko antolatutako ekitaldien barruan. Musikaria Fernando Egozcue gitarra-jotzaile argentinarraren laukoteagaz batera taularatuko da, Begiak itxita... izenburuko kontzertua eskaintzeko.

Emonaldia Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean hasita, eta sarrerak liburutegian bertan egongo dira salgai, kontzertuaren egunera arte, hamar euroko prezioan, antolatzaileek prentsa ohar bidez jakinarazo dabenez.

Ara Malikian armeniar jatorriko biolinista urduri eta adierazkorra, Alemaniara joan zan ikastera beka bategaz 15 urte besterik ez zituala. Han hasi eban bere ibilbide musikala, bere ibilaldi geografiko eta estilistiko luzea.

Gaur egun, Madrilen bizi da, eta musika klasikoko hainbat taldegaz kolaboretan dau, bai eta flamenko artistakaz, jazz kantariakaz eta zinemako soinu banden sortzaileakaz be. Era berean, dibulgazino arloko lan handia egin dau, besteak beste, RTVEko Pizzicato programeari esker.

Alemaniako Kultura Ministerioak emoten dauen Jardun Artistikoaren Saria, ikuskizun eszenikorako konposizino musikalik onenaren arte eszenikoetako Max saria, eta bi Musika Sari eskuratu ditu, musika barrien disko onena eta musika klasikoko interprete onena kategorietan.

Bidebarrietan aurkeztuko dauen Begiak itxita... ikuskizunean, jatorri argentinarra eta jazz eragin nabarmenak dituan Fernando Egozcueren musikea izango dau lagun. Egozcueren gitarreagaz batera, Migel Rodrigañez kontrabaxu jotzailea, Martin Bruh perkusino jotzailea eta Moises Sanchez pianistea taularatuko dira.

Boskotearen instrumentazinoak -biolina, gitarrea, pianoa, kontrabaxua eta perkusinoa- eta taldea osotzen daben musikarien kalidade egiaztatuak beharrezko trinkotasun erritmikoa eta sendotasun harmonikoa eskainiko deuskuez, amorerik emon ez dauen estilo personal handiko musikaz gozarazoteko, nabarmendu dabe antolatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu