Txina Asiako hego-ekialdea menperatu guran (I)
2014-05-30 15:36 BidaideBizkaie! atariak Laoseko 13 Ibilbidean zehar hiru etapako bidaiari ekingo deutso Asiako hego-ekialdean Txinaren zabalkuntzarako obsesinoaren barri emoteko asmoz.
Bizkaie! atariak Laoseko 13 Ibilbidean zehar hiru etapako bidaiari ekingo deutso Asiako hego-ekialdean Txinaren zabalkuntzarako obsesinoaren barri emoteko asmoz.
Boten Laoseko Errepublika Demokratikoko lurretan dagoan udalerria izan arren, errealidadea bestelakoa da. Hemen garrantzitsuena txinatar yuan billeteetan agiri dan Mao Zedongen erretratua da. Komunikazinoaren alorrean be, Laoseko karaktere kurbatuak eta horreen soinu apala bigarren mailan dagoz mandarin txinerearen ideograma nahasien eta horreek ahoskatzen dituenen garrasien nagusitasunaren aurrean. Dendetan, barriz, Made in China, Txinan Egindakoa agiri da produktu guztietan, tabako paketeetan, alkoholdun edarietan, jostailuetan zein praka bakeroetan eta Laoseko sarong tradizionalak aspaldi ahaztu ziran.
Egia esateko frantziar kolonizatzaileek Indotxinako anaia txikia egituratzeko eragi eben 13 Ibilbidea hemendik kilometro gitxira dago, herrialde komunista biak bereizteko mugan, hain zuzen be. Laoseko asfalto bildurgarriaren ganean Asiako Hego-ekialdean Txinaren zabalkuntzearen argi-ilunak agiri dira, baita Pekinek bere bazkide eta lagunei agindutako garapen ekonomikorako estrategiaren yin eta yan be. Frantziarrek ahal izan eben guztia ostu eben eta azpiegitura guztiak ia-ia ezerezean itxi zituen. Txinatarrek, barriz, pagau egiten dabe eroaten dabena eta gainera errepideak, urtegiak eta aireportuak eregiten ditue adierazo dau VongSutsathipek, inmigrazinoko funtzionario gazteak. Batzuk neokolonialismo txinatarra esaten deutsie horri eta erregioan makinatxu bat tirabira eta ezbehar izaten dira, berbarako, joandako hilaren erdialdera izandako istiluetan dozena bat hildako eta lantegi asko kaltetu ziran Vietnamen.
Laosen mugea marketako urrezko estupa inguruetan txinatar matrikuladun kamioiak dabilz ugari. Ibilgailu urdin zaharrak eta neurri barik betetako trailer barri erraldoiak lehian dabilz makinak, etxetresna elektrikoak, motorrak, erropea, jatekoa eta bestelakoak batetik bestera eroaten. Gehienek erraz zeharkatzen dabe Laoseko mugea, funtzionariorik ez da agiri inon aitatu kamioien kargea kontroletako. Mugan geldiarazoten dituen kamioi gitxi batzuetako gidariek funtzionarioei billete batzuk emon eta aurrera egiten dabe ezelako arazo barik zuloz betetako kaminoan. Hamabost bat kilometro aurrerago, logistikako txinatar enpresa bat arduratzen da kamioiak hutsitu eta barriro kargeteaz munduko bigarren potentzia dan herrialdera bueltan joan daitezen. Bueltan egurra, kautxua eta mineralak eroaten ditue, Dragoi Handiak hazten jarraitu ahal izateko eta AEBen nagusitasunari desafioa botateko.
13 Ibilbidean bistan dagoz aitatu baliabide naturalak atarateak ixten dituan zauriak. Urtaro lehorra amaitu da, 40 graduko tenperaturak izaten dira eta aurretiaz deforestautako oihan eta basoetan, suak bazterrak kiskaltzen ditu. Sarritan, Gobernuak Txinako enpresei lagatako lurrak izaten dira 25-30 urteko epealdian ustiatzeko. Mendeetan hazitako arbolak bota eta egurretarako erabilten ditue eta hortik aurrera hazkunde azkarreko labrantza industrialari ekiten deutsie etekinak ahalik eta azkarren lortzeko. Asiako pobrezia maila handinetakoa tarteko dala, nahikoa sakabanatutako zazpi miloe biztanle dituan Laoseko agintari komunistek garapen ekonomikoa eta herritarren ondoizatea jarten ditue aurretik lurraldea errentan ixteko erabagia zuritzeko. Izan be, atzerriko dirua dago aitatu kontzesinoen % 72 inguruan, gehienbat mehatzaritza jardueretan.
Aitatu baieztapena indartzeko estadistika makroekonomiko ofizialak erabilten ditue: Herrialdearen Barne Produktu Gordina laukoiztu egin da 2005. urtetik hona eta 10.000 miloe dolarretan dago egun; horrezaz gan, % 8ko hazkundea, planetako hazkunde tasarik handieneko Herrialdea da eta hori baliabide naturalen sektoreari esker lortu da. Partida horretara batu behar da Mekong ibaian zehar polemika eta zailtasun handiz ezarritako 70 bat proiektu hidroelektriko; izan be, energia da Herrialdeak kanpora saltzen dauen elementurik garrantsitsuena. Datu legez baino ez bada be, azken hamarkadan pobrezia mugatik behera bizi diranen kopurua % 10 murriztu da.
Kontuak kontu, igazko urte hasierara arte 2.600 lur kontzesino sinatu ziran, Geosfera-Biosfera (IGBP) Nazinoarteko Programearen arabera, 1,1 miloe hektarea inguru. Herrialdearen azalera osoaren % 5 inguru da hori, Laoseko dietearen oinarria dan arrozaren produkzinorako erabilitakoa baino lur gehiago. Vientianeko gobernuak ezarritako zabalkuntzarako politikearen erruz 50 bider gehiago sinatutako Kontratu gehienak Thailandiaren esku dagoz baina Txinaren eragina gero eta handiagoa da eta laster izango da lur gehien admibistrauko dituana. Horren erakusgarri, 2012ko urtarriletik 2013ko abendura bitartean, Laosen hirugarren inbersorea izatetik lehenengoa izatera pasau zan, pilatutako 5.000 miloe dolarreko dirutzeagaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!