Myanmarren biztuerea
2014-05-15 15:32 BidaideOrain lau urte, Batzorde Militarra oraindino gobernuan egoala, 300.000 turista izan zituan Myanmarrek. Hurrengo urtean, 800.00 izan ziran, eta 2013an, 2,04 miloe bisitari. Hotel-kate garrantzitsuenek be euren eskaintzea nabarmen zabaltzeko amesa daukie. Baina oraindino azpiegituretan asko dago hobetzeko.
Erlojuaren orratzak hamabietara heltzekotan dagoz, halanda be Yangoneko aireportua jentez ganezka dago oraindino. Immigrazinoko poliziak pasaporteak begitu eta begitu dabilz, zigiluak ipini eta ipini, eta ganera Bangkoketik datorren beste hegaldi bat ailegau barri da. Kanpoan, taxista piloa dago, artega, heldu barri diranei Myanmarreko uririk garrantzitsuena erakusteko prest. Jakina, prezio ofiziala baino askoz karuagoak dira taxistok. Duda barik, holako orduetan be, eskaintzea eskaerea baino nahiko handiagoa da. Erdigunean egoerea antzekoa da: hotelak sarritan beteta dagoz, eta askotan ikusten da zuhur ibili ez diran bidaiariak larri, lo egiteko leku bila, eta harrituta, ostatuen prezioa ikusten dabenean. Thailandia askozaz merkeagoa da eta!
Eta horrela da. Hoteletako ugazabek be onartu egiten dabe. Ostatuen kategoriak ez dauka eraginik, danak autortzen dabe orain bost urteko prezioak bikoiztu egin dirala. Goi-denporaldian hirukoiztu be egiten ei dira. Orduan egoerea guztiz desbardina zan. 2007an hasi zan Azafrai Iraultzeak 1988ko sarraskien mamua zabaldu eban. Demokrazia eskatzen eben ehunka lagun -edo milaka, iturrien arabera- hil zituen Armadeak. Kasu bietan, nazinoarteko komunidadeak isun ekonomikoak eta isolamentu politikoagaz erantzun eban, eta horrek ondorioak izan zituan turismoan.
Foro askotan, bidaiariei herrialdea kontzientziaz bisitetako eskatzen jakien, euren dirua Gobernuaren eskuetara ez heltzeko. Gobernuaren hotelak eta gida ofizialak saihestea ekarren horrek. Turista bakotxak eskatzen eban erosotasunaren araberako taulak egin ziran, kasu bakotxean 2010era arte herrialdeko agintari zan Batzorde Militarrak zenbat diru jasoko eban kakulauz. Baina, herrialdea goitik behera aldatu da gaur egungo gobernu zibila 2011n ailegau zanetik. Lehenengo pausu horren ostean, hauteskunde orokorrak egin beharko leukiez 2015ean. Aung San SuuKyi oposizinoko alderdi garrantzitsueneko burua etxe barruko atxiloketan egon da, eta orain Parlamentuan dago. Preso politikoak askatu ditue, eta talde armatu etniko guztiekaz, bategaz izan ezik, itunak sinatu dira.
Zigorrak kendu egin dira, eta munduak herrialdea ezagutzeko jakin-mina dauka. Beste askok lez, neuk be zalantzak nituan etorteko, baina militarrek Gobernua itxi ebela ikustean pentsau neban nire bizitzako bidaia egiteko momentua zala, dino Josh Chin turista kanadiarrak. Emaztea eta ume biekaz etorri da Myanmarrera. Bakea badago, umeekaz etorteko herrialde egokia dala begitantzen jat, jentea oso atsegina da, leku segurua da, eta gauza asko dagoz ikusteko. Jakina, Chin eta bere familiak ohiko ibilbidea egingo dabe: Yangon, Mandalay, Bagan, Ngapal eta Inle lakua. Duda barik, eurek moduko turistei esker, eta multinazionalei esker, Myanmarreko ekonomiak eztanda egin dau.
Turismoa izan da etekin handiena atara dauenetakoa. 2010ean, Batzorde Militarra oraindino gobernuan egoala, 300.000 turista izan zituan. Hurrengo urtean, 800.00 izan ziran, eta 2013an, 2,04 miloe bisitari. Turista gehienak thailandiarrak dira, eta ostean txinatarrak eta japoniarrak dira. Eta, antza, kopuruak gorantz egiten segiduko dau; Gobernuak aurten 3 miloera ailegetea espero dau.
Azpiegiturak ia aldatu be ez dira egin, hori da arazoa, azaltzen dau Thwe Minek, Yangonen gidari turiskoa danak. Hondeagailuak lan eta lan dabilz, baina ezin dana egin. Denporea behar da eskareari erantzuteko. Gobernuak egindako azterketa baten arabera, 2020rako akaso 7,5 miloe turista izan daitekez. Herrialdearen irudiaren hobetzeak eragin dau holako igoera handia, baina hazten segiduteko azpiegiturak eta turisten segurtasuna hobetu behar doguz, eta leku barriak sustatu, nabarmentzen dau AungMyatKyaw Myanmarreko bidai agentzietako alkarteko presidenteak.
Gaur egun, iturri ofizialek dinoenez, kolonia britainiarra izandakoak 27.000 ohe besterik ez ditu, 731 hoteletan banatuta. Negozio barri asko 2005ean Yangonen kalterako, uriburu barri izentautako Naypyitaw herrian kokatu dira. Han lau eta bost izarretako hotelek poilitikari eta enpresariak hartzen ditue, baina turista gitxi doa uri huts eta triste horretara. Bitartean, eskaera handiagoa daukien uriak ganezka egitekotan dagoz, nahiz eta Gobernuak 1.500 miloeko inbersinoa egin dauen. Urteak beharko ditue egoerea moldatzeko.
Chin familiarentzat, zorionez, aurrekontua ez da arazo. Baina kaminoen egoerea bada arazo larria, horregaitik hegazkinez mobidutea erabagi dabe. Myanmar Airways publikoagaz lehian dabilzan airelinea pribadu barriak erabili ditue, Air Mandalay, Air Bagan eta Air KBZ. Airelinea publikoak bere ospea hobetu gura dau eta hegazkin barriak erosten hasi da. Hasieran, Embraer 190 barri bi ekarri zituen, eta aurten hamabi Boeing 737 erosteko asmoa dauka.
Hotel-kate garrantzitsuenek be euren eskaintzea nabarmen zabaltzeko amesa daukie. Shangri-la enpreseak zerbitzudun apartementu bloke bat edegi barri dau, Orient-Cruiser etxeak errekako beste itsasontzi bat erosi dau, Peninsulak hotel dotore eta zahar baten berreregiteaz arduratuko da, Pan Pacific 348 gela eta 25 pisu dituan hotel itzel bat zabalduko dau, eta Hilton eta Best Western euren hotelentzako kokapen aproposaren bila dabilz. Seguru gagoz turista kopuruak gora egingo dauela azkenengo urteetan lez, dino Patrick Bassetek, Accor katearen bertako arduradunak, SydneyMorningHerald egunkarian. Laster Pullman bat eta Novotel bat zabalduko ditue Yangonen, eta beste herri batzutan be begira dabilz. Jenteak leku exotikoak ezagutu gura ditu, eta Myanmar Asiako hego-ekialdeko leku nagusienetakoa izango da.
Baina dana ez dira txaloak eta barri onak. Batzuk bildur dira bidean ez ete dan Yangon eta beste leku batzuetako ondare historikoa kaltetuko. Uriburu izan zanaren parte zaharra ia egoan lez gorde da. Baina posible da hainbeste hotel eta turistako azpiegitura artean dana galtzea, azaltzen dau ThantMyint U historialariak. Garapen ekonomikoak lehenaldia errespeteteta eskatu deutsie berak, eta beste intelektual batzuk, Gobernuari. Turismoa gure ondarea gorde eta jagoteko biztugarri izatea garrantzitsua da, eta ez kontrakoa lortzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!