UPV/EHUko Arte Ederretako ikasleek artelan bat sortu dabe Bilboko Itsasadarra Itsas Museorako
2014-05-06 15:45 KultureaAurkeztutako hogei proiektuen artean, Mar de Diosen eta Miguel Puertasen All Iron formatu handiko artelana izan da aukeratua, eta urrira bitartean izango da ikusgai Museoko kaietan. Gainera, irabazleaz gan, akzesit bi be emon jakez Sandra Villarren eta Rubén Pinoren proposamenei.
Gaur martitzena, maiatzak 6, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko Arteko Graduko laugarren mailako ikasleak diran Mar de Diosek eta Miguel Puertasek sortutako All Iron eskulturea aurkeztu dabe Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko kaian. Aurtenetxea y Zabala Arquitectos enpresearen ekimenez eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadearen, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren eta Bilboko Udalaren parte-hartzeagaz, bigarren urtez jarraian deialdi edegia izan da Arte Ederren Fakultadeko gradu, master eta doktoregoko ikasleen artean Museoaren kanpoalderako beren-beregi pentsautako interbentzino proiektu artistikoak aurkeztu deiezan. Proiektu horreek, edozein muetakoak izan eitekezan (piktorikoak, eskultorikoak, ikus-entzunezkoak, performanceak, etab.) eta edukiontzi bat edo gehiago izan behar ziran lanaren oinarri.
Inaugurazino ekitaldian parte hartu dabe Jon Ruigomez Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko zuzendariak, Natxo Rodríguez UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko Unibersidade Hedapeneko dekanordeak, Julen Aurtenetxea Aurtenetxea Taldeko Kontseilari Ordezkariak, Eva Salcedo Bilbao Ekintzako Enpresak Sustatzeko zuzendariak, eta deialdian parte hartu daben UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko hainbat ikaslek.
Aurkeztutako hogei proiektuen artean, Mar de Diosen eta Miguel Puertasen All Iron formatu handiko artelana izan da aukeratua, eta urrira bitartean izango da ikusgai Museoko kaietan. Gainera, irabazleaz gan, akzesit bi be emon jakez Sandra Villarren eta Rubén Pinoren proposamenei.
Beste alde batetik, deialdira aurkeztutako hogei proiektuen aukeraketa bategaz erakusketa bat egingo da Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan bertan. Erakusketa hau bagilaren 15era bitartean izango da ikusgai.
Mar de Diosek eta Miguel Puertasek adierazo dabenez, All Iron lana uri honek industrializazino garaian izan eban loraldiari omenaldia da, hau da, zimenduak altzau eta gaur egun Bilbo Handia legez ezagutzen dogun eremuaren zabalkundea ahalbidetu eban sasoiari. Ordu luzez eta sarritan baldintza eskasetan eta soldata oso txikien truke lan egiten eben langileen artean berba bi horreek pizten zituen ospakizun eta euforia sentimenduari keinu bat da. Gaur egun beste leku asko lez gure uria eta bere uritarrak be azken urteetan astintzen dagoan ekonomiaren atzeraldiak, motibazino eta baikortasun bultzada bat be behar dau.
Eskultura hau urrira arte egongo da ikusgai Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko kanpoaldean. Uriko eta portuko paisaje barriztuaren kontrapuntua izango da eta Museoaren bildumako piezakaz batera kokatuko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!