Euskerearen etorkizuna inoiz baino gehiago dago gazte euskaldunakan

Bizkaie! 2014-04-07 14:22   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzearen eretxiz, euskerearen etorkizuna inoiz baino gehiago dago euskaldunakan. Euskaldunak dira euskerearen etorkizuna bere esku dabenak, izan be, euskerearen botilea ez baita bardin bete arlo guztietan. Askoz gehiago bete da eremu formalean (hezkuntzan, adibidez) ez formalean baino. Eremu ez formalean, etxeko salan edota sukaldean, botilea ez da bete.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, Cristina Uriartek, eta Hizkuntza Politikarako sailburuordea dan Patxi Baztarrikak euskerearen V. Mapa Soziolinguistikoa aurkeztu dabe gaur Eusko Jaurlaritzeak Bilbon dauen egoitzan. Mapak berak, EAE-n euskerearen bilakaerea zelakoa izan dan erakusten dau, ikuspegi zabal bat eskainiz. Eta, aztertu diran datuei jagokenez, 2011koak dira kontuan hartutakoak.

Bost urtetik behin egiten dan azterketa honek, 2011ko Biztanleria eta Etxebizitzen Zentsuan batutako datuak ditu oinarri eta EAEko bost urte edo gehiagoko biztanleria hartzen dau aintzat. Datuok EUSTAT erakundeak jasoten ditu.

Mapa Soziolinguistikoa osotzeko lau aldagai hartu dira kontuan: batetik, hizkuntza gaitasunaren bilakaerea (1981eko zentsuan txertatu zan aldagai hau). Hau da, biztanleriak euskeraz berba egiteko gaitasunik dauen edo ez kontuan hartu da. Bestetik, euskaldun horreek euskerea lehen hizkuntza daben edo ez begiratu da (1986. urtean txertatutako aldagaia). Hau da, euskaldun zaharrak edo barriak diran aztertu da. Hirugarrenik, aurreko bi aldagaiak kurutzatu eta emoitza horreek aztertu dira (1986. urtetik aurrerako datuak). Eta laugarrenik, etxeko erabilerea zelakoa dan kontutan hartu da (1991an gaineratutako aldagaia). Holan, lau aldagai horreek azkeneko hamarkadetan izan daben bilakaerea ikusi daiteke.

Eusko Jaurlaritzeak zenbait ondorio atera ditu datuak aztertu ostean. Baina, horreetatik guztietatik batek hartzen dau garrantzia gehien: euskerearen etorkizuna inoiz baino gehiago dago euskaldunakan. Euskaldunak dira euskerearen etorkizuna bere esku dabenak, izan be, euskerearen botilea ez baita bardin bete arlo guztietan. Esangura horretan, askoz be gehiago bete da eremu formalean (hezkuntzan, adibidez) ez formalean baino. Eremu ez formalean, etxeko salan edota sukaldean, botilea ez da bete.

Halan da be ezin daitezke alde batera itxi egindako aurrerapausuak. Ez baitira gitxi izan. Izan be, euskerea bizibarritzeko prozesua, hazkunde baten kronikea da, gorantz doan prozesu bat. Gaur egun, herritarren % 36,4k badaki ondo euskeraz, eta orain 30 urte % 22k bakarrik. Aldi berean, orain 30 urte herritarren 2/3 ziran euskeraz tutik be ez ekienak, eta gaur egun % 44 (bakarrik) dira erdaldun hutsak. Euskaldunen ehunekoak 14,5 puntuko hazkundea izan dau 30 urteotan.

Eta 20 urtetik beherako herritarrei erreparau ezkero, hazkundea ikaragarria izan da. Gaur egun, % 70 baino gehiago dira euskaldunak. Orain 30 urte ez zan % 20ra heltzen. Duda barik, euskerearen ezagutzearen hazkundea, belaunaldi gazteenen artean gertatu da. Honek esan nahi dau, hemendik 20 urtera, euskal gizartearen 55 urtez azpiko biztanleriaren % 70 euskalduna izango dala.

Beste alde batetik, hamar euskaldunetik ia sei (% 57,8) euskaldun zaharrak dira, etxean jaso dabe euskerea (euskerea bakarrik edo euskerea eta gaztelania). Beste lau pasatxu (% 42,2) euskaldun barriak dira. Baina 30 urtetik beherako gazte euskaldunei jagokenez, hamarretik ia sei (% 58) euskaldun barriak dira. Eta euskaldun barrien erdia (% 49,3) EAEko sei udalerri handienetan bizi da (Bilbo, Gasteiz, Donostia, Getxo, Irun eta Barakaldo).

Erabilereari jagokonez, 2011ko Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 15 urtetik gorako herritarrek 1991an baino gehiago erabilten dabe euskerea. 7 puntu igon da, oro har, erabilerea. Halan da be, hazkunde hau eremu formalean (udaletxeetan, osasun-zerbitzuetan, lan munduan…) emon da batez be.

Orain hogei urte, gaur baino askoz etxe gehiago ziran kide euskaldun bakar bat be ez eben familiak. Etxeko erabilereak, ostera, puntu bat behera egin dau azken hogei urteotan: % 20,8 dira etxean euskerea gaztelania beste edo gehiago erabilten dabenak eta % 21,8 ziran 1991n. Horrek gitxienez bi gauza adierazoten ditu: alde batetik, euskera gaitasunean hiru hamarkadotan gertatu dan hazkunde jarraituak ez dauela etxeko erabileran hazkunderik ekarri (nahiz eta euskaraz jarduteko gai diran herritarrak askozaz gehiago izan) eta, bestetik, gaurko euskaldunek ez dabela atzokoek beste erabilten euskerea etxean.

Baina konplexuagoa da gertatzen dana. Jatorrizko elebidunen eta euskaldun barrien artean gero eta gehiago dira etxean batez be euskerea erabilten dabenak, baina euskaldun zaharren artean bajatu egin da etxeko erabilerea.

Datuok kontuan hartuta, garrantzitsua da, herritarren eta gizartearen arlo batean edo bestean eredugarri diranen atxikimendua, gogoa eta hizkuntza kontzientzia lortzea, hain zuzen be, euskeraz dakitenak euskerea erabiltera bultzatzeko. Helburua baita, euskaldunek euskerea erabiltea.

Azkenik, nabarmendu behar da, interbentzino bat egon behar dauela, gaur egun oraingoz bizi dogun hizkuntza desorekea ez baita bakarrik gaindituko. Beraz, egin egin behar da, desorekea ez baita bere kabuz desagertuko. Horregaitik, gazteakan jarri behar da atentzinoa. Ez bakarrik gazteak gure etorkizuna diralako, hor dagoalako euskaldun kopuru handiena baino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu