Txinatar ekologiaren gerrilariak (I)
2014-02-13 16:29 BidaideEgun arraroa da Pekinen: eguzkia bistan da eta goizeko lehen orduetako geruza gris iluna desagertu ostean, kolore urdin bizia agiri da zeruan. Dana dala, Zhou Rengek uste dau ameskeria edo ilusino hutsa dala hori.
Egun arraroa da Pekinen: eguzkia bistan da eta goizeko lehen orduetako geruza gris iluna desagertu ostean, kolore urdin bizia agiri da zeruan. Dana dala, Zhou Rengek uste dau ameskeria edo ilusino hutsa dala hori.
Greenpeace erakundearen ingurumenaren neurketarako tramankuluak hartuta, kalera joan da usteak egiaztatzeko asmoz. Uriburuan, azken asteotako egunik dotoreena da gaurkoa eta giroaren kutsadurea adierazoteko indizea ehun puntutik gora dago. Zehatz esateko metro kubiko bakotxeko 2,5 mikra baino txikiagoko 138 partikula dagoazala marketan dau eta kopuru hori kutsadura maila handia izango litzateke Europako edozein uritan; Txinako uriburuan, barriz, joandako neguan 1.000 puntu inguruan ibili zan indizea eta, beraz, gaurko eguna ezin hobea da paseorako.
Planetearen biziraupenerako inflexio-puntu esanguratsuan gagoz baieztatu dau. Baliabideak mugatuak dira eta Txina neurri barik baliabide horreek agortzen dago. Hazkunde ekonomikoaren atxakian edozer egiteko prest dagoz eta ingurumenagazko errespetua bigarren mailan jarten dabe. Jakinaren ganean esaten ditu horreek guztiak Zhou Rengek, izan be, Greenpeace erakundeko bazkide egin aurretik Txinako gobernuaren behargina izan zan Ingurumenaren Babeserako sailean eta hor ikusi eban gehien kutsatzen daben enpresetako arduradunek badakiela ondo ikuskatzaileak noiz azalduko diran eta, beraz, nahikoa denpora izaten dabela dana ondo prestau eta kontu-ikuskaritzak erraz gainditzeko.
Ingurumenari jagokozan kontuetan be botere politiko, ekonomiko eta judizialaren alkarkidetasuna ikusirik, Zhou Rengek funtzionario izateari itxi eta egungo garapen eredua aldatzen danean amaituko dan burrukan sartu zan buru-belarri. Baina burrrukea irabazteko nahitaezkoa da herritarrak tartean sartzea eta Zhouren eretxiz ez dago ezer hoberik zientzialari batzuek apokaliptikotzat hartzen daben Asiako erraldoiaren ingurumen-egoerearen barri jentaurrean azaltzea baino.
Duda barik, bildurra eragiteko modukoak dira estadistikak. Planetako 20 uri kutsatuenen artean 16 Txinan dagoz. Orain lau urte Txina izan zan atmosferara CO2 isuriketa gehien egin eban herrialdea, AEBen aurretik eta hori gitxi ez balitz, Txinako uri nagusienen % 1ek baino ez dauka aire osasungarria Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Ikatzaren menpeko eta teknologia maila apaleko industrializazino azkarrak eta enpresaburuen etika ezak hondamendia baino ez dakarre.
Global Burden of Disease txosten independenteak joandako udabarrian zabaldutakoaren arabera, kutsadurearen ondoriozko heriotza goiztiarren kopurua nabarmen hazi da, 1,2 miloe hildako, zehatz esateko, heriotza guztien % 40, hain zuzen be. AEBetako Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkari ospetsuan argitaratutako beste ikerlan batek lehenengoz zehaztu eban kutsadura atmosferikoak txinatarren bizi-itxaropenean dauen eragina: herrialdearen iparraldean bizi diran eta zabalkuntza ekonomiko azkarra hasi zaneko 1990. urtea baino lehen jaio ziran 500 miloe lagunak ikatzik erabilten ez daben hegoaldeko herrikideak baino batez beste 5,5 urte gitxiago biziko dira.
Horrezaz gan, igaz Alderdi Komunisteak onartu egin eban minbiziaren herriak badagozala egon, 400 bat herri dira eta normalean kutsadura handia eragiten daben industrien ondoan kokatuta dagoz. Herriotan minbiziak jota hilten dira gehienak. Nazino mailan minbiziak lautik heriotza bat eragiten dau eta birikietako minbiziak gaixotutakoen kopuruak % 46,5 egin dau gora azken hiru hamarkadetan. Arazoaren erakusgarri, Jiangsu ekialdeko probintzian bizi zan 8 urteko umearen kasua da deigarriena; birikietako minbiziak jotako gazteena izanik, sekulako jarraipena izan eban hedabide guztietan eta sano hunkigarria izan zan.
Kontuak kontu, ez da harritzekoa Chengdu lako urietan kutsadura atmosferikoak eragindako arazoetan espezializautako klinika ugari ezartzea eta Pekinen kutsadureari aurre egiteko atmosferara nitrogeno likidoa botateko sistema bat lantzen ibiltea. Gobernuaren bosturteko plangintzearen barruan sartzen dira aitatu neurriak eta horreekaz batera zigor gogorrak aurreikusita dagoz kutsatzen dabenentzako eta energia garbiak erabilten dabezanentzako, barriz, diru-laguntzinoak dagoz. Gobernuburuak nahikoa kontzientziauta dagoz baina eskualde mailan oraindino ustelkeria da nagusi salatu dau Zhou Rengek.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!