Xabier Payak 'Ahozko Euskal Literaturaren Antologia' beharra aurkeztu dau

Bizkaie! 2014-02-13 10:02   Kulturea

Etxepare Euskal Institutuak, Euskal Antologiak Sailean, plazaratu dau ahozko euskal literaturearen ikuspegi panoramikoa eskaintzen dauen Ahozko Euskal Literaturaren Antologia. Zortzi genero izan ditu ardatz Xabier Payak: bertsolaritzea, koplak, genero epiko-lirikoa, herri antzerkia, heziketa generoa, egunerokoak, genero errituala eta genero aplikatuak.

Etxepare Euskal Institutuak, Euskal Antologiak Sailean, plazaratu dau ahozko euskal literaturearen ikuspegi panoramikoa eskaintzen dauen Ahozko Euskal Literaturaren Antologia. Zortzi genero izan ditu ardatz Xabier Payak: bertsolaritzea, koplak, genero epiko-lirikoa, herri antzerkia, heziketa generoa, egunerokoak, genero errituala eta genero aplikatuak.

Argitalpena hirueleduna da, euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez kaleratu da. Lan erreferentziala Aizpea Goenaga Etxepareko buruaren eretxiz; harribitxia, Mari Jose Olaziregiren esanetan; opari gozagarria, Joxerra Garziaren ustez. Holan adierazo eben liburuaren aurkezpenean, atzo. Bere ibilbidean mugarri izango da lana, Paya beraren berbetan. Haizeak eroan ez ebana jasoteko egin dauen lana benetako abenturea izan dala azaldu eban.

Euskerearen eta euskal literaturearen zabalkunde lana estrategikoa da Institutuarentzat, Goenagak aurkezpenean adierazo ebanez. Ahozko literaturea oparoa eta askotarikoa da gaineratu eban, Koldo Mitxelenaren berbak gogoratuz. Xabier Payak onartutako erronkea ez zan makala. Baina emoitzea ikaragarria izan da, azaldu eban.

Antologiak zeresana emongo dauela uste dau Olaziregik, bildumaren zuzendariak, eta ahozko literaturaren gitxiespena egiten dabenen ezjakintasunari aurre egingo deutsola. Euskal ahozko literaturearen ikerketan egon diran mugarri guztiak autortzen ditu Payak. Olaziregiren esanetan XIX. mendeko biltzaileetatik hasita, Lekuonatarren ekarpenagaz edo Marya Goiri mintegia jarraituz, eta Joxerra Garziaren paradigma barritzailera heldu arte.Payak produkzinoa-transmisinoa-harrerea-funtzio soziala kontuan hartuz egindako sailkapen hori erabilten dau, aldaketa gitxi batzuk gora behera, antologia hau apailatzeko.

'Verba Volant, scripta manent'. Esaerak jatorriz gaur egun daukan zentzuaren kontrakoa esan nahi eban: ahoz esaten danak hegaz egiten dau, indarra hartzen dau, idatziz dagozan hitzak hilda dagoz. Horregatik dau ahozkoak horrenbesteko indarra. Horregatik dauka antologia honek daukan erakarmena. Olaziregik Jose Luis Agote liburuaren diseinatzailearen lanaren garrantzia azpimarratu eban.

Joxerra Garziak antologia ahozko literaturaren infinitoaren laburpena dala azaldu eban. Egileak sailkatzen, aukeratzen eta txukuntzen egindako ahalegina eta ausardia azpimarratu zituan. Aurrerapausu handi eta nabarmena dala esan eban, egin beharreko ikerketearen oinarriak finkatzen dituana.

Hartu dodan gozatua ez da 500 orrialdetan batzen, adierazo eban egileak, abentura eta eztabaida horretan bidelagun izan dituanei eskerrona emon eutsien: Belen Altuna, Kike Amonarriz, Joxerra Garzia, John Miles Foley, Jabier Kaltzakorta, Cameron J. Watson eta Zornotzako Barnetegia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu