Bidebarrieta Kulturguneak 'Darwinen Eguna' ospatuko dau
2014-02-10 16:24Datorren eguaztenean, zezeilaren 12an, 205 urte beteko dira Charles Darwin, Eboluzioaren Teoria argitaratu eban naturalista ingelesa, jaio zanetik, eta Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak topaketa zientifikoa antolatu dau egun horretarako.

Datorren eguaztenean, zezeilaren 12an, 205 urte beteko dira Charles Darwin, Eboluzioaren Teoria argitaratu eban naturalista ingelesa, jaio zanetik, eta Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak topaketa zientifikoa antolatu dau egun horretarako.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, UPV/EHUko Kultura Zientifiko Katedreak eta Zirkulu Eszeptikoak bultzatutako ekimena da, eta, horrezaz gan, El Correo egunkariaren babesa eta CIC bioGUNEren, UPV/EHUko Espazio Gelaren eta Biofísica Bizkaia Fundazinoaren laguntzinoa be badauka.
Urteurren honen ospakizunaren helburua, Darwinek zientziari egindako ekarpena ezagutarazotea da eta, oro har, zientzia bultzatzea. Eguaztenean, hilak 12, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, berbaldi bi programau ditue Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan. Lehenengoa Ana Zubiagak, UPV/EHUko Genetika Molekular Katedradunak emongo dau. Desagertutako espezieak berreskuratzeari buruzko ¿Las extinciones son para siempre? izenburuko berbaldia emongo dau. Arratsaldeko bigarren berbaldia, barriz, Carles Lalueza-Foxek, Bartzelonako Biologia Ebolutibo Institutuko ikerlariak emongo dau, El genoma neandertal izenburupean. Berbaldietarako sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte.
Bilboko Udalak Charles Darwinen jaiotzea ospatzen dauen zortzigarren urtea da hau. 2007tik zientzia eta hedapen alorreko persona ezagunek hartu dabe parte, Francisco J. Ayalak, Pilar Carbonerok edo Manuel Tohariak, besteak beste, eta ondorioz, ezinbesteko hitzordu bilakatu da zientzia eta kultura zale guztientzat.
Ana Zubiaga doktoretza osteko ikerlaria izan da Tuftseko eta Harvardeko unibersidadeetan (AEB), eta bertan minbiziaren garapenean inplikautako geneen erregulazinoaren azterketan espezializau zan. Gaur egun UPV/EHU-ko Genetika, Antropologia Fisiko eta Animalia Fisiologia Sailean egiten dau lan. Bere ikerketa eremua minbiziaren biologia da, eta Biologia Molekular eta Bio-medikuntza masterraren arduraduna da.
Carles Lalueza-Fox izen handiko paleogenetika aditua da. Hainbat artikulu zientifiko argitaratu ditu nazinoarteko aldizkarietan, mamutak eta neanderthalak lako desagertutako espezieen material genetikoa berreskuratzeari buruz. Genoma Neanderthal egitasmoan hartu dau parte, eta momentu honetan genoma mesolitiko eta neolitiko europarren berreskurapenean dabil beharrean. Zientzia dibulgazinoko hainbat liburu argitaratu ditu, berbarako, Palabras en el Tiempo (Crítica, 2013).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!