Herta Müller Nobel sariduna VII. Gutun Zuria, Bilboko Letren Nazinoarteko Jaialdian izango da
2014-01-31 13:51 KultureaBilboko Alondigeak, zazpigarren urtez, Gutun Zuria Bilboko Letren Nazinoarteko Jaialdia antolatuko dau. Aurten martiaren 27tik maiatzaren 6ra izango da. Gutun Zuria, Bilboko Letren Nazinoarteko Jaialdia, literatura eta letren munduko hitzordu garrantzitsua da.
Bilboko Alondigeak, zazpigarren urtez, Gutun Zuria Bilboko Letren Nazinoarteko Jaialdia antolatuko dau. Aurten martiaren 27tik maiatzaren 6ra izango da. Gutun Zuria, Bilboko Letren Nazinoarteko Jaialdia, literatura eta letren munduko hitzordu garrantzitsua da. Bilboko Alondigeak sei urte daroaz antolatzen eta letren munduko personaia garrantzitsuen topagune bihurtu da, bai eta egileak ezagutzeko gune aproposena be. Bestalde, Gutun Zuriak Bilbo urteroko nazinoarteko erreferentziazko topaketa leku bihurtzen dau.
Aurten Bilboko hitzorduan izango diranen artean, Herta Müller idazle errumaniarra eta Nobel sariduna da nabarmenetakoa; jaialdiaren lehenengo egunean, martiaren 27an, izango da.
Herta Müller
Bere biografia Errumaniako diktadureagaz lotuta dago. Idazle errumaniarra gitxiengo alemaniarreko familia batean jaio zan, eta alemana izan dau literatur hizkuntzea. 1987tik, Alemanian bizi da, Berlinen, eta hango hizkuntz akademiako kidea da.
Mullerren liburu bakarra dago euskaratua: Hatsaren kulunka, Ibon Uribarrik itzuli eta 2010ean argitaratu eban Elkarrek. II. Mundu Gerrearen ostean, Errumaniatik Errusiako eta Ukrainako lan behartuetako esparruetara deportau zituen Errumaniako gitxiengo alemaneko kideen gorabeherak ditu ardatz eleberriak.
Ganerakoan, azpimarratzekoak dira En tierras bajas, Tango edo La bestia del Corazón eleberriak. Bere obren kalidadeari esker Nobel saria irabazi eban 2009an.
Mugako kontakizunak
Gutun Zuriaren zazpigarren edizinoak mugen kontzeptua izango dau ardatz. Globalizazinoak mugarik bako mundu baterantz eroaten gaituen bitartean, lerro banatzaileek beren horretan jarraitzen dabe oraindino be. Lerro horreek, batzuetan, larritasunez eta indarkeriaz biziten dira; beste batzuetan, identidadearen baieztapen baten moduan.
Mugearen kontzeptua oso zehatza eta imajinetako erraza da, eta, aldi berean, oso zabala. Esanahi sozial eta indibiduala be hartzen dau, eta hori agirian geratzen da talde eta estamentuen arteko bereizketetan edo mundua ikusteko modu desbardinak dituen personen artekoetan. Azkenik, mugea ia hasieratik dago artearen munduan, sorkuntza-diziplinen eta generoen sailkapenean eta bereizketan.
Gutun Zuria jaialdiaren edizino honetan, aldaera eta esanahi horreek guztiak aztertuko dira, euskal zein nazinoarteko idazleen bitartez, danak be ospe handikoak. Euren ahotsetik berba egingo deuskue erregimen totalitarioetako kartzela fisiko eta mentalei buruz, populazinoaren mobimentuei buruz, Europako herrialdeetako lerroak zeharkatzen dituen ibaiei buruz eta abar.
Era berean, konbidaduek kontauko dabe zelan bizi izan daben emakumeen kontrako indarkeria Mexikoko mugetan, erlijinoen arteko gatazkak eta kulturen arteko talkak. Euren esperientziak persona desbardinen arteko komunikazino-bideak eta alkarren arteko aberastasun-bideak imajinetako balioko dau.
Esperimentazino artistiko hutsa, beste edizino batzuetan lez, Gutun Zuria jaialdiaren edizino honetan be presente egongo da, izan be, jaialdi honek adi jarraitzen ditu gaurkotasunezko eztabaidak, bai eta berbea beste arte batzuekazin (esate baterako, musikeagaz eta jantzeagaz) harmonizetan daben sorkuntza-muetak be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!