Udalerrien sare bat jarriko da martxan Euskadin, ikas-ingurune komunitarioak sortzeko

Bizkaie! 2014-01-30 17:33

Ikas-Ingurune Komunitarioen Laborategiaren eta Haurren Hirien Sarearen abiapuntua Herrigune Leioa esperientzia da. Hamar urte baino gehiago daroaz udalerriko zenbait eragilegaz lankidetzan hazkunde komunitarioko plana sortu eta garatzen bere herritarrentzat.

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Leioako Udalak, Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Irakasle Unibersidade Eskoleak, Solasgunek eta Innobasque Barrikuntzearen Euskal Agentziak osotzen daben partzuergo publiko-pribatuak Haurren Hirien Sarea proiektua eta Ikas-Ingurune Komunitarioen Laborategia sustatu dau.

Leioako Ondiz torrean aurkeztu dabe egunotan Ikas-Ingurune Komunitarioen Laborategia eta Haurren Hirien Sarea. Proiektuon bidez, euskal udalerrien sare bat jarriko da martxan, udalerriotan bizi dan jentearen hazkunde eta garapenagaz konprometidutako udalerrien sarea, hain zuzen.

Aurkezpenean izan ziran Francesco Tonucci italiar pedagogoa eta La Citta de i Bambini nazinoarteko proiektuaren koordinatzailea, Gotzon Bernaola Innobasqueko programen zuzendaria, Mari Carmen Urbieta Leioako alkatea eta, bere inguruan, Umeen Kontseilua, Leioako Alkatetzearen erakunde aholkuemoilea osotzen daben 10 eta 13 urte arteko 19 umeak.

Hezkuntza eta gizarte-barrikuntzako ekinbide bat da aurkeztu dana, gizartean danonak diran guneak ikasgune inklusibo eta malgu bihurtu nahi dituana, personen burujabetasun edo autonomia sustatu eta horreek beren hazkunde-ahalmen guztia garatu ahal izateko.


Herrigune Leioa

Ikas-Ingurune Komunitarioen Laborategiaren eta Haurren Hirien Sarearen abiapuntua Herrigune Leioa esperientzia da. Hamar urte baino gehiago daroaz udalerriko zenbait eragilegaz lankidetzan hazkunde komunitarioko plana sortu eta garatzen bere herritarrentzat. Gainera, Alkatetzeak organo aholkuemoile bat dauka, Umeen Kontseilua, eta konpromisoa dauka bere gomendioak entzuteko. Gomendio horreek organoa osotzen daben umeen ikuspegia adierazoten dabe.

Esangura horretan, Francesco Tonuccik mundu osoan sustatzen dauen La Citta de i Bambini proiektuak uriak gobernatzeko beste eredu bat proposatzen dau, umeak hartuta herritar guztien beharrizan edo premien parametro eta berme legez. Kontua ez da umeentzako baliabideak eta zerbitzuak gehitzea, danontzako uri hobea eregitea baino, azaldu dabe.

Haurren Hiriak urietan umeei burujabetasuna itzultzeko ekintzak gauzatzen ditu, eta horreen parte hartzea sustatzen dau tokiko gobernuetan, ahotsa emonez eurengan pentsauta egitura daitezen uriak.

Esperientzia honetan oinarritzen da Haurren Hirien Sarea, Ikas-Ingurune Komunitarioen Laborategiak bultzatzen dauen euskal udalerrien sarea, eta antzeko esperientziak dituenak edo ekinbide honegaz bat egin nahi dabenak bilatzen ditu beste herri batzuetan, danon espazioa, erantzunkidetasuna eta gizarte konpromisoa berreskuratuko daben garapen eredu komunitarioak eregiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu