Harri-kartoizko postal ederra
2014-01-28 10:06 BidaideGoizero makinatxu bat autobus heltzen dira geltokira eta gehienak turistak dira indar magikoren batek erakarrita. Labirintoa emoten dauen kaleartea bisitau gura izan ezkero, 2012tik indarrean dagoan 20 euroko sarrera-zerga polemikoa ordaindu behar da; alde zaharra ederra da, magikoa eta bidaiaria zurtz eginda geratzen da dinastia zaharren sasoietatik gaur arte eten ez dan munduagaz.
Desengainua hartzea normala da Fenghuang uri barriko autobus geltoki isolatuan agertzen zarenean. Menditxu baten gainean dago eta inguruetan ez dago argibiderik ez bestelako seinalerik bidaiariarentzako. Horrezaz gan, sano susmagarriak izaten dira gehienetan legez kanpoko taxi zerbitzua eskaintzera hurretzen jatzuzan lagunak. Inguruan hutsik dagozan orubeak baino ez dagoz eta denda edo dana dalako gitxi batzuk zarratuta. Txinako uribideak sano motzak dira oro har eta kasu honetan be bardin, izan be, etorbide nagusira heltzeko bidezidor luze eta bihurgunez betetako bakarra dago. Han taxi ofizialak dagoz baina taximetrorik ez dau batek be erabilten. Hunan probintziako uri turistiko nagusienetakoa izan arren, Fenghuang Txina barrualdeko herritxua baino ez da.
Halan da be, goizero makinatxu bat autobus heltzen dira geltokira eta gehienak turistak dira indar magikoren batek erakarrita. Labirintoa emoten dauen kaleartea bisitau gura izan ezkero, 2012tik indarrean dagoan 20 euroko sarrera-zerga polemikoa ordaindu behar da; alde zaharra ederra da, magikoa eta bidaiaria zurtz eginda geratzen da dinastia zaharren sasoietatik gaur arte eten ez dan munduagaz: oasi baketsua XXI. mendeko Txina zaratsuaren erdian. Harrizko galtzada zaharrak, Tuo erreka bazterreko eraikinak, astiro-astiro, gora eta behera dabilzan gabarrak eta zume negartiek zabuka darabilten pagodak eszenatoki perfektua dira sasoi bateko gorabehera edo pasadizoak girotzeko, berbarako mandarin kaskamotz baina ule-motots luzeko horreen kontuak gogoratzeko. Baina munduko bigarren indar ekonomikoa dan Txinak bat egin dau kapitalismoagaz eta Fenghuangeko bazterretan ohikoak dira oroigarriak saltzeko dendak zein bestelakoak, tabernak, kaleko karikaturagileak, wifi konekzinoagaz hornidutako era guztietako ostatuak, danetariko negozioak eta abar. Fenghuang harri-kartoizko postal ederra da.
UNESCOk Gizateriaren Ondare izentautako herria da eta 300 urtetik gorako historia dauenez, Fenghuangeko eraikin gehienak zaharbarrituta dagoz globalizazinoaren beharretara moldatzeko, izan be, orain hamar bat urte jausteko zorian egozan. Egoerea ikusita bertako agintariek eraikin asko eraitsi edo behera botateko agindua emon eben barriro eregi eta turismorako erakargarri bihurtzeko asmoz. Jatorrizko eraikinen ezaugarriak gordeten ahalegindu baziran be, herriak parke tematikoa emoten dau. Alde zaharrean bizi ginanak alde barrira eroan gintuen, etxebizitzak erosoagoak dira eta turistei zerbitzua emoteko agindu euskuen autortu dau errekan gora eta behera egurrezko gabarran dabilen gizonak. Soldatea orain hobea da baina herriak enkantua galdu dau onartu dau. Mendebaldar asko bat datoz aitatu eretxiagaz baina egungo plangintzea baliogarria da txinatar turisten talde antolatuen interesei erreparauta, izan be, denpora gitxi izaten dabe lekuak bisitetako eta gurago izaten dabe gida baten atzetik arineketan ibili, euren mezuak entzun eta bazter guztietan hatzamarrakaz garaipenaren ikurra eginez argazkiak ataratea.
Txina barriaren garapena bikain islatzen daben argazkiak atera ahal izango doguz. Garapen ekonomikoa eta kultura eta tradizinoen babesa sarritan ez datoz bat eta hor dago eztabaidea. Herriko harresiaren amaieran, Fenghuang zubitik hur, makinatxu bat lagun agiri dira eskualdean nagusi diran miao eta tujia gitxiengo etnikoen jantzi tipikoakaz edota Maoren Guardia Gorrien uniformakaz. Dana dala, nostalgia momentua berehala desagertzen da bidaiariak denden aurretik pasetan diranean.
Zorionez, Fenghuangen gaua pasetan dabenek bisita lasaiagoa eta mamitusagoa egin leikie goizean goizetik eta iluntzeko orduetan, izan be, tarte horreetan turista gitxiago dabil. Eguna argitu orduko eraikin historikoak eta bikain gordetakoak ezagutzeko momentu egokia da, berbarako, Shen Congwen idazlearen etxea, Yang familiarena (Maoren Iraultza Kulturalean inposatutako sinbolo komunistei eusten deutsena) edota tenplu budista eta konfuziano dotoreak. Eguzkia sartzen dan momentua magikoa da herriaren eskumaldeko ur-bazterrari argazkia egiteko; ondoren, erraza izango da leku lasai bat topetea zeozer edateko eta liburu zahar bat irakurteko...
Egunaren erdialdean, hara eta hona dabilzan turista zaratatsuek ez gaitue baketan itxiko eta onena alde zaharrera iges egin eta Hiru Erregeen Tenplua bisitetea izango da. Eskilara piloa ditu eta izerdia botatea derrigorra izango da baina han goian topauko dogun bakeak mereziduko dau hori eta gehiago. Arbola artean, gerizpean jesarrita, turisten zurrunbiloak ez deusku kalterik egingo eta alde zaharrera begira orduak emon daitekez denporan bidaiatu eta antxinako Txinan bagengozan lez sentiduteko. Izan be, jentea horretarako doa Fenghuangera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!