Mikel Mikeo eta Gaizka Sarasola egile nafarrek irabazi dabe Cafe Bar Bilbao 2013 antzerki gidoi laburren saria

Bizkaie! 2014-01-27 10:14   Kulturea

Mikel Martinez lehiaketearen sustatzaile eta aktoreak azaldu dauenez, edizino honetan aurrekoetan baino lan gehiago aurkeztu dira (16 lan euskeraz eta 27 gaztelaniaz). Gainera, aurkeztutako lanen maila literarioa azpimarratu dau.

Mikel Mikeo eta Gaizka Sarasola nafarrak izan dira Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren XI. lehiaketako irabazleak. Sariketea izen bereko establezimenduak antolatzen dau, Tartean antzerki konpainiaren laguntzinoagaz. Antzerki idazketea sustatzea da lehiaketearen helburua, eta horregaz batera, egileak genero hori lantzera animetea eta formatu txikiko antzerkia bultzatzea.

Mikel Martinez lehiaketearen sustatzaile eta aktoreak azaldu dauenez, edizino honetan aurrekoetan baino lan gehiago aurkeztu dira (16 lan euskeraz eta 27 gaztelaniaz). Gainera, aurkeztutako lanen maila literarioa azpimarratu dau. Danetik egon da: umorezko piezak, gizarte kritika egiten dabenak, dramak, parodiak, antzerki dokumentalistea, surrealistea… Kalidadea orokorrean oso ona izan da, batez be euskerazko lanen atalean. Baina gogoratu behar da lanak baloretako orduan, kalidadeaz gan, kontuan hartzen dala deialdian eskatzen dana, hau da, produziduteko eta montetako lan errazak izatea, ordu erdi inguruko iraupena izan deiela.

Gaizka Sarasola Iartzabal (Lesaka, 1974) izan da euskerazko lanen atalean Cafe Bar Bilbao sariaren irabazlea (1.400 euro), Lurrazpikoak lanagaz. Istorioa taberna batean gertatzen da, argia eten dan gau trumoitsu batean. Linternen argipean, lau agurek meategian lan egiten ebeneko garaia gogoratzen dabe, etorkizun hobea amesten eben garaia.

Gaizka Sarasola txistularia eta musika irakaslea da, eta gainera, Mairu Antzerki Tailerra antzerki talde amateurraren bultzatzaileetako bat. Bere taldearen eta beste batzuen obretarako testuak eta musikea idatzi ditu, besteak beste, Gilkitxaro taldearentzat. Era berean, Ixuriak eta Ez naiz deusen jabe diskoak argitaratu ditu Xabier Erkizia musikariagaz batera.

Gaztelaniazko ataleko irabazleari jagokozan 1.200 euroak Mikel Mikeo nafarrak eskuratu ditu, La oferta Hutford lanagaz. Diruaren balioari buruzko dilemea planteetan dau obreak. Istorio horretan, morroi arrunt batek ezohiko proposamena jasoten dau: 50 miloe euro lortuko ditu egia esan ez eta espetxean hiru urte emoten baditu. Bi personaia batzen ditu obrak: Hutford, eskaintzea egiten dauena, eta Baldomero, onartu ala ez erabagi behar dauena.

Mikel Mikeo Arrarasek (Atarrabia, 1975) Nafarroako Antzerki Eskolan egin zituan Interpretazino ikasketak, eta bakarrizketa komikoak taularatzen dituan Movimiento Bola antzerki taldeko kide da gaur egun. Aitatu taldeak bi obra taularatu ditu dagoeneko, 59 Minutos eta VPO (Vivir para Pagar un hOgar), biak ala biak Mikeok idatzitakoak. Igaz bere bakarrizketen bildumea estreinau eban, Mikeando por la vida titulupean. Era berean, zuzendari lanak egiten ditu, obrak idatzi, antzeztu eta joko dramatikoko klaseak emoten ditu.

Saritutako lanak Cafe Bar Bilbaoren webgunean argitaratuko dira, eta udaberrian Tartean taldeak testu horreen irakurketa dramatizatua egingo dau Bilboko Plaza Barriko ostalaritza establezimendu historikoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu