Bilboko Udaltegien ekinbidez martxan dago Expodistrito
2014-01-23 13:32 KultureaExpodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko dan aldi baterako erakusketa zikloak, oraintsu jarri dau martxan urteko lehen hiruhilekorako programea: argazki erakusketa bi, eskultura erakusketa bi eta hiru margo erakusketa, hain zuzen be.
Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko dan aldi baterako erakusketa zikloak, oraintsu jarri dau martxan urteko lehen hiruhilekorako programea. Martiaren 31ra arte, Barrainkua, San Inazio-Ibarrekolanda, Errekalde, Otxarkoaga, Begoña, San Frantzisko, Castaños eta Burtsa-Ibaiondoko udaltegietara hurreratzen diran lagunek, bi argazki erakusketez, bi eskultura erakusketez eta hiru margo erakusketez gozau ahal izango dabe.
Expodistrito, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren programea da, eta bere helburuen artean uriko arte adierazpenak deszentralizetea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea dagoz, baita dagoeneko ezagunak diran beste batzuen erakustoki izatea be. Ohikoa danez, erakusketak zortzi udaltegi horreetatik txandakatuz joango dira.
Argazkiak
Argazkiak David Cidreren eskutik helduko dira hiruhileko honetan, Naturaleza de gala izeneko lanaren bitartez. Lan horretan Ama Lurra azpimarratu behar da, bere indar guztiagaz. Erakusketea urtarrilaren 15etik 31ra erakutsiko da lehenengo, San Frantziskoko Udaltegian.
Igor Calvo artisteak, Gran Vía, 0 izeneko lanean, argazki dokumentalez eta aurretiko testuez osotutako irudien bitartez, uria modu alternatiboan bisitetan konbidatzen gaitu, eta aginte sistemen euskarri diran errealidade eta fikzino prozesuei buruzko gogoetea proposatzen deusku. Argazki aukeraketea Burtsako Udaltegian ikusi ahal izango da lehenengo, urtarrilaren 15etik 31ra.
Eskulturea
JJCuper bilbotarrak hamar urte baino gehiago daroaz beharrean, ohikoa dana ez ohiko bilakatzeko asmoz, eta begirada horretan oinarrituz Mapas aurkezten deusku, material desbardinakaz egindako eskultura txikiak, gehienetan jarduketa proposamen ludikoa batzen dabenak. Erakusketea Barrainkuako Udaltegian erakutsiko da urtarrilaren 15etik 31ra, beste lekuetan baino lehen.
Oso txikia zanetik, Xabier Artolozagak sortzeko beharra sentidu izan dau. Aurretik ezelako esperientziarik edo prestakuntza artistikorik ez eban bizkaitar honek, ume-umetatik ondoan izan dauen itsasoaren indarrari formea emoteari ekin eutson, Begoñako Udaltegian urtarrilaren 15etik 31ra bisitau ahal izango dan La mar entre 2 manos erakusketan.
Margoa
Javier Perez Herrerosek marrazkiari eta margoari eskaintzen deutso bere denpora librea, eta akuareletan oinarritzen da. Halan da be, akrilikoak edo tinta txinatarrez eta akuaforte teknikea erabiliz egindako lanak be baditu. Erakusketea urtarrilaren 15etik 31ra bisitau ahal izango da, San Inazio- Ibarrekolandako Udaltegian.
Naty Perez Apariciok gustetan jakolako eta hutsuneak beteteko margotzen dau. Mihisearen gainean bere ni sakonena proiektau eta ausentziaren, errealidadearen zailtasunen gainean, eregiten dau. Erakusketea Barrainkuako Udaltegian bisitau ahal izango da, zezeilaren 4tik 14ra eta ondoren, ganerako erakusketen kasuan lez, beste Udaltegi batzuetara joango da.
Beste alde batetik, 1945ean sortutako Bizkaiko Arte Alkarteari jagokonez, zenbait kideren lanen bitartez hartuko dau parte zikloan. Erakusketea urtarrilaren 15etik 31ra bisitau ahal izango da lehenengo, Burtsa-Ibaiondoko Udaltegian.
Erakusketa bakotxaren egun zehatzak Udaltegietan bertan, 010 telefono zenbakian, www.kulturabarrutik.net webgunean eta Kultura Barrutik-en Facebook-eko gunean konsultau daitekez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!