Ramon Saizarbitoria eta Ramiro Pinilla izango dira protagonista Bilboko 'Eztabaidak Literatureagaz' zikloan
2014-01-13 10:00 KultureaVII. Eztabaidak Literatureagaz zikloa urtarrilaren 14an, martitzenean, hasiko da Literaturearen etorkizuna Euskal Herrian izenburuko saioagaz, Bidebarrietako liburutegian. Urteko lehen topaketan, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Ramon Saizarbitoria eta Ramiro Pinilla 2013ko euskerazko eta gaztelaniazko Euskadi Literatur Sarien irabazleak izango dira; moderatzaile lanak, barriz, Txani Rodriguez idazleak egingo ditu.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak abiarazotako Eztabaidak Literatureagaz zikloaren zazpigarren edizinoa urtarrilaren 14an, martitzenean, hasiko da Literaturearen etorkizuna Euskal Herrian izenburuko saioagaz, Bidebarrietako liburutegian. Urteko lehen topaketan, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Ramon Saizarbitoria eta Ramiro Pinilla 2013ko euskerazko eta gaztelaniazko Euskadi Literatur Sarien irabazleak izango dira; moderatzaile lanak, barriz, Txani Rodriguez idazleak egingo ditu.
Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944) gehien landu dauen arloa eleberria izan da, baina saiakerea eta poesia be idatzi ditu. Euskeraz idatzitako literatureak emon dauen idazle garrantzitsuenetakoa da, eta euskal eleberrigintzearen modernizatzailetzat joten dabe askok.
Eleberrigintzeari jagokonez, behin baino gehiagotan irabazi dau Kritikaren Saria, Ene Jesus (1976), Hamaika Pauso (1995), Bihotz bi. Gerrako kronikak (1996) eta Gorde nazazu lurpean (2000) lako lanei esker; azken obra horrek Euskadi Saria be emon eutson 2001ean. Igaz Euskadi Literatur Saria irabazi eban, euskerazko Literatura modalidadean, Martutene lanari esker.
Bestalde, Ramiro Pinillak (Bilbo, 1923) irakurketan topau eban gerraoste gogorrari iges egiteko modua, eta denpora asko igaro orduko bere kontakizunak idazten hasi zan. 1960an, Nadal Saria irabazi eban, eta 1961ean Kritikaren Espainiako Sari Nazionala, Las ciegas hormigas eleberriagaz.
La tierra convulsa, Los cuerpos desnudos eta Las cenizas del hierro sarituek osotutako Verdes valles, colinas rojas trilogiari esker Euskadi Saria irabazi eban 2005ean, eta Kritikaren Espainiako Sari Nazionala urte berean. Igaz Euskadi Literatur Saria irabazi eban, gaztelaniazko Literatura modalidadean, Aquella edad inolvidable lanari esker.
Zazpigarren edizinoa
Eztabaidak Literatureagaz egitaraua 2007ko urtarrilean martxan jarri zanetik, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoa idazle bikoteen arteko alkarrizketen lekuko izan da, besteak beste, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike; Alfonso Sastre eta Carlos Gil; Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika; Juan Manuel De Prada eta Aizpea Goenaga; Juan Bas eta Juan Madrid; Fernando Marias eta Toti Martinez de Lezea; Maria Dueñas eta Lorenzo Silva; Alberto Vazquez-Figueroa eta Almudena Arteaga; Jordi Esteva eta Rosa Regas; edo Juan Jose Millas eta Pedro Ugarte.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena idazleakana hurreratzeko era barria da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proponidutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea izan da, zeharkako ikuspegitik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!