Kanbodia, gerra basatien ondarea (I)

Zigor Aldama 2013-12-27 14:20   Bidaide

Robotak zientzia-fikzinoa dira hemen eta 1992an personen kontrako minak topau eta indarbakotzen hasi ziranetik 500 espezialista baino gehiago hil edo larri zauritu dira. Lan arriskutsua da eta eskura daukaguzan bitartekoak zaharrak eta oso eskasak dira baina bateren batek egin behar ditu lanok dino Khan Sarinek, espezialisten taldeko koordinatzaileak.

Txistu hots indartsu batek baino ez dau giro baketsua urratzen. Eta txistuari jaramon egitea hil ala bizikoa da Kanbodia ipar-ekialdeko Battambang probintziako ohiana miatzen dabilzan dozena bat gizonentzako. Kevlarrezko txalekoagaz eta kasko bereziagaz babestuta dagoz baina leherketaren bat egongo balitz, txiki-txiki egingo litzatekezan CMAC, Leherkailuak Indarbakotzeko Kanbodiako Batailoiko kideak oso astiro mobiduten dira eta begiradea ez dabe metal-detektagailutik aldentzen. Eskola bat eregiko daben lur-eremua miatzen dabilz eta laster atzemongo dabe basa eta lur azpian ezkutautako arriskua.

Segurtasun tartea ahaztu barik, kamera geldoagaz hartutako jantza baten koreografia emoten dau. Txistua entzun eta berehala espezialistea geldi geratzen da, besoa jaso eta atzetik beste bat hurreratzen jako koloreetako makilatxuakaz segurtasun-eremua marketako. Hirugarren espezialista batek artaziak ditu eskuetan. Izerditan dagoz danak beroagaitik eta tensinoagaitik. Inguruko sasitzea garbitu egin behar da eta ezin da makinarik erabili, eskuz egin behar da garbiketea. Robotak zientzia-fikzinoa dira hemen eta 1992an personen kontrako minak topau eta indarbakotzen hasi ziranetik 500 espezialista baino gehiago hil edo larri zauritu dira. Lan arriskutsua da eta eskura daukaguzan bitartekoak zaharrak eta oso eskasak dira baina bateren batek egin behar ditu lanok dino Khan Sarinek, espezialisten taldeko koordinatzaileak. Izan be, herrialdean 4.000 metro koadro inguru 'kutsatuta' dagoz oraindino.

Ia lau hamarkada amaitu zan Vietnameko Gerrea eta 15 bat urte joan dira, barriz, Khmer Gorria errenditu zanetik baina estadubatuarrek jaurti zituen 2,75 miloe leherkailuek eta gerra zibilean jarritako personen kontrako 6 miloe minek ehundaka biktima eragiten ditue oraindino. 2012. urtean, 230 lagun baino gehiagok istripuak izan zituen aitatu leherkailuakaz eta 1999 eta 2005 urteen artean, batez beste izandako 900 ezbeharrakaz konparauta askoz gitxiago diran arren, CMAC, Leherkailuak Indarbakotzeko Kanbodiako Batailoiak aurreikusi dau 2013. urtean apur bat gitxiago baino ez dirala izango.

Biktimen % 65 gizonezkoak dira eta % 23, barriz, mutikoak. Emakume heldu kaltetuak % 7 dira eta neskatoak, ostera, % 5. Datuon arrazoia da ezbehar gehienak gizonezkoak kazan edo egur bila basora doazenean izaten dirala; edota txatarrerako erabilteko leherkailuak indarbakotzen hasten diranean. Gizonezkoen lanak dira adierazo dau Keo Sarath, CMAC Batailoiko zuzendariak. Ondorioak bildurgarriak izaten dira: zaurituen % 21 hil egiten dira eta % 15 ingururi gorputz atalen bat ebagi egin behar izaten deutsie.

Teng Kanha-ren familiak drama gogorra bizi izan dau. Orain zortzi bat urte herrialdearen hegoaldeko Stung Treng probintziako nerabe honen aitak Vietnameko Gerrako 125 milimetroko obus bat eroan eban etxera. Inguruko arrantzaleen ohitureari jarraituz, lehergaia kendu gura izan eutson beharrean erabilteko eta metala, barriz, saltzeko. Kontua da ze behar ez zan lekuan jo ebala mailuagaz eta leherkailuak eztanda egin eban. Atoan hil zan eta inguruan olgetan ebilen Kanhak, barriz, eskumako hankea galdu eban. Ordutik Kanbodian gorputz atalen bat galdu daben 40.000 lagunetako bat da, izan be, Kanbodia da holako ezbeharrakaz zauritu edota hildako lagunen kopuru handiena dauena. Ama zorretan sartu zan Kanbodiako ospitalean anputazinoa pagetako behar izan eban 230 euroko dirutzeagaitik. Gaur egun, 15 urteko nerabea da Kanha eta Kampong Chameko errehabilitazino zentruan, holako kasuetarako protesiak egiteko ardurea dauen Handicap International Gobernuz Kanpoko erakundeak zortzi egin behar izan deutsoz orain arte. Hormigoi hutsezko eraikin horretan, egunero Kanha lako 20 bat lagun artatzen ditue eta tailerretik zortzi protesi barri ateraten ditue. Gaur egun, barriz, proiektuok diruz laguntzen dituen herrialde garatuetan krisi sakonak dagoz eta azken hamarkadetako jarduna eten egin da. Gero eta diru-laguntzino gitxiago jasoten dogu eta segurutik eragin zuzena izango dau horrek aurreratu dau aitatu zentruko zuzendari Sum Sieng-ek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu